Maite Mutuberria: 'Ilustrazinoa komunikazinoa da'

Koldo Isusi Zuazo 2023-02-13 07:55   Barriketan

Ilustratzailea, Itzulia Basque Country 2023 iragarteko kartelaren egilea.

Aurten Maite Mutuberriaren kartelak iragarriko dau Itzulia Basque Country txirrindularitza lasterketea. Aurtengo Itzulia Basque Country 2023 lasterketako kartelaren egilea, Maite Mutuberria, Ikusentzunezko Komunikazinoan lizentziatua da eta Ilustrazinoan goi-mailako teknikaria. Hogeita hamar liburu baino gehiago ilustrau ditu, besteak beste, Barruko hotsak, Joemak eta polasak, Lilo eta XomorropoemakLohia eleberri grafikoaren egilea be bada.

Kirico, Lazarillo, Peru Abarka eta Etxepare sariak jaso ditu eta bere lana 2022ko Katalogo Iberoamerikarrean aukeratu dabe. Igaz Literatur Lanaren Ilustrazinoa Modalidadeko Euskadi Literatura saria irabazi eban Irrimola lanagaitik.

          Kartelaren aurkezpenean, Bingen Zupiria Euskoa Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeroaileak adierazo eban Gerra Zibila baino lehenago goi-mailako euskal artistak arduratzen ziran Itzuliaren kartelak egiteaz eta 2019an ohitura hori berreskuratzea erabagi genduan. Euskal sortzaileei euren lana erakusteko aukera barriak eta ohikoa ez dan publiko zabal batengana heltzeko aukerea eskaintzen deutse ekimen honek

          Bilboko Arte Eder Museoko zuzendari Miguel Zugazak ondokoa adierazo dau: Pozten gara Itzuliaren kartelaren aurkezpen markoa izateaz eta, jakina, bilduman jatorrizko diseinua sartzeaz, aurten Maite Mutuberriaren lan bikaina. Horrek guztiak eragiten dau publikoari adierazpen sortzaileak eskaintzeko pasino hori, arlo artistikoaren ikuspegi zabalagoa emoten dabenak eta euren balioa egunerokotasunagaz lotutako esparruetara zabaltzen dabenak eta, kasu honetan, kirolik herrikoi eta heroikoenetako batera.

          Julian Eraso OCETA alkarte atontzaileko presidenteak esan dauanez, aurten be Itzulia kirol arlotik harago doa eta gai kultural eta artistiko bategaitik albiste da. Urte batzuk daroaguz lankidetza honegaz eta ezin gara gusturago egon. Itzulia ez da txirrindularitza lasterketa bat bakarrik, gure lurraldearen erakusleiho turistiko bat be bada eta holako ekintzei esker, erakusleiho kultural bat be bai.


1.- Zorionak aurtengo Itzulia iragarriko dauen kartela zeurea izango dalako. Errubera bat da eta txirrindulariak barruan sartu dozuz marrazkiari zeozelako mobimentua emonez. Apropos egin dozu joko hori?

Bai, eskerrik asko. Kalean hara eta hona nenbilela burura etorri jatan txirrindularitzea eta erruberea erraz buztartzen dirala eta bueltau, biratu, irauli. Itzuli berbearen adiera nabarienak irudikatzen ditu kartelak. Aldi berean, txirrindulariek lasterketan egiten daben ahalegin itzela islatu nahi izan dot. Sisiforen hatxa bailitzan, txirrindulariek bizikletea tontorrera bultzatzen dabe, barriro be haranera bajatuteko, etenik bako itzulinguruan. 

2.- Koloreak be deigarriak dira, lasterketetan pelotoiaren antzera, liderrak eta kategoria bakotxak bere kolorea izaten dauelako. Dokumentazinoa zeure lanaren parte da. Zelako gaietan zabiz gustorago?

Danetatik ikasten da eta oraingo honetan txirrindularitzearen munduan sartu naz, Itzulia sortu zan sasoiko erretratuak goitik behera aztertu ditut eta literaturan lan egin arren, oso gustora ibili naz.

Koloreei jagokenez, Itzuliak berezko dituan koloreak erabili ditut ohiko berde, gorri eta zuriak biziagotuz, lasterketa egunetan gure inguruetan bizi dan giro alaia iradokitzeko. Kolore horreei begira, maillotaren hori deigarria gehitu deutset. Lana egiteko XX. mende hasieran sartu naz, Itzuliaren sorrerearen garaian. Orduko euskal margolarien lanak arretaz eta plazerrez begiratu ditut, tradizinoa irudikatzeko eben modu, tonu eta forma estilizatuetatik zeozer ikasi guran. 

3.- Atontzaileek baldintzarik jarten deutsue, erabili eizuz ondoko koloreak, testua eta bestelakoak? Badago oinarririk?

Nire lana da hori guztia, tresnak, baliabideak baditut eta horretan ez dira sartzen, zein erabili, noiz eta zer adierazoteko neure erabagiak izaten dira eta orain, berbarako, koloreak izan dira garrantzitsuak txirrindulariak zehazteko, liderra, laguntzaileak eta holakoak zehazteko. 

Ganerakoan, enkargua egiten deutsunak zer gura dauen zabaldu eta zelan, helburuak eta zehasten deutsuz askotan, testua, datak eta enparauak eta horreek derrigorrez sartu behar dira. 


4.- Kontaiguzu zelakoa izaten dan holako kartel bat sortzeko prozesua? Zeri ekiten deutsazu lehenengo?

Lehenengo eta behin koadernoetan marraztu eta marraztu ibilten naz eta hortik zerk urtetan dauen begitu ondoren, aurrera egiten dot beste zehetasun batzuk gehituz. Ideak atara eta baliozkoak dirala pentsetan dodanean, ideak zirriborroetara eroaten ditut, beharrezko aldaketak egin eta holan ibilten naz. Gai zehatza bada, horrezaz irakurtea be gustetan jat buruan ahalik eta informazino gehien eukiteko. Idea horren ganean, konposizinoa zehazten hasten naz eta ordenagailuan be ibilten naz, bidaia izaten da. 

5.- 2019tik Yolanda Mosquerak, Asisko Urmenetak, Miren Asiainek eta Javier de Isusik diseinau ditue Itzuliako kartelak. Ez dira edozein baina zeu be handia zara ilustrazinoaren munduan eta 2022ko Katalogo Iberoamerikarrean aukeratu zaituela nabarmenduko neuke...

Bai. Autorpen handia izan zan Katalogo Iberoamerikarrean hautatua izatea, horri esker munduan ezagutzen zaitue, interes handia sortzen da, Mexikon be erakusketa batean egon nintzan, ateak zabaltzen jatzuz, bidea barrietan satzen zara eta hori beti da pozgarria; gurean be sariak irabazi baditut be, besteak beste, Kirico, Lazarillo eta Peru Abarka, danakaz pozarren nago eta beharrean jarraitzeko indarra emoten deustie.

6.- Ilustratzaile lanetan makinatxu bat liburu ilustrau dozuz eta sariak be irabazi dozuz, besteak beste, igaz Literatur Lanaren Ilustrazinoa Modalidadeko Euskadi Literatura saria. Autortzak ondo egindako lanaren seinale izaten dira baina kargarik, ardurarik, erantzukinik sentiduten dozu?

Badaroadaz urte batzuk eta daborduko holako zamarik eta ez dot sentiduten. Igaz Literatur Lanaren Ilustrazinoa Modalidadeko Euskadi Literatura saria irabazi neban Irrimola lanagaitik eta sekulako poza sentidu neban. 

7.- Itzulia Basque Country lasterketearen kartela sortzeko lehiaketea nork atontzen dau?

Badira bost urte, Euskadi Saria irabazi dauenari enkagua edo egiten jakela Itzuliaren kartela egiteko. Antxina egon tradizinoa da kartela egitearena eta horri eutsi deutse orain. Eusko Jaurlaritzeak atondu eta Bilboko Arte Eder Museoak lagunduta egiten da hau guztia eta, jakina, Julian Eraso OCETA, Euskadiko Txirrindularitza Federazinoaren babesa be ez dot ahaztu gura.

Dakizunez, liburuak ilustratzea da nire ogibidea eta kartelak eta holakoak egitea erronkea da niretzako. [Barreka] Nik esatea, akaso, ez dago ondo baina Itzulia iragarriko dauen kartela gustetan jat, nahikoa trankil ibili naz, muga zorrotzik eta holakorik ez dot izan eta atontzaileak be gustora dagozala esango neuke. 

8.- Muralgintzeak aparteko indarra hartu dau azkenaldion. Gustetan jatzuz holakoak? Idearik edo hartzen dozu muralotatik?

Bai, ederrak dira, handiak eta munduko muralgile onenetakoak be badabiz gurean. Iruñarra naz eta hor be ibili naz, 12 metroko mural bat egin dot eta jenteari gustau jako. Mundu berezia da niretzako baina jentearen parte hartze handiagoa sustatzen da eta aparteko motibazinoa behar da. 

9.- Hogeita hamar liburu baino gehiagotan dagoz zure ilustrazinoak. Bateren bat nabarmentzekotan, zein eta zergaitik?

[Barreka] Bai edo, ez da erraza. Bizkaitar bategaz be ibili naz beharrean, Leire Bilbaogaz oso gustora baina bat nabarmentzekotan, orain bost bat urte neuk idatzitako liburua, Lohia izenekoa, osorik neuk kaleratu neban eta kariño handia deukotsat. Baina lan bakotxak bideak edegiten deutsuz eta hori oso polita da.

10.- Bihar-etzirako erronkarik?

Liburuak sortzen, ilustrazinoak egiten jarraitu gura dot, berba gitxiko liburuak maite dodaz. Ilustrazinoa komunikazinoa da eta Itzuliaren kartelagaz horixe lantzen saiatu naz eta horretan be gustora nabil.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu