Elhuyar Hiztegiak gero eta erabiltzaile gehiago ditu: 50 miloe bilaketa 2022an
2023-01-20 11:19 Euskerea berbagaiEdukia osotzen segitzen dabe, eta ordenagailuan instaletako modua be badago orain.
Elhuyar Fundazinoak zabaldu dituan datuen arabera, bersino digitaleko Elhuyar Hiztegiak hazkunde nabarmena izan eban 2021etik 2022ra, bisita kopurua % 50 hazi zan. Hau da, sei miloe bisita urte bakarrean. Egindako bilaketetan be agirikoa da Elhuyar Hiztegiak dauen estimazinoa: 50 miloe igaz.
Datu hain onak izatearen arrazoietako bat da Elhuyar Hiztegia eten barik hobetzen eta aberasten dan tresnea dala. 2022an, 966 sarrera barri gehitu zituen, batez be, gaur-gaurko kontzeptuei lotuak: antiespezista, autozainketa, heteronormatibo... Lehendik egon diran beste mila sarrera ingurutan hobekuntzak egon ziran igaz.
Ganera, hiztegiko edukian bardintasuna kontuan hartu daitela jagoten dau Elhuyarreko lantaldeak. Erabilera baztertzaileak egokitzen ibili ziran 2022an, adibidez, desegokiak diran berbei gutxiesgarri markea ipinten (maritxu, ematxar...). Horrezaz gan, adibideetan emakumeen ikusgaitasuna handitu eben (euskerazko sarrailagile gaztelaniara cerrajera itzulita, berbarako).
Sarrerak gaurkotzeko, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzinoa izan dau Elhuyarrek; sarrera baztertzaileak aldatzeko, Laboral Kutxarena.
Beste alde batetik, aurrerantzean Elhuyar Hiztegia ordenagailuan instalau eta bertatik erabili ahal izango da. 2023aren hasieran ipini dabe martxan aukera hori. Ordenagailuko edozein programatatik egin ahal izango dira bilaketak, Mac, Windows edo Linux bada. Euskerazko, gaztelaniazko, frantsesezko edo ingelesezko berba bat aukeratu, eta Elhuyar Hiztegian horren ganean dagoan informazino guztia agertuko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!