Euskal artista biren esku-hartzeak Senegalen
2023-02-01 13:27 KultureaShare Concept proiektuan parte hartu dabe Juan Aizpitartek eta Ixone Ormaetxek.
Pandemia dala eta, hiru urtez atzeratu dabe Share Concept nazinoarteko egitasmoa, baina, gero be, martxan jarri dabe, euskal artista bi tartean dirala. Share Concept sarearen helburua da esku-hartze artistikoak egitea Afrikako hainbat herrialdetan, hango komunidadeentzako baliozkoak eta sortzaileentzat esperientzia diferentea izateko asmoz.
Proiektuaren lehenengo egonaldian parte hartu daben artista biak Juan Aizpitarte eta Ixone Ormaetxe dira, Etxepare Euskal Institutuak Esloveniako Zavod Exodos erakundeagaz sinatu dauen hitzarmenari esker. Urtarrilean egon dira sortzaile biak Senegalen, baina esku-hartze artistiko diferenteetan.
Gorago esandako moduan, proiektuok 2020an egitekoak ziran, baina orain arte ezin izan dira Senegalera joan. Ormaetxek tailer bat gidatu dau Le Centre de Formation Professionelle de Ouakam-en, sormena sustatu, ehungintzako teknika eta diseinu tradizionalak erakutsi, diseinu eta lan-metodo barriak ikasi eta produktua aurkezteko asmoz.
Many Melo izeneko esku-hartzean, ehungintzea, estanpazinoa, jantzigintzea eta upcycling teknikak landu ditu, eta bertako artisauen tindatzeko tekniken inguruan esperimentau. Amaieran desfilea egon zan.
Identidadearen zentzunaren inguruan hausnartzea erropearen bidez, hori egin dau Ormaetxek. Emoitza oso positiboa izan da, performanceren bat sortu dogu, esperimentazinora eta modearen ikuspegi artistikoago batera helduz. Proiektua ez dala amaitu eta Senegalera bueltauko dala aurreratu dau artisteak.
Juan Azpitartek, bestetik, Art and tourism observatory proiektuan lan egin dau. Hango eragileakaz batera, turismoak Senegalen dituan eraginak ikertu ditu, eta jasotako alkarrizketakaz dokumentala sortu dau, Toubisme izenekoa. Komunidade osoari ahotsa emoteko modua izan da.
Horrezaz gan, performance bat be egin dabe Azpitartek eta bertako koreografo batek, eta Cristóbal Colónegaz lotutako iruditerian sakondu dau, gorputzaren mobimentuaren bidez. Proiektuaren hurrengo atala abuztuan izango da, hain zuzen be, tailer bat Arte Ederretako ikasleakaz, turismoaren sektorearen etorkizuna barriro pentsetako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!