Peñascal kooperatiban euskerea ikasten
2023-01-24 10:53 Euskerea berbagaiLabayru Fundazinoaren eskutik, 170 ikasle dabiz.
Peñascal kooperatibearen zentroetan ikasgai ugari emoten ditue, lanbideak ikasteko, laneratzea errazteko eta formakuntza jarraitua sustatzeko. Ikasturte hasieratik, ganera, euskerea be ikasi leikie hango ikasleek, Labayru Fundazinoak horren ardurea hartu dau eta. Bilboko Udalaren babesa be badau ekimenak.
Ikasleok lanbidean euskerea erabili ahal izateko bitartekoak emotea da helburua, ahozkoak zein idatzizkoak.
Euskera eskolak ikasleen proiektuetan txertatu ditue, ikasten daben arlora egokituta. Era horretara, merkataritzan, ostalaritzan, egurretan, elektrizidadean, klimatizazinoan eta beste alor ugaritan dabizanek euren ikasketakaz lotutako edukiak lantzen ditue, euskeraz kontzeptu zehatzak zelan esan eta baita hizkuntzearen oinarrizko trebetasunak hartzeko be.
Peñascaleko 170 bat ikaslek hartzen dabiz parte ikasturte honetako euskera eskoletan, 15 ikastaldetan banatuta. Horreetako bat Boluetan Labayruk daukan egoitzan dago, beste lau Montañon eta ganerako hamarrak Boluetan, baina Peñascalen eraikinean. Talde batzuen ikastaroak urte osokoak dira, eta besteak lehenengo hiruhileko bietan emotekoak.
Onurea alde bikoa da, ze, Peñascaleko ikasleek euren formakuntzea osotuko dabe eta Labayruk be etekina aterako deutso ekimenari: lexikografia arloagaz lotutako ikasketa-programa zabala dabe Peñascalen, eta adar bakotxerako hiztegi espezifikoak atontzeko akordioa egin dabe Labayrugaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!