Cristobal Balenciagagaz lotutako 8.000 agiri eskuratu ditu Artxibo Historikoak
2023-01-24 08:32 KultureaLorenzo Riva diseinatzaile italiarraren bildumearen parte izan dira orain arte.
Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan batu dira Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria eta Getariako Balenciaga Museoko zuzendari Miren Vives. Izan be, Artxibo Historikoaren esku geratu dira euskal diseinatzailerik ospetsuenagaz lotutako 8.000 dokumentu, balio handikoak eta haren tailerrean egindako lanagaz zerikusia dabenak.
Lorenzo Riva diseinatzaile italiarraren bilduma pribadutik heldu dira dokumentuok Euskal Herrira. Hain zuzen be, Balenciaga Museoko zuzendari artistiko izandakoa da Riva. Adituek baieztau dabenez, 1.500 agiri baino gehiagok Cristobal Balenciagaren berak eginak dira. Beste mila zirriborro inguruk oihal zatiak ditue. Guzti-guztiak, 8.362, Balenciagaren lantaldearen dokumentu originalak dira, 1940 eta 60ko hamarkaden artean eginak.
Dokumentu guztiak egoera onean dagoz. Besteak beste, Bilbora heldu dira bildumearen parte dira zirriborroak, ehun-laginak, Balenciagaren ikur bihurtu ziran piezen aurretiko saiakerak, aurkezpenak egiteko plangintzak (hitzorduaren data eta leku eta guzti), antzerkirako figurinak, eskuz idatzitako testuak, kapelagintzako diseinuak eta agiri personalak.
Halako tamainu eta baliodun beste bildumarik ez da ezagutzen Balenciagaren inguruan, Balenciaga enpresa pribaduaren funtsa izan ezik, baina hau ez dago publikoari zabalik. Dokumentu-funts honek Balenciagaren lan egiteko modua eta tailerretako lan-prozesua ulertzen lagunduko deusku, XX. mendearen erdialdeko gizartearen zati baten testigantzea izateaz gan, adierazo dau Bingen Zupiriak.
Artxibo Historikoak denporan zehar euskaldunek modu kolektiboan edo banaka sortutako era guztietako dokumentuak jasoteko eginkizuna dau. Ganera, esku publikoetara pasauko dira 8.000 agiriok. Aurrerago, Getariako Balenciaga Museoan erakustea da asmoa. Lehenik, baina, Artxoboko adituek ondo katalogau eta digitalizauko ditue pieza guztiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!