Getariako Txakolinaren uzta barria aurkeztu dabe, igazkoa baino % 20 ugariagoa
2023-01-18 09:30 Jan edanakGorputz handiagokoa eta azidotasunean oso orekatua da.
Txakolinaren uzta barria, Getariako Txakolina Jatorri Deiturearen zigiluagaz merkaturatzen dan txakolina izan da protagonista. Uztearen produkzinoa 2021eko uztea baino % 20 handiagoa izan da, 4.800.000 kilo mahats batu baitira; beraz, 4.300.000 botila inguru merkaturatuko dira.
Egun garbiak izan dituan urte sikuan, mahatsa oso osasun-egoera onean batu ahal izan da eta mahastiak ez dau Mildiuren (mahatsondoaren onddoa) eraso nabarmenik izan. Era berean, prezipitazino gitxiko eguraldiaren ondorioz, 2022ko uztako txakolinek 2021eko uztakoek baino gradu haundixeagoa dabe, gorputz handiagoa eta azidotasunean oso orekatua.
Aurkezpenean, Getariako Txakolinaren Jatorrizko Deiturak egiten dauen Mahasti Jaun saria emon jako Donostiako Pintxoaren Institutuari, pintxoaren kulturea berreskuratzeko eta Donostiako pintxoa mundu mailako erreferente gastronomiko legez kokatzeko egindako ahaleginagaitik. Gainera, dagoeneko erretirauta dagozan lau mahastizain omendu ditue, Getariako Txakolinako mahastiak eta upeltegiak suspertzen lan egin dabenakk.
Nabarmentzekoa da txakolinak urte honeetan izan dauen bilakaera komertziala, izan be, kalidade handiko produktua da eta horri esker, bai barruko merkatuan, bai nazinoartean be polito ibili da. 2022ko azken kanpainan, Getariako Txakolinaren esportazinoek % 30 inguru egin eben gora eta barruko merkatuetako salmentek be % 13 egin eben gora 2021. urteagaz konparauta.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozen eretxiz, kalidade handiko produktuek oso harrera ona dabe, izan be, produktu bikaina da, bertoko bariedadeakaz egindakoa eta bikaintasunaren, kalidadearen, ondarearen, kulturearen eta paisajearen ezaugarriak ditu".
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!