Arkitekturearen arloko terminoen hiztegi zabal eta adostua plazaratu dabe (euskera-gaztelania)

Bizkaie! 2023-02-01 08:07   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritza eta UZEIren arteko ekimenez dator.

Arkitekturearen arloko euskerazko komunikazinoa bultzatzeko oinarrizko baliabidea da, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzearen eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren ekimenez sortua.

Erreferentziazko lineako tresna bat da, ia 5.100 termino dituan hiztegi elebidun adostu, zabal eta eguneratua, hurrengo faseetan zabalduko dana.

Euskeraz jardun nahi daben arkitekturako profesionalek azken urteotan adierazotako premineari erantzutea dau helburu, izan be, hutsune, zailtasun eta segurtasun-falta terminologikoei aurre egin behar izaten deutse etenin barik.

Gaur egun arkitekturearen arloko euskerazko terminologia-baliabideak dagozan arren, kontzeptu berak hainbat ordain izan leikez konsultautako iturriaren arabera. Egoera horren eraginez, euskeraz jardun nahi daben arkitekturearen arloko profesionalek eten barik egin behar izaten deutse aurre hutsune, zailtasun eta segurtasun-falta terminologikoei. Premina horri erantzuteko eta euskerea arlo profesionaletan erabiltea sustatzeko, Arkitektura Hiztegia (euskera-gaztelania) argitaratu da, gaiari buruzko lehen baliabide eguneratu, zabal eta adostua.

Linean erabilgarri dagoan tresnea da, arkitekturearen arlo profesionalean euskerearen erabilereak behera egitea ebitetea helburu dauena; horretarako, zehaztasun terminologiko handiagoa eskaintzen dau, ezinbestekoa baita eduki espezializatuak komuniketako. Hiztegi elebiduna –alkargo profesionalen webguneetan eta Euskaltermen konsultau ahal izango da.

Gainera, gure lurraldeko arkitekturearen munduko eragile garrantzitsuenen arteko adostasunetik eta sinergiatik sortu da, besteak beste, Euskal Herriko Arkitektoen Alkargo Ofiziala, Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen alkargo ofizialak eta Euskal Herriko Unibersidadeko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren Arkitektura Saila.

Hiztegi honetako euskerazko baliokideek UZEIren bermea dabe eta Euskaltzaindiak lexiko orokorraren arloan ezarritako arauak beteten ditue, baita estandarizetako lanean be. Ibilbide horren hasieran sortu eban UZEIk Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikoa. Ea berean, lankidetza estua dau UZEIk Euskaltzaindiagaz eta haren Erakunde Atxikia da 2019tik.

Baliabide terminologiko barriaren edukia

Uriola-arriskuak kudeatzeko plan, naturaguneen alkarregazko loturea, uri adimendun, azpi-junturako armadurea, presentzia detektetako sistemea, ehun bikeztatu, atorra berreskuragarri... Hiztegiak, gaur egun, euskerazko eta gaztelaniazko ia 5.100 kontzeptu ditu, honako eremu honeetan sailkatuta: Lurralde-antolamendua (fitxa terminologikoen % 8), urigintzea (% 18) eta eraikuntzea (% 74).

Eraikuntzearen arloan, materialei eta eraikingintzeari jagokezan azpieremuak landu dira, eta azken horren barruan elementu eta sistemei, instalazioei, prozedurei eta tresnei buruzko terminologia jorratu da. 2023an baliabide horri beste azpieremu batzuei jagokezan terminoak gehituko jakozala aurreikusi da, besteak beste, patologia, jasangarritasuna eta birgaitzeari jagokozanak.

Eraikingintzeari buruzko fitxa terminologikoen zati batek (1.350 fitxa inguruk) euskerazko definizinoa be badabe gaur egun eta hurrengo faseetan berrekingo jako azpieremu honetako fitxei definizinoak gehitzeko lanari.

Dagoeneko eskuragarri dagoan edukiaren eta aurreikusten diran aldizkako eguneratzeen bitartez lortu nahi da hiztegiak arkitektureari buruzko eduki espezializatuen euskerazko komunikazinoa sustatzea, bai esparru horretako profesionalen kasuan, baita arkitekturako eta lotutako diziplinetako goi-mailako eskoletako irakasleen kasuan be.

Euskadiko Arkitektura Institutua

Euskadiko Arkitektura Institutuak arkitekturea herritarrei hurreratzea dau helburua, baita arkitekturearen, urigintzearen, paisajearen eta diseinuaren inguruko eztabaidea sustatzea be. Zentroa Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sustatzen dau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren laguntzeagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu