Amaia Ocerin: 'Belaunaldi gazteakan jarri behar dogu arretea'
2023-01-30 07:55 BarriketanLoraldiako komunikazino taldekoa.
Loraldiak 5300 ikusle baino gehiago batu zituan igaz 20 egunetan izan ziran 28 jardueretan. Euskal Herri osotik etorritako 112 artistak hartu eben parte.
Geure hizkuntzea, geure kulturearen transmisinoa... Loraldiak arlo horreetan sakontzeko konpromisoa hartu dau, gazteak eta umeak sartu daitezan euskerazko kulturearen unibersoan, teknologiaren bidez kanal barriak sortuz, ohiko euskal eredutik eredu edegiago eta integratzaileagoari eutsiz.
Geure kultura ondarea suspertzea, bidea edegi daben eta euskal kulturearen historian behar besteko indarra eskuratu ez daben sortzaileak gogoan hartuz.
Kultureagaz lotutako sormena sustatzea, idea erakargarrien eta barritzaileen ekarpena eginez.
Geure kulturearen ezagutza eta transmisioa sustatuko daben beste kultura batzuekaz zubiak eregitea.
1.- Sormen Ola, Gazteentzako kultur transmisino tailerren artean lehenengoa urtarrilaren 28an amaitu zan eta hor ibili ziran Jon Maya eta makinatxu bat lagun Dantza garaikidea sustraietatik gaia lantzen. Zenbat jente ibili da?
Hamar bat lagun ibili ziran lehenengo honetan Jon Mayagaz. Interesgarria oso, jantza profesionalean sartu gura daben gazteei zuzenean eskainitako saio honetan Kukai zelan sortu eban kontau eutsen, leku eta protagonista askoren ekarpenak jaso, zelan topau eben bide propioa eta proposamen barritzaile bat sortzeko eta hamaikatxu kontu. Aberasgarria benetan publiko guztiarentzat baina benetan aproposa jantzan modu profesionalean bidea egin gura dabenentzat. Tailerrak goizeko 09:30ean hasi eta 15:00retan amaitzen dira.
Loraldiaren konpromisoa sendoa da gure kulturearen transmisinoaren alde eta badakigu belaunaldi gazteakan jarri behar dogula arretea. Sortzaile barriak eta kulturearen konsumitzaile publikoa dira gaur eta bihar.
Sormen Ola ekimenean, urtarrilaren 28koaren ondoren, zezeilaren 18an Patxo Telleriak Sormena arte eszenikoetan gaia jorratuko dau; martiaren 25ean Joseba Sarrionandia eta Iholdi Beristainen txandea izango eta gaia Literaturea eta musikea; apirilak 29an Paul Urkijo izango da protagonista eta Ikus-entzunezko garaikideak gaiari ekingo deutso, fantasiaren mundua maite dauen zinemagilea; maiatzaren 27an, barriz, Miren Amuriza eta Amaia Egidazu: Sormena hitzetik eta irudietatik. Joskintza tailerra eskainiko dabe; Miren Amuriza bertsolaria eta idazlea eta Amaia Egidazu idazlea eta ilustratzailea batu dira berbak eta irudiak ardatz dituan tailer hau eskaintzeko.
EHUkulturaren ekimenez, Bizkaiko campuseko ikasleentzat doban dira tailerrak eta ganerakoentzat 15€ko kostua izango dau saio bakotxak.
2.- Sarrera guztiak agortuta, Galerna, Loraldiaren produkzino propioaren aurrestreinaldia Leioako Kantika koralak eskaini eban urtarrilaren 15ean. Nor ibili da produkzino lanetan?
Pozarren gagoz sarrerak agortuta eskaini euskuelako Galerna, Loraldiaren produkzinoa. Loraldia jorratzen gabizanok urtero hartzen dogu produkzino propio bat sortzearen ardurea, baita lana eta arriskua be. Lan barritzaileak izaten dira, diziplina ugari buztartzen dituenak eta narratiba barrietan ikertzen dgu.
Kulturearen eta erreferenteen transmisinoa gure lanaren arlo nagusietako bat da eta hori egiteko arte eszenikoak oso formato aproposak dira. Kasu honetan Galerna Juan Kruz Igerabidek sortutako testuan eta David Azurzak sortutako musikan oinarritutako lana da.
3.- Ttipia erakusketea urtarrilaren 14tik 28ra zabalik dago Zornotzako Zelaieta Zentroko erakusketa aretoan. Ikusleak zer topauko dau Zornotzan?
Zornotzako Andra Mari Ikastolako 5 urteko umeek sortutako sormen lanak dira nagusi. Ume horreek hilebete inguruan ibili dira espresino artistiko ugari ezagutzen Ttipia proiektuaren bitartez, irudi eta ilustrazinoak, margoak, eskulturak eta argazkiak, hain zuzen be. Eta ikasteko modurik onena olgetea danez, horreekaz guztiakaz esperimentetako aukerea eskaini deutsegu. Sormenari eragin eta emoitzea erakusketa koloretsu eta eder honetan ikusi daiteke.
4.- Euskerazko sormen digitalerako beka deialdia zabaldu dozue. Zeintzuk dira berezitasunak eta helburuak?
Beka honen helburuak euskerazko sorkuntza digitala sustatzea eta sortzaile digitalen lana ezagutzera emotea eta ingurune digitalean euskerazko eduki gehiago eskaintzea dira.
Helburua ekinaldi edo produktu digital bat sortzea da eta edozein sortzaile euskaldun aurkeztu daiteke. Ingurune digitalean gauzatuko dan proiektu baten bila gabiz, mueta askotarikoa izan daitekeena, horretan ez dogu baldintzarik jarten: Komikia, audioa, arte eszenikoa zein musikea, gastronomia...
Proiektu barritzailea eta euskal komunidadeari ekarpena eskainiko deutsona gura izan dogu.
2024ko Loraldia Festibalean plazaratzea da asmo eta gogoan hartu bekearen ordainsari ekonomikoa 10.000€koa izango dala.
Proposamenak banaka edo taldeka egin daitekez.
Zezeilaren hasierara arte jasoko dira proposamenak eta epaimahai profesional batek aukeratuko dau zein izango dan bekearen onuraduna.
5.- 2014. urtean, lehenengo edizinoaren erantzun bikaina ikusirik, talde sustatzaileak 2015eko abenduan, Loraldia Festibala zana Loraldia Kultur Alkartea izatera heldu zan. Zelako gorabeherak izan ziran?
Errealidade bihurtutako amesa izan da. Bilbok Loraldia lako festibala behar eta merezidu ebala pentsau genduan eta horrexeri eusten deutsagu gaur egun be. Euskal kulturearen transmisinorako baliabide egokia dala pentsetan dogu eta gainera euskal kulturea modu moderno eta barritzailean aurkezteko aukera parebakoa.
Gure sortzaileek plaza bat merezidu dabe eta gizarteak aukerea izan behar dau euskeraz sortzen diran proposamen kultural eta artistiko gustiakaz gozetako, baita kulturgune handietan be.
6.- Mailua gara! goiburupean, martiaren 9an hasi eta hilaren 26an amaituko da 2023ko Loraldia. Aurten, ze ekitaldi edo jarduera nabarmenduko zeunke?
Urtero legez diziplina guztietako jarduerak programetan saiatu gara, txiki zein handientzako ekitaldiak. Aniztasun horretan Benito Lertxundi, Gabriel Aresti, Ruper Ordorika edo Bernardo Atxaga lako erreferente handiak izango ditugu, baita sortzaile barri eta gazteak be.
Jardueren bat nabarmentzekotan martiaren 11an egingo dogun Gabriel Arestiren inguruan egun osoko programazino berezia esango neuke.
Eta beste izen asko: Ines Osinaga, Castillo Suarez, Danele Sarriugarte, Kukai...
7.- Benito Lertxundi, Aitzane Arzamendi... Musika arloa be ondo horniduta...
Musikeak euskeraz sortutako kultur proposamenetan indar handia dauka eta holan islatzen dogu festibaleko programazinoan be. Aurten Lertxundi eta, beste hamaika proposamen izango ditugu, musikari ezagunak (Rafa Rueda, Joseba Irazoki, Miren Narbaiza...), baita talde barriak be.
8.- La Terminal (Zorrozaurre), Terminala, Bizkaia Aretoa, Zelaieta Zentroa, Zornotzako Andra Mari ikastolea... Makinatxu bat kolaboratzaile dozuez baina zeintzuk dira aurtengoak?
Proiektu bakotxerako badogu publiko zehatz bat, baita kolaboratzaileak be. La Terminalean hilero antolatzen dugu euskerazko proposamen bat, sortzaile gazteek eskainita.
UPV/EHUgaz batera Sormen Ola gazteei zuzendutako trasmisino tailerrak atondu ditugu.
Eta Loraldia Eskolan hamaika ikastetxek hartzen dabe parte aurten, besteak beste, Andra Mari ikastoleak.
Festibalari jagokonez, gure helburua izaten da espazio askotara hurreratu eta Bilboko kulturgune handiak geurera erakarri. Aurten be Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia edota Alondigea espazio handietan egoteaz gain, Itsasmuseumera, Bira Kulturara edo La Terminalera be hurreratuko gara.
9.- Lorazainak Loraldia festibala jagoten daben norbanakoak dira. Zer egin behar da lorazain izateko?
Programea doban da eta Lorazain bilakatzeko gure loraldia.eus webgunean dagoan inprimakia bete, besterik ez da behar. Hortik aurrera abantailak izango ditue: Loraldiaren informazinoa lehentasunez jasotea, ekintzetarako sarrerak prezio merkeagoan eta inork baino azkarrago erosteko aukerea, ekintza
berezietarako sarbidea eta bestelako abantaila batzuk.
10.- Zeintzuk dira Loraldia babesten daben erakundeak?
Gure babesle nagusia Bizkaiko Foru Aldundia da. Festibalaz gan foru aldundiak martxan ditugun beste programa guztietan laguntzen gaitu: Eskolea, Produkzinoak, Gaztea eta Plazea.
Horreez gan, Loraldia babesten dabe Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzeak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!