VIII. Koldo Mitxelena Saria, euskerazko tesirik onenentzat

Bizkaie! 2023-02-01 13:19   Euskerea berbagai

Beñat Garaio, Eneko Iradier, Iñigo Arrazola, Maitane Basasoro eta Manu Araolaza dira irabazleak.

Sarituak, EHUko ordezkariak eta euskaltzainak, Bilbon (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

2020tik 2022ra bitartean, EHUn 86 tesi aurkeztu ziran euskeraz, eta 44k hartu dabe parte VIII. Koldo Mitxelena Sariaren deialdian. Unibersidade publikoak eta Euskaltzaindiak antolatzen dabe lehiaketea eta bost irabazleen barri emon dabe: Beñat Garaio, Eneko Iradier, Iñigo Arrazola, Maitane Basasoro eta Manu Araolaza dira irabazleak.

Sariak emoteko ekitaldian, EHUren izenean, Eva Ferreira errektorea eta Euskerearen Aholkularitza eta Testugintza ataletako zuzendari Jesus Mari Makazaga egon dira; Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Adolfo Arejita idazkariak hartu dabe parte.

Euskerazko ikerketea bultzatzeko helburua dau sariketeak, jakintza-arlo guztietan. Horregaitik, bost ataletan banatu ditue aurkeztutako tesiak, eta bakotxean irabazle bat egon da:

- Zientziak: Iñigo Arrazola Maiztegui (Argi-Materia Elkarrekintzen Diseinua Teknologia Kuantikoetarako).

- Injinerutzea eta arkitekturea: Eneko Iradier Gil (Potentzia Domeinuko NOMA 5G Sareetarako eta
Haratago).

- Osasun Zientziak: Manu Araolaza Lasa (Morfinak DNA-ren metilazioan duen eragin epigenetikoaren azterketa, bigarren belaunaldiko sekuentziazio teknikak erabiliz).

- Gizarte eta Lege Zientziak: Maitane Basasoro Ziganda (Ikasleen parte-hartzea eskola demokratikoak eraikitzeko giltzarri. Irakasleen begirada berritu batetik abiatutako Antzuola Herri Eskolako hezkuntza proiektua).

- Arteak eta Giza Zientziak: Beñat Garaio Mendizabal (Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai: D ereduko Gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen).

Irabazle bakotxari diplomea eta 2.000 euro gordin jagokoz.

Mitxelena Sariak orain dala 16 urte emon zituen lehenengoz, euskerazko doktore-tesiak sustatzeko helburuz. Era horretara, euskerazko zientzia bultzatzeaz gan, ikertzaile gazteen lana autortzen dabe eta prestigioa emoten deutse euskereari, maila goreneko errekonozimenduaren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu