Gerra osteko Gernika, Artekaleko arkupean
2023-01-04 10:49 KultureaGernikazarra Historia Taldeak atondu dau erakusketea.
Gernikako historia batu, aztertu eta zabaltzeaz arduratzen dan Gernikazarra Historia Taldeak bere artxiboan gordetako agiri eta argazkien zati bat atera dau kalera, uriaren iragana gaur egungo herritarrei hurreratzeko. Hirugarren urtez, Artekaleko arkupean dago erakusketea, handik pasetan diran guztientzat ikusgai.
Oraingo honetan, Gerra osteko Gernika erakusten daben argazkiak eroan ditu kalera Gernikazarrak. 1937ko bonbardaketeak uria ia osorik suntsitu eta gero, kaleak eta etxeak barriro eregiteko urteak izan ziran, errautsetatik uri barria sortzekoak. Hain zuzen be, 1940ko eta 50eko hamarkadetako erretratuak dagoz Artekalen.
Kalkuluen arabera, Gernikako urigunearen % 90 inguru apurtu eban nazien erasoak. Hortaz, uriaren egiturea hutsetik eregi behar izan zan eta gaur egun ezagutzen doguzan kale, plaza eta eraikinen jatorria 1940ko eta 50eko urteetan dago.
Argazkietan, orduko bizimodua agertzen da, alderdi ugaritatik: kulturea, fabrikea, kirol ekitaldiak, eraikinak, tabernak, jentea... Panelik panel eta erretraturik erretratu, gaur egungo gernikarrek eta bisitariek urte gogor baina bizi hareetako barri izango dabe, Gernikazarra taldearen eta Gernika-Lumoko Udalaren arteko lankidetzeari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!