Senpereko kolegioa bultzatzeko egingo dabe 40. Herri Urrats
2023-01-26 08:38 Euskerea berbagaiMaiatzaren 14an egingo dau jaia Seaskak.
Urratsak zubi goiburupean egingo dabe aurten Herri Urrats, Ipar Euskal Herriko ikastolen jaia, maiatzaren 14an. Dagoeneko 40. edizinora heldu da eta, betiko lez, ekitaldi ugari atonduko ditu Seaskak Senpereko lakuaren inguruko zirkuituaren barruan.
Batutako dirua Seaskaren sareko bosgarren kolegioa izango dana bultzatzera bideratuko dabe. Dagoeneko eregiten hasiak dira, Senperen bertan, baina inbersino handia da ikastolentzat, euskaltzaleen laguntzinoaren beharra dabe.
Behar-beharrezkoa da Senperen zentro barria egitea, han inguruko ikasleak Ziburuko Manex Erdozaintzi Etxart kolegiora joaten diralako. Urrun egoteaz gan, bete-betea dago gaur egun. Datorren ikasturtean Senpereko eraikina martxan dagoanean, 150 bat ikasle hara aldatuko dira eta, aurrerago, 300 inguru hartuko ditu.
Su Ta Gar talde beteranoarena izango da 40. Herri Urratsen kantua, Urratsak zubi izenburuduna. Seaskak azken aldion egin dituan pausuak zubiak eregiteko izan dirala azaldu dau Koldo Rodriguezek, Herri Urratseko koordinatzaileak.
Maiatzaren 14ko egitarau zehatzaren barri aurrerago emongo dabe. Dana dala, Herri Urrats heldu arteko bidea be hitzordu interesgarriz lepo dator, giroa berotzen hasiko da Seaska. Lehenengoa zezeilaren 2an izango da, Goazen telesailaren 9. denporaldiko azken kapituluaren aurrestreinaldia, Donibane Lohizunen.
Martiaren 4an, Delirium Tremens eta Unidad Alavesa taldeek kontzertua emongo dabe Miarritzeko Atabal aretoan eta 5ean, Senperen, Hitzetik Urratsera bertso saioak zale guztien gosea aseko dau: Txapelketa Nagusiko abenduko finaleko zortzi bertsolariek kantauko dabe.
Apirilaren 2an, Baionako Laugan, ekitaldi hunkigarri batez gozau ahal izango dabe euskaltzaleek. Izan be, Herri Urratsek 40 urte bete ditu eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, 35. Hortaz, urtebetetze bi ospatuko ditue aldi berean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!