Araba eta Debagoiena artean, Murugain mendian paisaje liluragarriak

Amaia Larruzea 2023-02-01 09:51   Ibilian-ibilian

Bederatzi eleizate ditu Aramaiok eta horreetako bat dogu Untzilla.

Urtarrilaren 30a, astelehena. Astearen hasierak ez dira inoiz be ames beteak izaten, dana dala, zer deritzozue, astean egun batez bada be, bazkalordua luzatu eta orduak lehenago eta beranduago eginda, eguerdian tartetxu bat hartzen baldin badogu? Astelehena osasuntsu eta gogotsu hasteko atxakia ederra bai, behintzat. Atxakia, eperdia aulkitik eta ordenagailu aurretik altzau eta tarte batez bada be, goazen, euria iragarrita ez dagoan egun honetaz gozetera. Hotza bai, baina euririk ez, gaur; trukean, elurra eta lokatz-festa itzela!

Untzilla auzora igongo dogu eta, horretarako, hainbat bide doguz. Nik Aretxabaletatik egin neban gora, eta Eskoriatzatik pasauta, Araban sartu, hain zuzen be, Zuiako kuadrillan, Untzilla auzoa Aramaio herri txiki eta ederraren parte da eta. Arrasatetik oso hur  dago Aramaio edo Aramaixo. Debagoiena eskualdeagaz hartu-emon handia dau, eta seguruenik, Arabako udalerririk euskaldunenetako bat da. Mendian dago kokatuta, mendi barrenean, alegia. Anboto eta Udalatx mendiak ditu jagole eta Urkiolako Parke Naturaleko Orixol eta Tellamendi be bai.

Bederatzi eleizatez osotuta dago Aramaio eta horreetako bat dogu Untzilla. Goazen, bada, bertara! 79 biztanle zituan 2007an, eta egia esanda, txikia izan arren, badirudi giroa egon badagoala. Arrasaten antolatu ohi dan Aiba! mendi martxan pasau nintzan bertatik, eta geroztik, ezaguna dot. Aldez aurretik, ez nintzan inoiz bertan egon eta ezuste ederra izan da inguru hau ezagutzea. Aurrez aurre Kurtzebarri mendia dau, alboan Orixol eta atzean Murugain. Bertara goaz, oraingoan.

Martxan egindako bide bera jarraitu neban, baina, gerora, zirkular bat bilatu wikiloc-en eta horixe jarraitu neban. Guztira, 8 km Untzillara autoz  heldu, Murugainera igon eta zirkularra eginda jaisteko. Azken hau wikiloc-ez egitea hobe da, halan be, GR-ko markak danean dagoz, baserri artean sigi-saga doazalako azken kilometroak. Lokatz arteko tartetxu bat be badago, baso lanetan dabizalako inguruan. Zoragarria da ingurua, edozein aldetara begiratuta be, errepideak albo batera itxita, beste guztia mendi inguru eta auzoak dira goi-goian, hotzetik hurrago baina kaleko eta errepideko soinuetatik haratago. Baserriak eta etxeak, naturan txertaturik, eta Arrasateren panoramika bikaina.

Kondairetan entzun eta irakurri ohi izan dogunez, Mondragon herriari izena eman eutsan dragoia, dragoiaren mendia, Murugain, Muru mendian bizi izan zan, zein eta euskal mitologiako Herensuge ezaguna. Batzuek dinoenez, zazpi buru zituan, eta beste batzuek bakarra eukala dinoe. Bata edo bestea, horra hor kondairea, eta horra hor mendi honen berezitasunetako bat. Untzillatik, Arrasatetik, Gello edo Galartza auzoetatik zein Gesalibarretik, hainbat aukera eta paisajez gozauko dogu han.

Gurutzerik ez ba litz
euskal galurétan
a zer bizi-eziña
gaurko egunetan.
Agur, gurutze santu
Muru gaiñ onetan

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu