'Euskerea, gure etorkizuna', umeak euskerazko ereduetan matrikulau deiezan

Bizkaie! 2023-01-11 12:13   Euskerea berbagai

Matrikulazino epea datorren zezeilaren 13tik 24ra izango da.

Getxoko Udalak familiak seme-alabak euskerazko ereduetan matrikulau deiezan Euskerea, gure etorkizuna kanpainea martxan jarri dau barriro; matrikulazino epea datorren zezeilaren 13tik 24ra izango da. Horregaitik, alkateak seme-alabak lehenengo aldiz matrikulau behar dituen familiei bialdutako eskutitz batean gogoratuko deutse ondokoa: Etorkizuna anitza eta inklusiboa izan behar da eta euskerea erdigunean daukan etorkizun eleanitza nahi dogu.

Horregaz batera, 12 urtera arteko umeak dituen 5.000 bat familiak jasoko daben karta horretan dudak argitzen laguntzeko atondutako berbaldi biren barri emongo deutse Udalak. Lehenengoa, Kulturartekotasuna, euskerea eta bizikidetzea izenekoa izango da, Amelia Barquín López, kulturartekotasunean aditu eta unibersidadeko irakaslearen eskutik, urtarrilaren 19an, eguenean, 17:30ean, Romo ikastetxean. Horretan beste kultura batzuetan jatorria daben umeak euskerazko ereduetan matrikuletearen onuren inguruan berba egingo dau. Bigarrena, Gorka Aurre Urtzak, Neurotrainer eta Garapen Intelektualean adituak eskainiko dau, Irakurle ona=ikasle ona izenburupean, irakurketeak dauen garrantziaren inguruan. Hitzordua zezeilaren 1ean, 17:30ean, izango da Zabala ikastetxean eta  interesgarria izango da Lehen Hezkuntzan dabizen umeen eta nerabeen gurasoentzat eta tutoreentzat.

Berbaldi biak Udalak Egizu alkartearen Sendi egitasmoagaz alkarlanean atondutakoak dira, euskeraz, baina Telegram aplikazinoaren bidez aldibereko interpretazinoa izango da gaztelaniaz. Umeak jagoteko zerbitzua be eskainiko da. Berbaldirako eta umeak jagoteko zerbitzua eskatzeko izena emon behar da hemen, baita Udalak familientzat eskuragarri jarritako baliabideak eskuratzeko be.

Eredu euskaldunek goranzko eboluzinoa erakusten dabe eta horren adibidea da Lehen Hezkuntzako matrikulazinoaren kopurua, D ereduan 2016-2017ko ikasturtean % 52 eta 2022-2023ko egungo ikasturtean % 58koa izan dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu