Artium Museoak 2023ko programazinoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2023-01-10 13:14   Kulturea

Alejandro Cesarco, Carolina Caycedo, Rafael Lafuente eta Julia Spínola artisteen erakusketak izango dira.

Alejandro Cesarcoren (Montevideo, 1975) 'Beste adibide berri batzuk' erakusketea | Ikusi handiago | Argazki originala

2023an, museoak erakusketa-proiektuak produzidu ditu nazinoarteko museo eta erakundeakaz lankidetzan, besteak beste, Lisboako Lumiar Cité/Maumaus-egaz, Frantziako CRAC Alsace-gaz, Erresuma Batuko BALTIC Centre for Contemporary Art-egaz eta Institut Valencià d'Art Modern, IVAM-egaz.

Bildumaren kronologia barri bat aurkeztuko dau Artium-ek, baita 50eko hamarkadan hasi eta orain gitxi bilduman sartutako Sahatsa Jauregi eta Nerea Lekuona artistakaz egindako proiektu espezifikoak be.

Museoaren barruko plazan eta kanpoko espazioetan Esther Ferrer, Alberto Peral, José Ramón Ais eta June Crespo artisten lanak aurkeztuko dira.

Z aretoaren erakusketa-programan, Mirari Echávarri eta Irati Gorostidiren, Laida Lertxundiren eta Naomi Rincón Gallardoren produkzinoak egongo dira.

Tabakaleragaz batera produzidutako JAI 2023 ikerketa programea bagilean jorratuko da Artium Museoan.

Artium Museoak urtarrilean edegiko dau 2023ko lehen erakusketea, Rafael Lafuente artisteari eskainitakoa. Enrique Martínez Goikoetxea da Konposaketak/Composiciones erakusketearen komisarioa eta Lafuentek margolari eta diseinatzaile lez egindako produkzino polifazetikoa errepasauko dau.

Martian Alejandro Cesarcoren (Montevideo, 1975) Beste adibide berri batzuk erakusketea inaugurauko da. Erakusketeak pedagogiaren rol, ohitura eta formak ditu ardatz eta artisteak aldi berean lantzen dauen argitalpen-praktikeagaz batera aurkeztuko da. Beste adibide berri batzuk erakusketako komisarioa Beatriz Herráez da eta Lisboako Lumiar Cité/Maumaus-egaz alkarlanean produziduko da.

Era berean, 1950eko hamarkadan modernidadearen narratiba barri lez sortu ziran praktika artistikoak aztertuko ditu erakusketeak, izan be, momentu horretan, Jorge Oteiza, Mari Paz Jiménez eta Nestor Basterretxea lako artistak Latinoamerikatik bueltau eta hainbat enpresa artistiko, politiko eta pedagogikotan ibili ziran. Ibilbidea gaur egungo sasoira heltzen da, hasierako narratiba hareeen irakurketa kritiko garaikideakaz. Sergio Rubirak, Thomas Boutoux-ek eta bildumako eta museoko dokumentazino zentroko konserbatzaileek osotzen dabe komisario taldea.

Bagilean, museoak Julia Spínola (Madril, 1979) artistearen bakarkako erakusketa bat inaugurauko dau. Bertan, plazerraren nozino konplexua aztertzen daben obra barriak batuko dira artistearen eskulturen bidez. Erakusketea CRAC Alsace-gaz alkarlanean produzidu da eta 2024an aurkeztuko da han; Catalina Lozano eta Elfi Turpin (CRAC Alsace-ko zuzendaria) izan dira komisarioak.

Artium Museoaren espazio publikoaren erabilerak zabaltzeko asmoz, Plazaratu proiektuak erakundearen urira eta gizartera zabaltzeko hurreraketa barriak aztertuko ditu. Plazaratu berbeak esangura bi ditu euskeraz: Batetik, plazara ataratea edo jenteari erakustea eta, bestetik, argitaratzea. Itziar Okariz (Donostia, 1965) artistegaz alkarlanean komisariautako programazinoari esker, praktika performatzaileek aparteko garrantzia izango dabe museoaren udako programazinoan. Plazaratu proiektuaren testuinguru berean, Artium Museoak Esther Ferrerren (Zenbaki Lehenak, 2003, Vitoria-Gasteizko Udalak gordailuan itxitakoa), Alberto Peralen (Time, 2006), José Ramón Aisen (Arbolado para calles, imperios y Paraísos, 2022) eta June Cresporen (Core, 2020) lanak barruko plazako gune publikoan jartea aurreikusten dau. Udan, Artium Museoak JAI - Praktika Artistikoen Institutua aurkeztuko dau, Vitoria-Gasteizen eta Donostian egiten dan ikasketa-programea, 2023an laugarren edizinoa izango dauena. JAI metodologia artistikoak trukatzeko eta zabaltzeko gunea da eta Ibon Aranberrik, Asier Mendizabalek eta Itziar Okariz artistek, Oier Etxeberriak eta Catalina Lozanok osotzen dabe batzordea.

Land of Friends, Carolina Caycedo artista kolonbiarraren erakusketea, 2023ko urrian inaugurauko da eta ur-gorputzei, horreekaz lotutako gizarte-mobimenduei eta burruka feministei buruzko haren ikerketa luzea aurkezten daben lanak batuko ditu. Komisarioa Catalina Lozano da eta BALTIC Centre for Contemporary Art-egaz (Erresuma Batua) eta Institut Valencià d'Art Modern-egaz (IVAM) alkarlanean atondu da.

Artium Museoak 2023an jarraipena emongo deutso Z aretoari, mobimentuan dagoan irudiaren praktikei eskainitako programazinoari, Mirari Echávarri (Iruñea, 1988) eta Irati Gorostidi (Eguesibar, 1988), Laida Lertxundi (Bilbao, 1981) eta Naomi Rincón Gallardoren filmen aurkezpenagaz.

Bestalde, museoak bere bilduman oraintsu sartutako artisten praktikeagaz dauen konpromisoa berretsiz, Sahatsa Jauregi eta Nerea Lekuonaren erakusketak aurkeztuko ditu.

Azkenik, Artium Museoak 2022ko urrian inaugurautako erakusketa bi 2023ko udabarrira arte egongo dira zabalik: Alde batetik, Black Place, Jutta Koetherren hainbat margolan baltz batzen dituana. Bertan, formatu handiko mihiseeak zein formatu ertain eta txikiko lanak dagoz ikusgai.

Bestetik, Iván Zuluetaren Asaldura erakusketea martiaren 5era arte egongo da zabalik. Xabier Arakistainek komisariautako proiektua da, Iván Zuluetaren 70eko hamarkadako filmografia esperimentalaren eta artista grafiko lez egindako lanaren izenburuen bilduma bat ardatz hartuta, hartu-emonak izan zituen aktoreei, zinemagileei eta musikariei egindako alkarrizketak zein hainbat muetatako dokumentu-materialak nabarmenduz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu