Darabilbok zortzi proposamen dakarz urtarrilean

Bizkaie! 2023-01-11 10:37   Euskerea berbagai

Bisita gidatuak, gastronomia eta eskulanak dagoz egitarauan.

Darabilboko parte-hartzaileak, Arte Eder Museora egindako bisitaldi batean (argazkia: Darabilbo) | Ikusi handiago | Argazki originala

2023ari indartsu ekingo deutso Darabilbok, urian euskerazko aisialdirako aukerak emoten dituan programeak. Udalak aurreratu dauenez, urtarrilean zortzi hitzorduko egitaraua atondu dabe Bilboko euskaltegien sareagaz lankidetzan, danak dobakoak.

Hilaren 13an izango da lehenengo saioa, hain zuzen be, Rekalde Aretora bisita gidatua. Hango erakusketak ikusi eta aretoaren inguruko jakingarriak ezagutuko ditue parte-hartzaileek. Urtarrilaren 26an barriro egingo ditue bisita bi (14:30 eta 18:30), baina kasu honetan, Arte Eder Museora.

Tailer ugari be badagoz Darabilboren egitarauan. 19an, Matxintxu euskaltegian, pastea izango da tailer gastronomikoko ardatza; 20an, Uribarriko udaltegian, kakorratz tailerra egingo dabe. Azkenik, 24an, pintxo osasungarriak ezagutuko ditue Berbaizu alkartearen egoitzan. Alor gastronomikoa biribiltzeko, 27an garagardo dastaketea dakar Txurdinagako Merkatarien Alkarteak.

Oraingo honetan, zientzia be jorratuko dabe Darabilbon. Galileoren denbora absolutua izenburupean, Jose Ramon Etxebarria irakasle eta fisikariak zientziaren alor ugari modu dibulgatiboan jorratuko ditu. Santutxuko udaltegian izango da, urtarrilaren 25ean.

Darabilboko jarduerak aproposak dira euskeraz bizi zein praktikatu nahi dabenentzat. Saio guztiak dobakoak diran arren, aurretik izena emotea ezinbestekoa da, webgunean, darabilbo@gmail.com helbidean edo 607 530 132 zenbakian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu