Es Canaret paradisua, Eivissak gordeten dauen txoko magikoa

Amaia Larruzea 2023-01-13 13:27   Ibilian-ibilian

Eivissako benetako esentzia, giro zaratatsutik guztiz urrunduta.

Balear Ugarteek aukera anitzak eta zoragarriak eskaintzen deuskuez, eta, gaurkoan, negu bete betean, bertan murgilduko gara, Aste Santuan edo udan bertaratzeko aukerarik izan ezkero, proposamenak jasote aldera. Bost bat aldiz izan naz Eivissan oporretan eta ikaragarri gustuko dodan islea da. Baina oraingoan be, aurrekoen antzera, leku gogokoetara joan bai, baina bestelako ibilbideak eta txokoak ezagutzea eta topetea be nahi izan dot. Hartara, Xarraca Kalan gengozala, wikiloc martxan jarri eta inguruan egozan ibilbideak topau nahi izan nebazan; opor egun guztietan, eguzkitan jarri eta bainuak hartzeaz gan, arineketan, autoan heltzea gatxa dan lekuren bat be ezagutu ahal izateko. Eta, halantxe topau neban Es Canaret preziadua.

Zeharo galduta dagoan kala ikusgarria dogu, baita kalearen inguruan dagozan amildegi eta ibilbideak be. Kalea bera 60 metro da luze eta 10 metroko zabalerea dau, baina bere inguru guztia be zabal-zabala da. Badirudi, sasoi batean, oso gatxa edota ia ezinezkoa zala bertara heltzea, itsasertzean dagoan torretxe batetik baino ezin ei zan, baina, egun, bidea egin dabe jentea bertaratu daiten. Ur gardena eta urdinxka dauen kalatxu honek hatxak ditu barruan eta antxinako itsas langileen etxetxu batzuk inguruan. Ez dauka ez itzalkinik, eguzkitakorik, ezta bestelako zerbizurik be. Horrek egiten dau berezi. Bertara joan, gozau, ez zikindu, eta bueltau, horixe plana, eta bitartean, inguruko bideetatik aurrera jarraitu eta horren atxakian beste txoko batzuk ezagutu.

Oso turista gitxi hurreratzen dira bertara; batetik, autoz bidea txarra dalako, eta bestetik, oinezean edo arineketan heldu behar dalako haraino. Hori gustetan jaku eta horixe balorau, nik neuk behintzat, bai. Bakardade hori, leku ikusgarri batean, Eivissa islako benetako esentzia hori sentiduz, D’en Bossa eta kala ezagunenetan sortzen dan giro zaratatsutik guztiz aldenduz. Eivissa, bere esentzian, bere horretan.

Gorago aitatu dodanez, behin Es Canaret bertara heldu eta kalatxura jatsita, barriro gorantz egin eta nentorren bidetik bueltau beharrean, aurrera egin neban bestaldera joateko.  Wikiloc-eko ibilbidea jarraitu neban, nahiz eta batzuetan nahiko nahasgarria be bihurtzen zan, itsasertzetik oso hur joialako eta GPS-ari gehiago kostetan jakolako asmatzea (ala niri?, kar, kar). Horrek, halan da be, aukera asko emoten ditu, txoko galduenetan dagoan jentea ezagutzeko eta ingelesez pare bat berba trukatzeko, edo zeinen leku ikusgarrian lo egiten daben ohartzeko.

Zelan heldu, ba, leku magiko honetara?

Lehenik eta behin, Portinatx zonaldera joko dogu Eivissan bertan, eta Sant Joanetik 5 kilometrora dagoan Xarraca kalara joango gara, islearen iparraldean. Hondartza luzea eta estua dogu eta taberna bat be badauka. Bertan, aparkaleku nahiko handia dogu, goian eta behean. Autoa itxi, eta aparkalekuaren ezkerretik doan bidea hartuko dogu. Etxe batzuetara helduko gara, eta, handik aurrera, Wikiloc-eko ibilbidea aktibetea gomendatzen deutsuet. Hona hemen proposamenak:

Es Canaret 1

Es Canaret 2

Es Canaret 3

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu