'Egungo Euskal Literaturea eta Futbola II' liburua aurkeztu dabe

Bizkaie! 2023-01-16 07:45   Kulturea

Baziran irakurleak jokalarien artean, baina horreen irakurketa ohiturak lehen aldiz aztertu dira.

2020an LAIDA Ikerketa Taldeko partaideek Euskal Literatura eta Futbola liburua aurkeztu eben. Hiru urte aurrerago, Egungo Euskal Literaturea eta Futbola II argitaratu dabe. Lehenengo liburuaren moduan hiru atal nagusitan dator: Ikerketea, Irakurketea eta Sorkuntzea.

Liburu honetan, futbolari buruzko ipuingintzea, saiakera, ume eta gazte literaturea eta komikia hartu dira aztergai. Euskal Literaturearen Ipuingintzea aztertu dau Jon Kortazar irakasleak eta lanean Koldo Izagirre zein Katixa Agirreren ipuinak aztertu dira, Harkaitz Cano eta Aritz Gorrotxategiren lanak aitatu diralarik. Futbol eta literatura alorrean munduan ezaguna dan David García Camesek Iribarren mitologizazio prozesua aztertu dau saiakera bi ikertuz. Ume eta gazte Literaturan futbolak dauen presentzia nabarmendu dabe gaian adituak diran Karla Fernández de Gamboak eta Xabier Etxanizek.

Genero Kritikaren bideak erabiliz Maskulinidade barriak aztertu ditu futbolari buruzko komikian Jose Antonio Morlesín Melladok.

Irakurketa atalean, gai barri bi agertzen dira liburuan. Irakurketearen sustapenean aditua dan Miren Billelabeitiak futbol jokalariek zer, zergaitik eta zelan irakurten daben aztertu dau. Athletic, Reala, Eibar, Amorebieta... Lehen eta Bigarren Mailako taldeko zenbait gizonezkori eta emakumeri, zenbait jokalariri galdetegia luzatu deutse eta erantzunak aztertu. Jakina zan bazirala irakurleak jokalarien artean, baina hareen irakurketa ohiturak lehen aldiz aztertu dira.

Antzeko bidetik Mari Mar Boillosek bere lanean Athletic Club taldeak bultzatzen dauen Letrak eta Futbola ekimenaren azterketa sakona aurkeztu dau. Irakurketea indartzeko helburua dauen ospakizun horren eragile dan Galder Regueragaz izan dauen elkarrizketea emon dau argitara, bere nondik norakoak eta erroak azalduz.

Sorkuntza atalean ipuin bi argitaratu dira: Orain gitxi joan jakun Almudena Grandes idazle handiaren futbolari buruzko ipuin bat itzuli da euskerara. Idazle madrildarren lehen itzulpena da euskeraz. Harkaitz Canok ipuin bihurtu dau bere Twist nobelako pasarte bat, futbolagaitik dauen zaletasunaren testigu.

LAIDA ikerketa taldea

Taldeak kulturea eta literaturea eta bien arteko eraginak ikertzen ditu. Lanak eta ikerketak Literaturearen Soziologiatik Kultura Ikerketetaraino doaz. Literatura-genero nagusiek euskal hizkuntzan izandako eboluzinoa aztertu eban LAIDA Taldeak lehenago eta orain gaikako generoetan ezarriko dau arretea, euskal literaturan bultzadea eta barritasuna ekarri baitabe: Nobela baltza edo polizia-nobelea, euskal literaturearen eta futbolaren arteko hartu-emonak, albuma adierazpen literario eta artistiko lez, batez be ume literaturan nagusi dana, bai euskal eremuan zein hemendik kanpora be.

Euskal literatura-sisteman izandako kokapen-aldaketak aztertuko ditu LAIDA Taldeak, eboluzinoaren kontaketa kronologikoa eginez. Kultura Ikerketen bidez literatura-lan horreetako gizarte-identidadeak aztertuko dira. Egungo Euskal Literaturearen Historiako zortzi liburukitan erabilitako estrategia erabiliko da: Sarrera historiko eta kronologiko bat, aukeratutako generoa edo gaia zelan landu dan ikusteko eta sisteman eredugarri bihurtutako literatura-lanen azterketa zehatzak. Lehen zatian Polisistemen analisian oiharrituriko metodologia erabiliko da eta bigarrena Narratologian nahiz Kultura Ikerketetan oinarrituko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu