'Txori Gorri', 'Antxitxarburuko buhamiak' eta 'Ibilbidea' plazan

Bizkaie! 2023-01-04 08:28   Kulturea

TZ Testu Zaharrak proiektuaren barruan datoz.

Hiru liburuak ondokoak dira


• Txori Gorri (Andre siux baten idazlanak), Zitkala-Sa.

• Antxitxarburuko buhamiak, Jean Barbier.

• Ibilbidea, Egeria.


Txori Gorri

Andre siux baten idazlanak

Siux herriaren aldarriak

Zortzi urteko neskato ha txoriak bezain libre bizi zan Dakotako ordokietan. Horregaitik jarri bide eutson amak Zitkala-Sa izena, Txori Gorri, hain zuzen. Baina orduan, beste ume siux asko bezela, barnetegi eskola batera bialdu eta hor bere hizkuntzea, kulturea eta bizimodua kendu eutsen, eta horren ordez jente azal zurienak bortxaz ezarri.

Ordutik, Zitkala-Sak hainbat kontakizun eta ipuin idatzi zituan, Siux herriaren zapalkuntzea salatzeko eta bere kultura ondarea ezagutarazoteko. Liburu honetan hareetako esanguratsuenak batu ditue eta Aitor Estebanek idatzitako berbaurreak herri honen historia eta egungo egoerea ulertzeko gako interesgarriak emoten deuskuz.

Antxitxarburuko buhamiak, Jean Barbier

Ijito euskaldunei buruzko kronikea

1895ean, hogei urte zituala, Jean Barbier idazle ezagunak Donazaharren bizi ziran buhame edo ijito euskaldunei buruzko kronikea idatzi eban euskara ezin ederrago batean. Orrialde hareetan xehetasun handiz deskribidu zituan orduko buhame jentearen izakerea eta bizierea, hareen antolamendu, lanbide, ohitura, sinismen eta ospakizunen barri emonez.

Argitalpen honetan Jean Barbierrek idatzi bezela itxi da testua, baina ohar ugariz hornidu dogu, oraingo irakurleak zehetasunik galdu ez daian. Eta Amets Arzallusen sarrerako berbek egungo ijito herriaz gogoetea egitera konbidatzen gaitue.

Ibilbidea, Egeria

Lehen emakume bidaiari eta idazlea

Maite López Las Herasek latinetik euskerara ekarritako liburu honetan, Egeria izeneko emakumeak IV. mendean Galiziatik Lurralde Santura egin eban bidaia kontau eban. Sorterrian itxi zituan neska lagunei bialdutako eskutitzen bidez emon eban hiru urteko bidaia luze haren barri era horretan abenturazko kontakizunen ernamuina izango ziran bidaia egunkariei bide emonez.

Itzulpena egiteaz gain, Maite López Las Herasek aurkezpen sakon bat egin dau, Egeriaren eta beraren liburuaren inportantzia historikoa azpimarratuz eta Uxue Alberdik berbaurrean egungo begietatik aztertu dau lehen emakume bidaiariak orain mila eta seiehun urte egindakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu