Kostaldea, ekitaldi handiak eta zinemea, Bizkaiaren Fitur-eko eskaintzan
2023-01-16 12:53 KultureaUrtarrilaren 18tik 22ra, turismoaren alorreko azokarik handienetako bat egingo dabe Madrilen.
Batez be Iberoamerikako merkaduari jagokonez, Fitur da munduko azoka turistiko handienetako bat. Aurtengo edizinoa urtarrilaren 18tik 22ra egingo dabe, Madrilgo Ifema gunean, eta hantxe izango dira Bilbo eta Bizkaia, erakusmahai berean, bertoko erakargarritasunen barri zabaltzen.
Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez, hiru ardatz nagusi nabarmenduko ditue Madrilen Bilbao-Bizkaia markearen azpian: kostaldea, ekitaldi handiak eta zinemagintzako agertokiak. Hiru alor horreetan Bizkaiak asko dauela eskaintzeko erakutsiko dabe Fiturren.
Besteak beste, hiru gai horreetako bakotxaren katalogoak egin ditue. Argitalpen zainduak izango dira, eta turistak egokitzeko politikea indartzeko zein identidade propioko eta kalidadezko eskaintzea agertzeko helburua dabe, dino Foru Aldundiak ohar batean.
Madrilera eroango daben eskaintza zabala aurkezteko asmoz, Foru Aldundiko eta Udaleko ordezkari gorenek agerraldia egingo dabe azokearen lehenengo egunean, 18an. Hantxe izango dira Juan Mari Aburto alkatea eta Xabier Ochandiano zinegotzia; baita Ekonomia Sustatzeko foru diputadu Ainara Basurko be.
Kresala, Tourra eta jaiak
Kostaldeari jagokonez, Bilbo-Bizkaia erakusmahaiak azpimarratuko dau herrialdean 150 km kosta dagozala, Kantauri itsasoaren ertzean. Iraunkortasuna, tradizinoa, kirolak eta gastronomia ardatz, besteak beste, Urdaibai, Gaztelugatxe, Lekeitioko Santa Katalinako itsasargia eta Bizkaiko Flyscharen ibilbidea erakutsiko ditue.
Ganera, kostaldeari jagokon atal horretan, Bilboko Itsasadarra be sartu dabe. Kresalaren usainetan ibilbideak eta bisitak egin leitekez hor be, esate baterako, Guggenheim Museoan, Itsasmuseumen, Abandoibarran, Euskaldunan, Portugaleteko Rialia Museoan eta Bizkaia Zubian.
Ekitaldi handien atalean, The place to be lemapean, nazinoartean lehiakorra dan eskaintzearen barri emongo dau Bilbo-Bizkaiak. 2023ko ekitaldi nagusia Frantziako Tourraren hasierako etapak dira: Bilbon hasiko da txirrindularitzako ekitaldirik handiena, eta Bizkaian eta Euskal Herriko beste txoko askotan ibiliko dira kirolariak.
Fiturren nabarmenduko dituen beste ekitaldi batzuk dira BBK Live, Zinegoak, herrietako jaiak, museoetako erakusketak eta kirol ekitaldiak. Azken honeen artean, surfa eta indarra hartzen hasi dan zesta-puntako Winter Series aitatu leitekez.
Azken atalean, Bilbo eta Bizkaia filmak egiteko leku aproposa dala azpimarratuko dabe. Horretarako, azken urteotan hemen grabau diran ikus-entzunezko entzutetsu batzuen barri emongo dabe, Game of Thrones eta James Bond, esaterako, euskal produkzinoez gan.
Film eta telesail ezagunak errodau izanak badau beste alderdi positibo bat turismoa erakarteko orduan. Izan be, zale ugari etorten dira Bizkaira, euren gogoko eszenen kokaleku ikusgarriak ezagutzen: Gaztelugatxe, Mundaka, Bilbo...
Bizkaiko Foru Aldundiak Fitur azokearen kontura plazaratu dituan datuetan ikusten danez, Bizkaira etorritako bisitarien kopuruak gora egin dau 2022an. Aldundiaren esanetan, markak apurtu ziran igaz, batez be, udan: bagila eta irailaren artean, 438.000 lagun etorri ziran; bisitariek % 12,5 egin eben gora eta gaualdiek, % 10.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!