Karpeta Urdina, Zugazart eta Azterketak Euskaraz, 2023ko Argia Sarietan irabazle

Bizkaie! 2023-01-30 10:27   Euskerea berbagai

Mastodon komunidadea, (Min)bizi eta Oihana Goiriena be saritu ditue.

Sarituak, eskuetan oroigarria dabela (argazkia: Argia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Usurbilen emon ditue 34. Argia Sariak, euskerazko komunikazinoaren alorrean azkenaldion egin diran ekarpenak gogoratzeko eta ekinean dabizan norbanako zein eragileen lana autortzeko. Ehun lagun baino gehiago batu dira bazkarian eta, ondoren, sei sariak banatu ditue. Hona irabazleak:

- Ikus-entzunezkoak: Karpeta Urdinak, torturearen inguruan Ander Iriartek zuzendu dauen dokumetala.

- Prentsa: Zugazart, Unai Iturragak Gara egunkarian egiten dauen eretxi-tirea.

- Entzunezkoak: (Min)bizi, Iñurri alkarteak minbiziaz egiten dauen podkasta.

- Internet: Euskal Mastodon komunidadea, sare sozial horren bidez alkartu diran erabiltzaileen sarea.

- Kanpainea: Azterketak Euskaraz, brebeta eta baxoa euskeraz egin ahal izateko eskubidearen aldekoa; ikasleak zein irakasleak dagoz kolektiboan.

- Merezimenduzko Saria: Oihana Goiriena, Poloniako kartzela batean ia urtebete daroan Pablo Gonzalez kazetariaren bikotekidea.

Berezkoa Ta Naturala podkasta egiten daben lantaldekoek aurkeztu dabe sariak emoteko ekitaldia. Haizea Aranak eta Aner Peritzek gidatu dabe saioa, eta Leire Vargas eta Oihane Arana arduratu dira irabazleei alkarrizketak egiteaz.

Euskalgintzako eta euskal kulturako eragile ugariren ordezkariak egon dira Argia Sariak emoteko ekitaldian. Ganera, urterik urte emondako babesa eskertzeko, zortzi harpidedunek gozau ahal izan dabe ekitaldiaz bertatik bertara. Bostek daroez 50 urte baino gehiago aldizkariko harpidedun izaten.

Mikel Garciak egin dau berba Argiako lantalde guztiaren izenean. Aldizkariak aurrera egin deian, komunidadearen laguntzinoa ezinbestekoa dala aitatu dau eta amaitu barri dan urtea, hain zuzen be, ona izan dala alderdi horretatik: zazpigarren urtez jarraian, harpidedunen kopuruek gora egin dabe.

Kazetaritzan garai interesgarriak dirala ganeratu dau Garciak, krisialdi eta sasoi nahasietan kontetako asko egoten dalako. Argiaren proiektua sendo ikusten dau: Krisi boladetan eta kapitalismoaren danbateko gogorrenen aurrean, zentzun guztia hartzen dabe etxe barruko balioek. Alkar jagotean sinisten dogu, antolaketa horizontalean, taldea batuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu