Arantza Santestebanen '918 gau' filma Bilbon

Bizkaie! 2023-02-03 10:19   Zinemea

Zezeilaren 7an izango da proiekzinoa.

Arantza Santestebanen 918 gau filma Bilbon filma pantaila handian ikusi daiteke barriro zezeilaren 7an, Bilbon, Golem Alondigan, 20:30ean; filma ikusi ostean, zuzendariak eta Aitor Gametxo zinemagileak aurkezpena eta barriketaldia egingo dabe.

Proiekzino honen hurrengo egunean, hilaren 8an, eguaztenean, Arantza Santestebanek Azkuna Zentroan, El ensayo de la exposición (1977-2017) Komisariotzearen Nazinoarteko Sinposioan parte hartuko dau. Bulegoa z/b-gaz batera atonduta azalpen-formearen hainbat alderditara hurreratzeko jardunaldia izango da. Bertan, Santestebanek bere filmaren sortze prozesuaz berba egingo dau eta kartela Mckenzie Wark, Sagal Farah, Frédérique Bergholtz, Azar Mahmoudian, Graeme Thomson eta Silvia Maglionigaz konpartiduko dau.

918 gau Malagan be ikusi ahal izango da, datorren domekan, zezeilaren 19an, 12:00etan, Albeniz Zineman, Malagako Zinegileen Aretoak atondutako ekitaldian; eta Iruñean, martiaren 9an, Golem Yamaguchin. Saio bietan Arantza Santesteban izango da.

Zinema-aretoetan jarraituko dau irailaren 31n estreinautako pelikuleak, Donostiako Nazinoarteko Zinemaldiaren 70. edizinoan parte hartu ondoren. Punto de Vista - Zinema Dokumentalaren Nafarroako Nazinoarteko Jaialdiaren 16. edizinoan Publikoaren Sari Berezia eta Epaimahaiaren Aitamen Berezia jaso ditu; DocLisboako Nazinoarteko Saileko Film Onena; Torino Film Festivaleko Nazinoarteko Dokumental Onena; eta Pontevedrako Novos Cinemas Nazinoarteko Jaialdiko Latexos saria.

Arantza Santesteban

Euskal Herriko Unibersidadean Historian lizentziaduna, Bartzelonako Francesca Bonnemaison zentroan Sortze Dokumentaleko diplomaturea eta Carmen Ávalos, Víctor Erice eta Patricio Guzmanegaz ikastaroak eginez osotu dau bere prestakuntza. 2017an, Arte Garaikideko Huarte Zentroak hautatu eban, egoitza/ikerketa kuratoriala jorratzeko. 2018an, “Irudiak bidez: gatazketako irudiei buruzko hausnarketak” Nazinoarteko Mintegian komisariotzea ikasi eban. 2019tik, doktoregoa prestatzen dabil Lisboako Arte Eder Unibersidadean Susana De Sousa Dias eta Ana Longonigaz, zinemagintzearen irudikapenari, feminismoari eta euskal gatazka politikoari buruzko ikerketa bategaz. Iruñeko Uriartea Kultura Garaikidearen Zentroko koordinatzaile lanak egiten ditu eta Arte Garaikidearen Uharteko Zentroko (Huarte, Nafarroa) Arte Praktiken eta Kultura Ikasketen Masterreko koordinatzaile be ibilten da. Honako pieza honeek be egin ditu: Liluraren Kontra (2021), Euritan (2017); Passatgeres (2012) eta Gorputz grafiak (2015).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu