280 parte-hartzaile 2023ko Arabako Kuadrillartekoan

Bizkaie! 2023-01-16 07:59   Bertsolaritzea

Urtarrilaren 27an hasi eta martiaren 25ean izango da finala.

Maeztun batu dira parte-hartzaileak (argazkia: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabako Bertsozale Alkarteak martxan ipini dau 2023ko Kuadrillarteko Bertsolari Txapelketea. Bat-bateko taldeetan parte hartuko daben hainbat bertsolari Maeztun batu dira, aurtengo edizinoaren nondik norakoen barri emoteko. Saioak urtarrilaren 27an hasiko dira.

Hiru eta sei bertsolariko hamabi talde egin ditue bat-bateko modalidadean lehiatzeko. Era berean, talde bakotxean egongo dira gai-jartzaile, epaile, argazkilari grabatzaile, sukaldari eta bestelakoak. Ganera, taldeak antolatzaile be badira, txapelketea euren herrira heltzen danean.

Eskualdeen arabera atondu ditue taldeak, modu honetara: Aiaraldea, Arabar Errioxa, Mendialdea, Lautada (talde bi), Gorbeialdea (lau talde) eta Gasteiz (hiru talde). Bat-bateko taldeen zerrendea hemen.

Idatzizko modalidadean, 16 taldek hartuko dabe parte. Kasu honetan, gazte asanbladak, berbalagun taldeak, kuadrillak, bertso eskolako kideak eta halakoak dira oinarria.

Bat-batekoa eta idatzizkoa kontuan hartuta, guztira, 280 parte-hartzaile inguru izango ditu 2023ko Arabako Kuadrilla Artekoak.

Lehenengo fasean hamabi kanporaketa jokatuko dira. Urtarrilaren 27an, lehenengo egunean, saio bi hartuko ditu Gasteizek eta beste bat Oionek. Zezeilaren 11ra arte, Laudion, Gasteizen, Aramaion, Agurainen, Narbaizan, Aramaion, Murgian eta Corresen izango dira beste hitzorduak.

Finalaurrekoetan hiru saio egongo dira: zezeilaren 26an, Agurainen; martiaren 4an, Bastidan; eta martiaren 12an, Murgian. Azkenik, finala Laudion egingo dabe, martiaren 25ean.

Saioen egutegia hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu