'Nahi dugun aisialdi eredura jauzi!'

Bizkaie! 2023-01-11 09:07   Euskerea berbagai

Hezitzaileentzako II. Jardunaldiak atondu ditu Kukulaisik.

Kukulaisi aisialdirako topaguneak Hezitzaileentzako II. Jardunaldiak atondu ditu. Urtarrilaren 28an izango dira Ermuko Izarra Centren, Nahi dugun aisialdi eredura jauzi! lelopean.

Topaguneko SENDI lan-taldea, UEMA eta Urtxintxa izango dira formazino emoileak, izan be, ezagutzak alkarbanatzea saretzearen lehengo pausua dala uste dau Kukulaisik. June Furundarena zuzendariaren ustez, aisialdiko eragileak batera alkarlean indartsuagoak gara.

Ermua aisialdi arloko eragileek alkarrengandik ikasteko topagune bihurtuko da 28an. Formazino egun aberats eta aberasgarri bat izatea espero da eta oraingoan nerbaldiak baino, tailer dinamikoak, alkarregaz eta alkarrengandik ikasteko abagunea emoten dabenak izango dira protagonista. Gai nagusi bi
landuko dira: Hizkuntzen trataerea eta hezkidetzea, hartu-emon sexu-afektibo eta botere-hartu-emonetan indarra jarriz, izan be, Kukulaisik aisialdi euskaldun, hezitzaile eta barritzailean sinisten dau eta horretarako aitatutako ardatz biak jorratzea ezinbestekotzat joten dau.

Ardatz nagusi biren barruan hausnartzea da jardunaldi honeen helburua.

Goizeko 10:00etan hasita, Kukulaisiren agurraren ostean, hizkuntzen gaia landuko da jardunaldien lehen partean. Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa urtez urte, hilebetez hilebete, aldatuz doa. Egoera barrietara egokitzeko, egungo aniztasuna ezagutu eta hori oinarri izanda euskerearen bizibarritzean eragiteko helburua dau Kukulaisik, horretarako aisialdia izanik haren eragin-esparru. Hori dala eta, hizkuntza-aniztasuna izango dabe berbagai lehenik Ermuko jardunaldiek (Topaguneko SENDI lan-taldearen eskutik) eta, atsedenaldiaren ostean (11:30), UEMAren gidaritzapean, aisialdia euskerearen arnasgune bihurtzeko giltzak zeintzuk diran alkarlanean aztertzea izango da bigarren egitekoa.

Ostean, bazkaltzeko etenaldia egingo da 14:00etan eta eguneko bigarren ardatzari helduko jako gero. Aisialdia espazio libre, hezitzaile eta hazteko espazio legez irudikatzen dau Kukulaisik eta horretarako, parekidetasunean oinarritako aisialdi feministea eregi nahi dau. Bide horretan, hamaika ertzetatik helduko jako gaiari, baina aisialdiaren eremuan, hartu-emon sexu-afektiboak eta botere-hartu-emonak gaurkotasun handiko auziak izarten dira. Hori guztia jorratzea izango da jardunaldian bigarren helburua (Urtxintxa Aisialdi Eskolearen laguntzeagaz), behar diranak eregi, besteak deseregi eta aisialdia jagoletzan
oinarritutako gune seguru bat izan daiten.

Nahi dugun aisialdi eredura jauzi egitera goaz!

Informazinoa eta izen-emotea: Ermuko Izarra Centren, 10:00etatik 18:00ak arte.

Doban bazkideentzako eta 4 euro bazkide ez diranentzako (bertan ordainduko da dirutan). Bazkaria barne.

Egitaraua eta izen-emotea hemen

Alkar ezagutzeko eta alkarregaz saretzeko helburuari eutsiz Kukulaisi euskerea lantzeko helburua daben Euskal Herriko Aisialdi Alkarteen alkartea da, sektorea artikuletako jaioa.

Herriz herriko lana oinarri izanda, alkarregaz saretuz, nazino mailako aisialdi proiektu hezitzaile, barritzaile eta euskalduna jorratzea da Kukulaisi aisialdirako topagunearen helburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu