Bertoko 15 talde lehian Donostiako Jazzaldiko egitarauan sartzeko
2023-01-12 13:05 MusikeaUrtarriletik martira, zuzeneko kontzertuak joko ditue hautagaiek.
Donostiako Jazzaldiaren 58. edizinoaren egitarauan, bertoko artistentzat gordetako atala egongo da, urtero lez. Beraz, programa horretan joko daben hamar taldeak aukeratzeko lehiaketea ipini dabe martxan, eta azken fasera heldu diranek zuzeneko kontzertuak emongo ditue hurrengo asteetan.
Lehiaketara 65 proposamen aurkeztu dira eta, guztien grabazinoak entzun eta gero, 15 finalista aukeratu ditue antolatzaileek. Hortaz, hamabost kontzertu izango dira martira bitartean, lehenengoa urtarrilaren 16an, astelehena.
Zuzeneko emonaldien kalidade artistikoa aintzat hartuta, antolatzaileek hamar onenak aukeratuko ditue eta horreek joko dabe Donostiako Jazzaldiko bertoko taldeen atalean, garagarrilaren 21etik 25era.
Kontzertuak Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan eta Altxerri salan egingo ditue. Kutxa Kultur Klubeko sarrerak hemen erosi leitekez, 3 euroan, edo txarteldegian, 5 euroan. Victoria Eugeniakoak doban dira, baina gonbidapena eskatu behar da antzokiko txarteldegian.
Saio guztiak 19:30ean hasiko dira. Lehenengoa, hilaren 16koa, Victoria Eugenian izango da eta Lufti Jafkar's Sixth Trio entzun ahal izango dogu.
Beste taldeak honeek dira: Trio Nordeste, Xavi Maldonado and David Cid Quartet, Mikel Legasa's Quintet, Isla Trio, Les Cuisinieres, Xahu, Amaika Rude, Brian Aching Project, Kinkfolk, Aldakan, Arnaud Labastie Trio, Ura Duo, Motelas eta Fuákata!.
Era berean, zuzeneko kontzertuok bat egingo dabe Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Katapulta Tour ekimenagaz. Musikearen eta arte eszenikoen alorretan Gipuzkoako talentu gazteak babesten ditu ekimen horrek, eta, aldi berean, Gipuzkoako eszenea dinamizetan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!