Euskeratik urrun sentiduten diranakaz hizkuntzearen auzia landuko dau Kontseiluak
2023-01-24 13:36 Euskerea berbagaiEuskaldunen eskubideen kontrako erasoaldiari erantzuteko dinamika bateratua atontzen hasiko dira.
2022. urteak euskerearen normalizazinoan eta hizkuntza-politiken arloan emondakoa aztertu eta 2023ko erronkak eta bideorria aurkeztu ditue Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusi barriak eta Paul Bilbao aurreko idazkari nagusiak.
Aurkezpenean, Idurre Eskisabelek 2022ak itxitako ikasbideak, egitekoak eta erronkak zerrendatu ditu eta Kontseiluaren aurtengo jarduna lan lerro nagusi bitan laburbatu dau. Batetik, martxan diran egitasmo eta dinamika zehatzen lanketan segidutea, berbarako, EAEri jagokonean, Hezkuntza legean edota administrazinoan euskerearen erabilerea arautzeko dekretuan eragitea, ezagutzearen unibersalizazinorako egiazko tresna eta euskaldunentzako eremu izan daitezan. Nafarroan, barriz, ofizialtasunaren aldarrikapena erdigunean jartea, administrazinoan euskerea aintzat hartu daiten bermatzea edota hezkuntzako PAI ereduaren bidez euskereak eta euskal hiztunek sufriduten daben bazterkeria indarbakotzea azpimarratu dau. Eta Ipar Euskal Herrian be lagatako etxeko lanak aitatu ditu, besteak beste, ikasleek bigarren ziklo amaierako eta batxiler amaierako azterketak euskeraz egin ezinik jarraitzen dabelako eta hezkuntzako murgiltze eredua zabaltzeko eta sendotzeko eragozpenak handiak diralako.
Horreezaz gan, bigarren lan lerroa be nabarmendu dau: Euskerearen kontrako oldarraldi judizialari aurre egitea. Irun, Laudio, Barakaldo eta beste hainbat tokitako sententzien harian, Eskisabelek oso larritzat jo dau botere judizialak hizkuntza-politiketan esku hartzea eta baldintzatzea, hau da, auzitegietatik politika egitea: Herritarron eskubide murrizketei aurre egiteko dinamika bat prestatzeari ekingo diogu, batasunetik eta adostasun zabaletatik erantzuteko.
Jarraian, Kontseiluko idazkari nagusiak 2023rako aurreikusitako erronken barri emon eta autortu dau Batuz Aldatu adostasun sozialean sakondu eta euskalgintzatik kanpoko gero eta eragile gehiagotara jotea izango dala aurrera begira eginkizun handienetako bat. Esangura horretan, lehentasuna izango da euren burua euskalgintzatik eta euskeratik aparte ikusten daben eragile eta norbanakoei azaltzea euskerearen normalizazino eta bizibarritze prozesua zer dan eta zelan lotzen dan kohesino eta justizia sozialagaz. Eta, zelan ez, hareei entzutea eta adostasun puntuak bilatzea eta lantzea. Orain arteko esperientziak
erakutsi dau uste doguna baino handiagoak dirala.
Adostasunak, gaineratu dau Eskisabelek, ez dira berez eta kasualidadez sortzen, landu eta josi egiten dira. Eta adostasun horreen oinarria izan behar dau ulertzea eta onartzea euskerearen normalizazino eta bizibarritzeaz gabizenean ez dogula abstraktuan hizkuntza baten egoera edo iraupena jorratzen, milaka euskal herritarren oinarrizko eskubideetako batez gabizela. Ikusten gabiz mundu osoan jazoten diran aldaketa ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalek kalte egiten deutselako gurea lako hizkuntza gitxituei. Hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago dira eta euskerearen aldeko hautua egiteko gero eta erabagimen handiagoa behar da, hizkuntza-politika sendoen bidez aitatu dau: Gero eta argiago ikusten gabiz orain arteko hizkuntza-politikak ez dirala nahiko. Euskalgintzea jaubetuta dago erronka horreezaz eta desafio horreei aurre egiteko hizkuntza-politikan salto egiteko beharraz. Diskurso eta praktika barriak dagoz sortzen eta gauzatzen. Nabarmentzekoa da, euskerearen normalizazinoan irabazitakoa ez dala izango bakarrik euskaldun eta euskaltzaleentzat; bizikidetzan eta bardintasunean sakontzea ekarriko dau. Eta, azken buruan, demokraziaren sakontzean adierazo dau Kontseiluko idazkari nagusiak.
Ondoren, Paul Bilbaok 2022ak emondakoaren laburpena egin dau eta Batuz Aldatu dinamikearen barruan egindako urratsen garrantzia azpimarratu dau: Batetik, EAEn hezkuntza legearen eztabaidearen barruan egindako lanketea azaldu dau: Euskalgintzea kapaz izan da beste auzi batzuetan desadostasun handiak dituen eragileak proposamen zehatz baten inguruan batzeko: Euskerazko eredua orokortzea. Horrexegaitik, berretsi behar dogu euskereari jagokonez, ez dagoala gurea baino adostasun sozial handiagorik eta ezin dala legetik kanpo itxi. Horregaz batera, EAEn administrazinoa euskalduntzeko dekretuaren barruan be, gehiengo sindikalagaz proposamen egingarria aurkeztu zan: Erakutsi dogu, borondatea egon ezkero, hamabost urtean administrazinoa euskaldundu daitekeela. Arduraz bizi dogu administrazinoaren euskalduntzeari epemugea jarri ez izana esan dau.
Bestelakoetan, 2022. urtea plazak eta kaleak hartzeko urtea izan dala azaldu dau Bilbaok: Herritarrek kaleak bete ditue bidebakokeriak salatzeko Iruñean, Laudion, Bilbon, Tuteran, Baionan... Hamaika egunez Euskal Herria Korrika ibili zan berbetatik ekintzetarako salto egin behar dala aldarrikatuz; Euskaraldian milaka ahobizi eta belarriprest izan dira beste behin adierazo dau.
Azkenik, Kontseiluko ordezkariak be ardura bizia agertu dau botere judizialak jarraitu dauelako hizkuntza-politikea egiten, zertarako eta euskaldunon eskubideak gehiago murrizteko: Horri batasunetik erantzun beharko jako urte honetan zehar esan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!