Mixel Etxekopar eta Marina Beheretche saritu ditue Donibane Lohizunen
2023-01-31 10:17 MusikeaEusko Ikaskuntzak bultzatuta, sortzaile musikalei autortzea egin deutse.
Kultureagaz eta zientziagaz lotutako ekimenak antolatzeko hitzarmena luzatu eben 2019an Donibane Lohizuneko Udalak eta Eusko Ikaskuntzak. Ondorioz, aurten lehenengoz emon dabe musikearen alorreko saria, sorkuntzeagaz erakunde biek daben konpromisoaren erakusgarri.
Kategoria bi eta, beraz, irabazle bi egon dira lehenengo edizinoan. Ohorezko Saria Mixel Etxekopar zuberotarrak irabazi dau; Gazte Saria, Marina Beheretchek.
Eusko Ikaskuntzak azaldu dauenez, musikea eta kultura ezagutzen eta defendiduten lagundu dauen persona edo talde baten ibilbide eredugarriari egiten jako autortzea Ohorezko Sariagaz. Gazteen Sariaren bidez, ostera, persona edo talde gazte baten ibilbidea hartzen da kontuan, eta musikearen inguruan egindako lana autortu eta horregaz jarraitzeko aukerea emon.
Mixel Etxekopar txiki-txikitatik egon da natureari, euskereari eta musikeari lotua. Jantzan be ikasi eban eta laster hasi zan pastoraletan parte hartzen. Gotaine-Irabarne jaioterriko Xiru festibalaren sortzailea eta Hebentik kolektiboaren bultzatzailea be bada. Zuberoako musikea eta jantzea batzen dabil urteotan, transmisinoa helburu. Aditua da txiruletan.
Marina Beheretche formakuntza handiko musikaria da. Toulouseko Ganbara Orkestran hasi zan eta, 2015etik, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko biolin bakarlaria da. Dozenaka disko eta grabazinotan entzun geinkez Beheretcheren doinuak.
Ganbara musikearen inguruko Ezekiel kolektiboaren sortzaileetako bat da eta biolinaren inguruan hainbat proiektu ditu martxan, konserbatorioko irakaslea izateaz gan. Biolin Atomikoak taldeagaz Bazen behin ikuskizuna estreinau eban 2022an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!