300 persona batu dira Barakaldon
2023-01-16 07:50 Euskerea berbagaiHizkuntza eskubideen aldeko konzentrazinoan.
Barakaldarron hizkuntza eskubideak urratzen diralako batu gara hemen. Gogoan izan Barakaldoko Udalak 2021ean kultur zerbitzuak kudeatzeko lehiaketa publikoa egin ebala, 4,6 miloe eurokoa. Baldintza lez ezarri eban langile guztiek gitxieneko euskera maila jakin bat egiaztatzea. CCOO sindikatuak lehiaketearen kontra egin eban, hizkuntza betebehar horreek ez datozelako bat Barakaldoko errealidade linguistikoagaz.
Ondorioz, epaiketa bat egin eta EAEko Auzitegi Nagusiak CCOO sindikatuari arrazoia emon eta Barakaldoko udalak ez dau helegiterik aurkeztuko epai horren aurrean. Horrenbestez, Barakaldoko 26.000 euskalduni hizkuntza eskubideak urratzen jakuz eta ebazpen horrek urraketa hau betikotzea dakar. Holako injustiziak herri gehiagotan be jazotea ekarri leike.
Egoera hau larria iruditzen jakuez, gaur hemen batu gara eta argitu nahi dogu langileen lan eskubideen alde gagozala eta euskerea ikasteko baliabide egokiak eta behar dituen erraztasunak izatea eskatzen dogula, euren jarduerea hizkuntza ofizial bietan egiteko aukerea izan deien. Ez dugu nahi euskerea langileen eskubideak murrizteko atxakia izatea baina, ostera, eskubide horreen aldeko jarrereak ez daizala euskerea eta gure eskubideak gitxietsi edo baztertu.
Jakin badakigu gai baten inguruan horrenbeste eretxi dagoanean gatxa dala urtenbide egokiena topetea baina guztion interesak asebetetzen dituen erabagiak eta konpromisoak adostu behar dira. 30 urte luzeren ondoren agintariek gaiari seriotasunez eta bitartekoakaz heldu behar deutsela uste dogu. Herritarrok gure lana egiteko gagoz, batzuetan erabagiak txalotzeko eta besteetan salatzeko. Gu, euskaldunon alkarte garenez, euskerea eta euskal kulturea herrian zabaltzeko dinamikan gabiz eta euskaldunon eskubideak defendiduko ditugu, horretarako gure esku dagozan bitarteko guztiak erabiliz.
Zerbitzu publiko guztietan euskerazko arretea bermatuta izatea eskatzen dogu, legeak ezartzen dauen lez.
Bidea luzea izango da baina, aldi berean, orain dala 30 urte bainolaburragoa. Traba nabarmenak dagoz bidean baina danok batera aurrera egitea lortu dogu. Orain lan txukuna egiteko garaia da, trabak gainditzen jarraitzeko momentua. Ebitau daiguzan bidezidorrak. Gure ustez, eragile bakotxaren hausnarketea egiteko momentua da eta askotan erabilitako adostasuna lortzeko eta berbetatik ekintzara pasetako ordua da Euskeraz gure herrian bizi garenon eskubideak bermatzea gura dogu, ez bakarrik komunikaduetan, baita egunerokotasunean be. Horretarako, gai honi merezidutako lehentasuna emon eta behar beste baliabide
martxan jarri beharko litzatekez.
Amaitzeko, eskerrak emon bide askotatik alkartasuna erakutsi deuskuen guztiei. Eta eskerrik beroenak gaur hona hurreratu zarien guztioi. Sasibururen filosofia herritarren arteko alkarrizketan eta alkarlanerako prestutasunean oinarritzen da. Beti nabarmendu dagu lan apala egiten dogula baina inork ez daiala pentsau apala izateagaitik ez dogula beteko herriko euskaldunakaz adostutako konpromisoa: Barakaldon euskeraz biziteko baliabide guztiak aktibetea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!