Euskerea sarriago erabilteko kanpainea Bilbon
2023-01-30 11:12 Euskerea berbagaiLau igarkizun izango dira kanpainearen oinarria.
Bilboko Udalak sensibilizazino-kanpainea ipiniko dau martxan, herritarrak euskeraz berba egitera animetako. Bilbon euskaraz lemapean, herritar guztiei egingo deutse dei, baina, batez be, euskeraz dakienei.
Lau igarkizun dira kanpainearen oinarria, eta lauren erantzuna da euskerea. Igarkizun errazak dira, euskereak batu egiten dau eta aberastu egiten gaitu idearen ingurukoak:
- Bilboko kaleetan gero eta gehiago entzuten da.
- Erabili ezkero, ate barriak zabalduko dozuz.
- Buruan, bihotzean eta batez be ahoan dau indarra.
- Bizirik eusteko, erabili eta gozau egin behar da.
Euskera zinegotzi Koldo Narbaizak honako hau adierazo dau: Kanpaina hau gonbidapen bat da, gogoetea egiteko ez hainbeste euskerea jakiteak baizik eta erabilteak dakarzan ondorio positiboen ganean, ze hortxe daukagu desafiorik handiena Bilbo uri geroz eta euskaldunagoa izan dadin, euskeraz dakianak...erabili deiala.
Euskerea bilbotarren eguneroko bizitzearen parte bihurtzea da Udalaren asmoa, naturaltasunez erabiltea. Kanpainearen bidez, ganera, ondorio positiboakaz lotu nahi dabe. Guztion ahalegina behar dogu geure nortasunaren kultur osagairik handienetakoak bizirik iraun deian, dino Narbaizak.
Kalean ikusi ahal izango dogu laster kanpainea. Kartelak ipiniko ditue publizidade-euskarrietan, Udalaren instalazinoetan, kiroldegietan eta beste. Sormen handiz diseinautako kartelak erabiliko ditue.
Bilboko Udalak gomutau eragin dau 700.000 euro erabiliko dituala aurten euskerea ikasteko dirulaguntzinoen programan. Honako honeek jasoko dabe laguntasuna: gurasoek, aisialdiko begiraleek, haur eta gazteen kiroletako begiraleek eta deialdian jarritako muga gainditzen ez daben diru-sarreradun familiek.
Urtero-urtero, 500 persona baino gehiagok eskatzen dabe dirulaguntzinoa, eta gehienak gurasoak dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!