XXXII. Bertsoaroa, zezeilaren 9tik martiaren 2ra

Bizkaie! 2023-02-07 08:37   Bertsolaritzea

Sei ikuskizun izango dira, Iruñeko hainbat lekutan.

Momentuan momentuko bertsolaritzearen barri kalidadez eta aniztasunez emotea dau helburu aurtengo Bertsoaroak be. Programazinoaren barruan, hiru bertso jaialdi izango dira, Anonyme Popular izenekoa, Bertso jasa, bat-bateko jolasa umeentzako tailerra eta, lehen aldiz Bertsoaroaren barruan, bertso afari bat, kasu honetan zentzumenakaz lotua. Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa emon gura izan deutse atontzaileek.

Antzerki Eskolan egingo diran hiru emonaldiak bosna euroan izango dira -14 urte artekoen kasuan, doban-, eta hirurentzako bonoa eskuratu ahal izango da 12 euroan (sarrerak salgai antzokiaren webgunean). Bertso jasa tailerrerako izena emon beharko da aurretik eta bertso afari sensorialaren kasuan, Geltokiren webgunean erosi beharko dira sarrerak, 21 euroan. Gazteen bertso saioak sarrera librea izango dau, aforoa bete arte.

Bertsoaroaren 32. aldia, ohikoa dan legez, lehen mailako bertso jaialdi bategaz hasiko da: Ainhoa Larretxea arduratuko da gaiak preparau eta jarteaz; kantari ibiliko dira ibilbide eta herrialde askotako sei bertsolari, tartean, herrialdeetako txapelketetako lau txapeldun. Zezeilaren 9an izango da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00retan. Saioa hasi baino ordu erdi lehenago, 18:30ean, Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketako sari banaketea egingo da.

Zezeilaren 15ean, LABAn, bertsolari gazteen saioa izango da. Urteak badira Bertsoaroak leku egiten deutsela bertsolari gazteei be eta aurten be bertsolaritzearen oraina eta etorkizuna diran horreei plazan trebatzen eta kantetan segiduteko aukerea emongo jake.

Biharamunean, zezeilaren 16an, Anonyme Popular izekoaren txandea izango da: Igor Elortzaren gidaritzapean, ikus-entzunezko bertsoak taularatuko ditue obran; bertso barriak, garaiari eta giroari jarriak. Igor Elortza Aranoaren berbak eta ahotsak, Rafa Rueda Etxeberriaren doinuek eta soinuek eta Kulturaz-eko dapatisten irudiek eta dirudiek osotzen dabe ikuskizuna. Oier Zuñiga ibili da aholkularitza eszenikoan eta Gotzon Garaizabal eta Malen Amenabarrena da irudia. Urtarrilaren 29an estreinau eben lana Azpeitian eta Iruñekoa izango da lehenenegoetako bat. Antzerki Eskolan izango da, 19:00retan.

Txikienek be izango dabe euren lekua Bertsoaroan. Aurreko urteetan bezela, Bertso jasa, bat-bateko jolasa tailerra eskainiko da, zezeilaren 18an, zapatuan, Arrosadiako Civivoxean: Ume eta gaztetxoentzako bertso-saioak dira. Umeek olgeta edo jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proponiduten joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osotuko dabe bertsolari gonbidatu biek. 8 eta 12 urte arteko umeei eskaini jake tailerra eta izen-emotea ezinbestekoa da, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita edo 948143747 telefonora deituta, zezeilaren 16a baino lehen.

Zezeilaren 23an, bigarren bertso jaialdi bat izango da, Antzerki Eskolan. Oholtzan izango dira puntako bertsolariak, ibilbide luzeagokoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak. Danen artean, egungo bertsolaritzearen barri eskainiko dane; 19:00retan hasiko da jaialdia.

Modu berezian amaituko da aurtengo Bertsoaroa, izan be, lehen aldiz, bertso afari bat izango da egitarauaren barruan baina ez da bertso afari arrunta izango: Zentzumenak olgetan jarriko ditue bertsolariek, afalaurretik zein ostean. Geltokin egingo da eta lekua izango dabe produkzino ekologikoan dabizan hurreko hainbat produktorek be. Geltokiko webgunean bertan erosi daitekez sarrerak 21 euroan eta bertan kontsultau daiteke menua be.

Leire Urbeltz

Leire Urbeltz Munuce ilustratzaile iruindarrak egin dau aurtengo Bertsoaroaren irudia eta Elizondoko Malmö estudioaren laguntzea izan dau diseinu grafikoan. Holan azaldu dau Urbeltzek irudiaren jatorrizko idea: 2023ko Bertsoaroaren irudian, zehar-mintzo eta ibilbide landuen bidez, bertsoak botateko neurriz gaineko diskurso-gailu sofistikatua aurkezten dogu. Bitxikeri honek normalean kate-erreakzino bat sortzen dau, metrikea, errima eta patroiakaz jolastuz esangura sakona dauen bat-bateko hartu-emonak eragiten baititu".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu