Gazte Solidarioak programan 46 ikaslek hartuko dabe parte

Bizkaie! 2023-01-30 12:50   Pil-pilean

Alokairu sinboliko baten truke, Bilboko auzoetako proiektuetan lagunduko dabe.

Programako etxebizitza bat (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen bidez egiten dan Gazte Solidarioak programearen beste edizino bat hasi da. Planteamendu barritzailea dakar ekimen horrek, unibersidadean ikasten dabizan gazteek zein uriko auzoek onurea izango dabelako.

Aurtengo edizinoan 46 gaztek hartuko dabe parte, gehienak EHUkoak, baina Deustu eta Mondragon unibersidadeetakoak be badagoz. Hilean 55 euroko alokairu sinbolikoaren bidez, Bilbo Zaharreko eta Otxarkoagako pisuetan biziko dira. Trukean, auzootako proiektu komunitarioetan parte hartuko dabe. Udal Etxebizitzak-ek hogei pisu konpartidu atondu ditu gazteei alokairuan ixteko.

Bilbo Zaharra eta Otxarkoaga auzoak aukeratu ditu Udalak programarako, beharrizanean dagozan edo zaurgarriak diran biztanleen parte handi bat han bizi dalako. Hortaz, gazteek legundu egingo deutse kolektibo horreei hainbat egitasmoren bidez.

Auzoetan beharrean dabizan alkarte ugariren bidez egingo dabe gazteek lan solidarioa. Honeek dira alkarteak:

- Bilbo Zaharrean: Aldauri, Bakuva, Bilbao Historiko, Claret Fundazinoa, Crea Africa, Gugaz Aurrera, Itaka, Sartu eta Tximeleta.

- Otxarkoagan: Amuge, Bizitegi, Cáritas, CEIP Artatse, Gugaz Aurrera, Txurdinaga BHI eta Tendel.

Dagoeneko 13 edizino izan ditu Gazte Solidarioak ekimenak. Orain arte, 450 gazte inguruk hartu dabe parte, batez beste 26 urtekoak. Etxebizitza zinegotzi Jon Bilbaoren esanetan, helburu bi betetea da asmoa: ikasleei aukerea emotea etxebizitzak prezio egokian eskuratzeko; eta gazteok gizarte-lanean parte hartu deien bultzatzea.

Gazte Solidarioak aurkezteko agerraldian, Jon Bilbaogaz batera, parte hartzen daben hiru unibersidadeetako ordezkariak egon dira: Gorka Moreno (EHUko Bizkaiko Campusa), Nekane Garatea (Deustuko Unibersidadea) eta Aitzol Garmendia (MU).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu