'Euskal komikia 1975etik' erakusketea, tailer eta bisitak Ugao-Miraballesera heldu dira
2023-01-12 10:02 KultureaUgao-Miraballesek I. Euskal Komikigintzearen Jardunaldiak egingo ditu datozen asteetan.
Ugao-Miraballesko Udalak atondu eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestuta, Jane Jauregiak Komikia: Euskal komikia 1975etik izeneko erakusketea hartuko dau zezeilaren 3ra arte. Proiektu honek orain arte euskal komikiaren azkenaldiko historiari buruz egindako ibilbiderik osoena eskainiko deusku. Argitaletxeak, aldizkariak eta, batez be, egileak buztartzen dira gure bineten munduan barrena egindako bidaia magiko honetan. Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiaren herriz herriko erakusketen Ibiltari programearen parte da.
Azken berrogei urteetan euskal komikigintzeak izan dauen bilakaerea ezagutarazotea dau helburu eta erakusketaz gan, Ludotekan Zer da komiki bat? izeneko jarduerea egin ahal izango da zezeilaren 3ra arte.
Era berean, datozen asteetan tailerrak eta bisita gidatuak be egingo dira:
• Urtarrilaren 14an: Komiki bat egiten tailerra“ (Gaztelekua, 18:00).
• Urtarrilaren 28an, Mirabatxo Kluba: Zelan egiten da komiki bat (Jane Jauregia, 17:00).
• Zezeilaren 3an: Erakusketea ezagutzeko bisita gidatua + familientzako tailerra Mikel Begoña eta Kike Infamegaz (Jane Jauregia, 17:30). Beharrezkoa izango da aldez aurretik izena emotea: 946 48 07 04 / kultura.ugao@ortzadar.es
Aurrerantzean Udalak komikia eta historia buztartzeko jardunaldiak edo ekimenak atontzeko asmoa dau.
Komikia: euskal komikia 1975etik
Lehenengo eta behin, euskal komikigintzearen historiako momentu nagusiak ezagutzeko asmoz sortu da erakusketea. Komikiaren mundua gizartera egokitu da eten barik aldatuz eta barrituz. Bederatzigarren artearen bilakaera hori oso lotuta dago formatuakaz eta publikoaren erantzunagaz, izan be, gutxitan izan dau komikiak atzean sortzaileen amesei eusteko azpiegitura bat; sortzaileek duda barik eutsi deutse militantziari. Komikiaren aurreko interesa gainbeheratik urrun dago eta erakusketan erakusten dan legez, binetetan irakurtearen plazerra deskubriduten dauen publiko barri batengana hurreratzea dau helburu.
Euskal komikia horren adibidea da: Etorkizunari baikortasunez begiratzen deutso. Alde batetik, Astiberrik nazino eta nazinoarte mailan erreferentea dan proiektu bat hazten jarraitzen dau, euskal komikigintza munduan kokatuz. Bestetik, Xabiroi dago, belaunaldi berri bat Euskadin eta euskaraz komikia irakurriz haztea ahalbidetzeaz arduratzen dana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!