'Musikaste 1973-2002 – Euskal musikaren 50 urte' liburua aurkeztu dabe gaur
2023-02-02 13:49 MusikeaMusikasteren urrezko ezteien amaierea ospatzeko liburua da.
Eresbil-Euskal Musikearen Artxiboak, euskal musikagileen lana ardatz dauen Musikaste Errenteriako jaialdiaren 50 urteko edukiak eta zifrak batzen dituan liburua da. Asko dira Musikasteren urrezko ezteien amaierea ospatzeko liburu honetara batutako ideia, gomuta eta bizipenak. Argitalpen honen bitartez, urte honeetan guztietan bidelagun izan diran personei eta erakundeei merezidutako autortzea egin gura jake.
Eresbil – Musikearen Euskal Artxiboko zuzendari ohiak (Jon Bagues) eta egungo zuzendariak (Pello Leiñena) alkarregaz idatzitako liburu honetan, jaialdiaren 50 edizinoetan egindako jarduera bizia barrikusi gura izan dabe.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak Musikaste 1973-2002 – Euskal musikaren 50 urte liburuaren aurkezpenean parte hartu dau. Berbaurrea idatzi dau Zupiriak eta, besteak beste, ondokoak adierazo ditu: Lehen urratsa Musikaste izan zan, euskal konpositoreen musikea ezagutarazoteko jaialdia. Herritarren belarrietara heltzeko ahalegina egin zan lehenik, musikearen esperientzia bizia sustatzea, musikeak belarriak behar baititu, biziko bada. Euskal konpositoreen obrak programau ahal izateko, batu egin behar askotan sakabanatuak eta erdi galduak egozan partiturak. Behar horrek sortu eban Eresbil, Euskal ERESlarien BILdumea. Herritarrei musikearen esperientzia bizia eskaini nahiak ekarri eban gordailuaren beharra. Ikasgai ederra da ondarea memoria bizia dala aldarrikatzen dogun guztiontzat, kulturea transmisinoaren erabateko garrantzia sinisten dogunontzat. Bizitzatik abiatu memoria berreskuratzeko. Horren guztiaren sorburu izan zan José Luis Ansorenari esker onez dagoz lerrook idatziak. Ansorenaren Euskal Herriagazko eta musikeagazko maitasunak, maitasun hori konpartiduteko pasinoak, helburu hori lortzeko zorroztasun intelektualak sortu zituen Musikaste, lehenengo eta Eresbil, gero. Ansorenak oinarri sendoak jarri zituala argi dago, 50 urte bete barri baititu harek landatutako zugatxak. 50 urte honeetan, bildumea artxibo bihurtu da, bereganatu egin ditu mende erdian ondarearen kontzeptuak eta artxiboaren logikak izan dituen barrikuntzak, musikearen balio kate osoaren memoriaz arduratu da, partiturak, grabazinoak, iragarkiak, programak, gutunak, agiriak batzen ditu, euskal musikagileen estimua eta hareen oinordekoen konfidantzea irabazi ditu, musikarako dokumentazino gune nagusia bilakatu da Euskal Herrian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!