'Anonyme Popular' zuzenekoa hilaren 29an estreinauko dabe

Bizkaie! 2023-01-24 11:31   Bertsolaritzea

Azpeitiko Soreasu Antzokian izango da lehenengo emonaldia.

Igor Elortzak eta Rafa Ruedak alkarlanean sortu daben proiektu barria, Anonyme Popular, beste euskarri batera helduko da asteon. Orain arte, disko-liburua irakurri ahal izan dogu, Youtuben bideoak ikusi... Domekan, urtarrilarren 29an, oholtza ganeko ikuskizuna estreinauko dabe, Azpeitiko Soreasu Antzokian (19:00), Kulturaz kooperatibearen laguntzinoagaz.

Bertsoa eta musikea buztartzen ditu Anonyme Popular-ek. Igor Elortzak plazak itxi zituan pandemiaren aurretik eta bestelako sorkuntza batzuk arakatzen ibili da. Hortik jaio dira ikuskizun honetako bertsoak, izatez bertso jarriak, ni-aren eta gu-aren arteko loturea forma garaikidean egin guran. Bertso idatziak izan arren, Elortzaren asmoa izan da zuzenekoetara eroatea, disko eta bideoez gan.

Rafa Ruedak proiektuaren alderdi musikalaren ardurea dau. Elortzaren bertso jarriak rap, trap, pop, funky eta mundurako erritmoz jantzi ditu. Azpeitiko zuzenekoan, eta ondoren etorriko diranetan, oholtzan izango da Rueda, Elortzagaz batera. Álvaro Olaetxea musikaria be agertuko da zuzenekoetan. Saioen diseinua eta eszenografia Oier Zuñigarenak dira.

Zuzeneko emonaldiak ondo-ondo pentsau eta entseguak egiteko, Azpeitian batzen izan dira proiektuko kideak. Egonaldia egin eben herri haretako Dinamoa gunean, zemendian, eta urtarrilaren lehenengo asteetan barriro alkartu dira, Soreasu Antzokian.

Urtarrilaren 29ko estreialdiaren ondoren, Euskal Herriko antzokietatik birea egingo dabe Anonyme Popular-ekoek. Zezeilaren 3an Zarautzen izango dira, 10ean Elorrion, 16an Iruñean, 23an Hernanin eta 26an Oñatin. Martian etorriko dira zuzeneko gehiago, Bilbon, Baigorrin, Amasa-Villabonan eta Amurrion.

Hitzordu gehiago lotzeko asmoa be badabe. Edozein kasutan, antzokietako birearen azken saioa zehaztuta dago: Durangoko San Agustin kulturgunean izango da, maiatzaren 25ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu