Gernikako Bakearen Museoak 44.650 bisitari izan ditu 2022an

Bizkaie! 2023-01-16 08:18   Kulturea

Museoak 25. urteurrenea beteko dau 2023. urtean.

Gernikako Bakearen Museoarentzat urte ona izan da 2022a, eta, batez ere ekainetik aurrera, bisitarien susperraldia erakusten du, pandemiaren bi urteetako okerrenaren eta mugikortasun-murrizketen ostean.

44.650 bisitari izan ditu museoak 2022an, 2724 amerikar kontinentekoak (kopuru osoaren % 6), 14.188 Espainiakoak (kopuru osoaren % 31), 19.602 Europakoak (% 44), 7486 Euskadikoak eta Nafarroakoak (% 16) eta munduko beste leku batzuetako 650 persona. Holan, 2019ko zifrearen % 84ra heltzea
lortu zan.

Museoko bisitariez gan, 255 ibilbide gidatu baino gehiago egin dira, Memoritour Gernika, 4 ibilbide: Aterpeak, Picasso eta Gernika, berreraikuntzea eta biktimen omenezko monumentuak eta 3.695 persona baino gehiagok parte hartu dabe. Gernikako memoritour horreek, Museoak jorratutako gaiari jagokozanak (Gernikako memoria eta sinbolo-ondarea), 1.000 ibilbide baino gehiago hartu ditue 4 urteetan (horreetako batzuk pandemian eta murrizketa askogaz) eta 10.000 persona inguru ibilbide horreetan.

Bestalde, 2022. urtea edozeinentzako jardueraz beteta egon da, hezkuntza-jarduerak, tailerrak, egun bereziak, domekak familian eta udalekuak berreskuratuz eta aldi baterako hiru erakusketa garrantzitsu erakutsiz(Memoriartean: Desegindako gomuten aurrean: Memoria eta Gerra Zibila EHUgaz lankidetzan; Joaneko Txartela eta Emakumeak eta umeak gerran dagoan Europan, Europako hainbat museo eta zentrogaz lankidetzan), jente ugari erakarri dabenak.

Era berean, museoak nazinoarteko lau mintegi garrantzitsu atondu zituan Gernikako bonbardaketearen (1937-2022) 85. urteurrena ospatzeko:

- Picassoren Guernicari buruzko mintegia (2022ko apirila), EHUgaz alkarlanean, MemoriArtean proiektu bateratuaren barruan.

- Memoria-leku eta guneetako bitartekarien Eskola Iberoamerikarraren 2. edizinoa (2022ko maiatza-bagila), Txile, Argentina, Peru eta Mexikoko museoakaz lankidetzan.

- Memoria eta turismo-lekuei buruzko online Nazinoarteko Mintegia (2022ko zemendia), Europako Memorien Behatokiagaz (EUROM) lankidetzan.

- Italiak Gerra Zibilean izan eban parte hartzeari buruzko nazinoarteko mintegia (2022ko abendua), EUROM, Ajuntament de Granollers eta Euskadi, Katalunia, Espainia eta Italiako hainbat alkarte eta erakundegaz lankidetzan.

Eten barik segidu dau Museoak, hainbat sare sozial eta hedabidetan egiten dauen dibulgazino-lanagaz eta Espainiako eta Frantziako hainbat artxibotan egiten dauen ikerketa-lanagaz (laster emongo dau horren barri dokumentazino-zentroak).

Urte oparoa izan zan jardueretan eta, urteko azken egunetan, datozen urteetarako Europako hainbat proiektu onartu jakezala museoari jakinarazo eutsen (Making Histories, Remenchild), Europako eta munduko hainbat lekutako museo, unibersidade eta erakundegaz lankidetzan. Horri esker museoa eta Gernika Europako memoria-gaietako erreferente bihurtzen au.

Eta, 2022aren inguruko laburpen azkar honen ondoren, Gernikako Bakearen Museoak ondoetorria emoten deutso 2023 berezi bati, 2023ko apirilaren 8an 25 urte beteko baitira Gernikako Foru Plazan lehen aldiz jenteari ateak edegi jakozanetik. Bilakaera handia izan da Museoak 25 urte honeetan bizi izan dauena, Gernikak memoria eta bakearen inguruan egindako lan zabala ezagutarazo deutselako 700.000 persona baino gehiagori.

Azken buruan, urtero lez museoa zarratuta egongo da urtarrilean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu