Erakundeak eta plataformek ez dabe beteten ikus-entzunezkoen lege orokorra

Bizkaie! 2023-02-03 12:23   Euskerea berbagai

Plataforma batzuk hasi dira euskerara bikoiztutako eta azpidatzitako eduki kopurua handitzen euren katalogoetan.

Idurre Eskisabel (Kontseilua) eta Alex Aginagalde (Pantailak Euskaraz). | Ikusi handiago | Argazki originala

Estaduko hizkuntza gitxituetako komunidadeek egindako eskaera gehienak aintzat hartu ez zituan arren, hizkuntza mobimentuek eta hainbat alderdik egindako lanari esker, Lege honek hizkuntza gitxituen aurreko betebehar txiki batzuk ezarri eutsezan telebista publikoei, pribatuei, zein eskaera bidezko telebistei (streaming plataformei). Halan da be, orduan salatu genduan ikusentzunezkoetan hizkuntza-bardintasuna bermatzeko aukera historiko bat galdu zala eta legeak ezarritakoak ez beteteko zirrikitu ugari zabalik itxi zirala. Hain zuzen be, Legea indarrean sartu zanetik 6 hilebete joan dira eta hizkuntza gitxituakazko hainbat xedapenek bete barik jarraitzen dabe eta Euskal Herriko legeari emendakinak aurkeztu geuntsezan hizkuntza eta hedabideakaz lotutako eragileok (Pantailak Euskaraz, Hekimen eta Euskalgintzearen Kontseiluak) hau salatu nahi dogu.

Legeak hainbat betebehar ezartzen ditu telebistek eta plataformek bete beharreko hizkuntza koofizialetako kuotei eta hizkuntza gitxituetako edukietara bideratu beharreko diru-sarreren portzentajeei jagokenez eta horreek beteteko 2023ko urteko epea ixten deutse. Plataforma batzuk hasi dira euskerara bikoiztutako eta azpidatzitako eduki kopurua handitzen euren katalogoetan. Baina plataformak eta erakundeak ez dabiz indarrean dagozan hainbat artikulu beteten:

* Legearen 5. Xedapen gehigarriko 1. atala:

RTVEk umeei zuzenduriko kateetan eta katalogoetan edukiak autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara, hau da, euskera, galego, eta katalanera, bikoiztuta eskainiko dituela bermatuko dau, 12 urte arteko ikusleentzat diran edukietan gehienbat. Era berean, publiko orokorrari zuzendutako edukiak hizkuntza ofizialetara bikoiztu eta azpidatzita eskainiko ditu.

* Legearen 5. Xedapeneko 3. atala:

Eskari bidezko telebistako ikus-entzunezko komunikazino-zerbitzuen hornitzaileek (streaming plataformek), autonomia erkidegoetako hizkuntza ofizialetara bikoiztuta edo azpidatzita dagozan hizkuntza bersinoak txertatu beharko ditue euren katalogoetako edukietan (erakunde eskudunek euren eskura doban jarten dituenean), bikoizketa/azpidazketa hori diru publikoz egin danean, hizkuntza bersino hori telebista publikoen jaubetzakoa danean, edo bikoizketa/azpidazketa horrek erakunde eskudunak ziurtatutako kalidade mailea dauenean.

* Legearen 5. Xedapen gehigarriko 4. atala:

Eskari bidezko telebistako ikus-entzunezko komunikazino-zerbitzuen hornitzaileek (plataformek), autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialetan produzidutakoo, bikoiztutako edo azpititulautako ikus-entzunezko edukiak nabarmendu beharko ditue, bilaketa edo sustapen-sistemen eta hareetara sartzeko erraztasunen bidez, horretarako bazkideen geolokalizazino sistemea erabiliz.

Aitatu xedapen horreez gan, ez telebista lineal publikoak, ezta eskari bidezkoak be, ez ditue ezintasunak dituen personen ikus-entzunezkoetarako irisgarritasuna euren hizkuntza ofizialean bermatzeko artikuluak beteten. Gainera, 6 hileotan kezka handiagotu deuskun ikerketa baten barri izan dogu. UEMAk bere udalerrietako umeen ikus-entzunezkoen konsumo ohiturak aztertu ditu eta ondorioetako bat da Clan TV dala lehen hezkuntzako umeek gehien ikusten daben katea. Espainiako Gobernuari eta RTVEri jagoke legean jasotako gitxieneko neurri horreek be errespetetea, baina holakorik ez da beteten.

Bestalde, streaming plataformak bideragarritasun teknikoaren atxakiari eutsiz ez dabe bikoiztutako bersinorik eskaintzen. Euskal Herriaren kasuan, aurreko guztia betetea eta gainbegiratzea ikus-entzunezkoetan eskumenak dituen euskal erakundeei jagoke, baita moldaketa tekniko horreek erraztea be.
Beraz, Espainiar Gobernuari eta RTVEri, Eusko Jaurlaritzeari eta EiTBri, bai eta streaming plataformei be eskatzen deutsegu legea beteteko urratsak emon deiezala, holan ikusentzunezkoetan euskereak dauen presentzia biderkatzeko.

Era berean, euskerearen presentzia ikus-entzunezkoetan handitzea posible egiteko euskerearen normalkuntzan estrategikoa dan eremu honetan gure hizkuntzearen ikusgarritasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, beharrezkoa ikusten dogu Eusko Jaurlaritzeak EiTB bitartez sortuko dauen eskaera bidezko PRIMERAN plataforma barrian euskerea izatea lehenetsitako hizkuntzea eta euskerazko kalidadeko edukiak eskaintzea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu