Gema Lopez Las Heras: 'Ernauxek ez dau alperreko berbarik erabilten, idazkera zuzena dauka, gordina'

Koldo Isusi Zuazo 2023-02-06 07:55   Barriketan

Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketea irabazi eta Gema Lopez Las Herasek itzuliko dau Ernaux-en La femme gelée. Urtebeteko epean, aurtengo Durango Azokarako aurkeztea da asmoa.

AED-Arrasate Euskaldun Dezagun alkarteak eta Elkar argitaletxeak urtero egiten dabe Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketako deia, aurreko urteko Literaturako Nobel Sariaren irabazlearen testu bat euskeratzeko.

1.- Zorionak Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketea irabazi dozulako. Baina urtebeteko lana dakar sariak, Ernaux-en La femme gelée; itzultzea, hain zuzen be. Jatorrizkoa frantsesa da eta epaimahaiari gustau jako, antza, laginaren itzulpena... Itzultzailea zara ogibidez baina zenbat hizkuntzatan zabiz eroso?

Eskerrik asko! Eroso, eroso... Erabat eroso, euskeraz bakarrik, esango neuke. Ingelesa, frantsesa eta alemana karreran ikasi nituan eta bai Montrealen [Kanada] eta bai Alemanian be, bietan urtebeteko egonaldia egindakoa naz, frantsesa eta alemana ikasteko, baina joan dira urte batzuk ordutik eta gaur egun hizkuntza horreek ez daukadaz sasoi batean bezain fresko.

Dana dala, egia da pentsetan dala itzultzaile izateko ezinbestean behar dituzula jakin ez dakit zenbat hizkuntza eta ondo jakin gainera. Eta bai, inportantea da lanerako erabiliko dituzun hizkuntzak jakitea, baina esango neuke inportanteena dala norbere hizkuntzea ondo menperatzea, zuk idatziko dozun hizkuntza hori ondo kontroletea. Ze, azkenean, jatorrizkoan zeozer ulertzeko lanak badituzu, baliabide asko daukazuz eskura duda horreek argitzen laguntzeko. Baina zeure hizkuntzea behar bezela ez badakizu... nekez sortuko dozu testu txukunik.

2.- Igaz Nobel Saria irabazitako baten lana itzultzeak bildurra, errespetua eragin deutsu?

Bai, jakina, ez da edozelako lana. Holako lanek beti emoten deutsue bertigoa hasieran, erantzukizun handia dalako, lan handia, eta ez dakizu oso ondo zelan moldatuko zaren, zelan aurre egingo deutsazun, ze tankera hartuko deutsazun, gerora jenteari gustauko ete jakon... Izan be, ez da lan bat zeuretzat bakarrik geratuko dana, baizik eta plazaratu egingo dana, jenteak esku artean eukiko dauena. Eta Annie Ernaux oso ezaguna da, jente askori gustetan jako eta jente askori asko gustetan jako, gainera. Beraz jakitea posible dala liburua esku eta begi askotatik pasetea, horrek emoten dau errespetua, bai.

3.- Nora Arbelbide, Aiora Jaka eta Joseba Urteaga izan dira hautagaien lanak balorau dituenak. Oso oker ez bagagoz kazetaria eta idazlea Arbelbide eta itzultzaileak beste biak. Zelan sentiduten zara horreek izatea zure lana balorau dabenak?

Asko poztu nau jakiteak hiru horreen gustukoa izan dala nik aurkeztutako lana. Aiora Jakak, esaterako, liburu mordoxka dauka itzulita eta sari bat edo beste be irabazi dau, oso itzultzaile ona da. Eta Joseba Urteagak badaki zer dan Ernaux itzultzea: Ernauxen euskerazko bost liburuetatik hiru harek itzulitakoak dira eta, nire ustez, oso-oso itzulpen onak dira Urteagarenak. Satisfazinoa emoten dau jente horren oneretxia izan dozula jakiteak.

4.- Annie Ernaux-en libururik irakurri izan dozu? Testuaren itzulpena egiteko momentuan zerk eragingo deutsu burukomin gehien?

Bai, batzuk badaukadaz irakurrita eta beste hainbeste daukadaz orain irakurteko. Ni, halan da be, berandu xamar ailegau naiz Ernauxengana: ezagutzen neban lehendik, baina igazko udara arte ez neukan haren libururik irakurrita. Igaz, Nobelea Ernauxi emon aurretik, hari buruzko eretxi oso onak hasi nintzan ikusten han eta hemen eta haren literaturan sartzea pentsau neban; ba, kasualidadez, itzuli behar dodan liburu hauxe bera izan zan aukeratu neban lehenengoa, La femme gelée. Gustau jatan eta beste lan batzuk irakurri neutsozan gero; ti-ta irakurtekoak dira haren liburu gehienak. Eta primeran dagoz euskeratuta, hori be nabarmentzekoa da.

Itzulpen literarioetan klabea izaten da idazle jakin horren tonua eta estiloa harrapatzea edo liburu jakin horrena eta tonu hori zeure hizkuntzan, zeure hizkuntzearen baliabideen bitartez emoten jakitea, sinisgarritasun berbera lortzea. Eta Ernauxek oso estilo konkretua dauka, oso markautakoa eta, horrezaz gan, bera normandiarra danez izatez, patois berbakerako elementu asko sartzen ditu, elementu dialektalak. Haren jatorrizko tonuari eusteak eta euskeraz formea emoteak eragingo deust nahiko burukomin, nik uste.

5.- Annie Ernaux-en idazkereari jagokonez, zer nabarmenduko zeunke?

Ernauxek ez dau alperreko berbarik erabilten: Oso idazkera zuzena dauka, gordina, gauzak kontetan ditualako apaindura barik, haren garraztasunean eta ez da itzulinguruka ibilten esan behar dauen hori esateko. Badirudi pentsamenduak burura etorri ahala islatzen ditula papelean, diran-diranean; oso estilo informala da, kalekoa. Azken batean, gauza arruntei buruz berba egiten dau, eguneroko gauzei buruz eta ildo horretatik doa haren prosea be, asmo handi barik.

6.- Zein da gai nagusia La femme gelée liburuan?

Liburuko protagonistea 30 urteko emakume bat da: Irakaslea da, ezkonduta dago eta seme-alaba bi ditu eta itxura batera emoten dau ondo bizi dala, baina konturatzen da zelan apurka-apurka albo batera itxi behar dituan bere amesak eta bere karrerea, zelan abandonau behar dituan bere gustuko gauzak, gizarteak ezarri deutson patua beteteko, hau da, emazte, ama eta etxekoandre izateko, horretarako baino ez. Hortik dator izenburua, izoztuta balego legez sentiduten dalako protagonistea, etxeko lau pareten artetik urten ezinik. Gai asko jorratzen ditu egileak: Norbere identidadearen galerea, frustrazinoa, gizarte patriarkalaren arauei men egin beharra, emakumearen sumisinoa...

Ernauxek literatura autobiografikoa egiten dau, liburuz liburu bere bizitza edo bizitzearen parte batzuk kontetan baititu eta La femme gelée be, azken batean, Ernauxen beraren bizitzearen kontakizuna da. Holan, bere memorien, bere gomuten eta bere iraganaren edo joanaren bitartez, bere bizitza personalean oinarrituta, esan daiteke gizartea erretratetan dauela.

7.- Jokin Zaitegi poesian, Zarauzko V. Olerti Eguneko irabazlea izan zan 1934an, Tori nire edontzia olerkiari esker; liburu bi be argitaratu zituan, Goldaketan eta Berriz ere goldaketan. Eta itzultzaile be ibili zan eta, besteak beste, Sofokles eta Platon ekarri zituan euskerara eta ezin ahaztu Zaitegiren ekarpena Euzko-Gogoan, euskerazko lehenengo kultur aldizkarian... Holako
ereduak beharko geunkez...

Bai, duda barik, ekarpen handia egin deutso Zaitegik euskereari. Hari esker, ondare handia daukagu euskeraz. Aitzindarietako bat izan zan idatzizko euskereari balioa emoten eta euskerazko itzulpengintzea bultzatzen, ikusten ebalako baegoala beharra orduko mundu zabal ha euskeredaren mundutxora ekarteko.

Jokin Zaitegi sariketeak be, bere izenari ohore eginez, euskereari ekarpen handia egiten deutso gaur egun, euskal irakurleoi eskura jarten deuskuzalako literatura unibersaleko izen handietako batzuk. Hori eskertzekoa eta txalotzekoa da.

8.- Edna O’Brienen Landa aldeko neskak itzuli zenduan igaz. Literatura itzulpenetan zelan ikusten dozu zeure burua? Holako lanetan jarraitzeko gogorik?

Bai, hori da, justu orain dala urtebete publikau eben Landa aldeko neskak, Edna O’Brienen Country Girls trilogiako lehenengo liburua. Hori izan da orain arteko nire lehenengo itzulpen literarioa eta oso esperientzia ona izan zan, oso aberasgarria: asko ikasi neban. Hori bai, aurretik holako beste lanik egin barik nengoanez,
hasieran kostau jatan itzulpenari neurria hartzea eta nahiko kostata ibili nintzan, erreparo handiagaz eta zalantza askogaz. Azkenerako, barriz, gustura ibili nintzan eta emoitzeagaz be pozik gelditu nintzan. Lan horrek konfidantzea eta segurtasuna emon deust holako lanakaz segiduteko.

Halan da be, O’Brienen literaturea eta Ernauxena oso desbardinak dira, ez dabe zerikusi handirik. Azkenean, idazle bakotxa mundu bat da, liburu bakotxa be bai eta lan guztietan topau zeinkez zailtasun jakin batzuk, nahiz eta aurrez liburu mordo bat itzulita euki eta oso trebatuta egon.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu