CRISPR-Cas sistema ezagunaren orain 2.600 miloe urteko arbasoak berreregi ditue
2023-01-03 09:27 Pil-pileanProiektua CIC nanoGUNEko Ikerbasque ikertzaile Rául Pérez-Jiménezek zuzendu dau.
Emoitzen arabera, bizibarritutako sistemek funtzionetan dabe eta, gainera, egungo bersinoak baino moldakorragoak dira eta aplikazino iraultzaileak izan leikiez. Nature Microbiology zientzia-aldizkari ospetsuak ikerketa horren emoitzen barri emon dau; ikertzaile-taldearen eretxiz, emoitza horreek edizino genetikorako bide barriak edegiten ditue.
CRISPR akronimoa bakterioen eta arkeoen (organismo prokariotoak) DNAn dagozan sekuentzia errepikakor batzuen izena da. Mikroorganismo horreek beren arbasoak infektau dituen birusen material genetikoaren zatiak gordeten ditue errepikapenen artean eta, horri esker, infekzinoa errepetiduten bada, inbaditzailea ezagutzeko eta haretatik defendiduteko aukerea dabe, errepikapen horreekaz lotutako Cas proteinen bidez inbaditzaileen DNA ebagiz. Defentsa antibiralaren mekanismo bat da (CRISPR-Cas sistemea). DNA-sekuentziak ezagutzeko gaitasun hori da bere erabilgarritasunaren oinarria, guraize molekular bat balitx legez jarduten baitau. CRISPR-Cas teknologiaren bidez, gaur egun material genetikoaren zatiak ebagi eta itsatsi daitekze edozein zelulatan eta, beraz, teknologia hori DNA editetako erabili daiteke.
Gaur egungo ikerketearen helburu nagusia da CRISPR-Cas sistemen bersino barriak topetea planetako lekurik ezkutuenetan. Horretarako, muturreko inguruneetan bizi diran hainbat espezieren sistemak aztertzen dira edo horreek aldatzeko diseinu molekularreko teknikak apliketan dira. Baina bada sistema barriak topetako beste modu bat: Joaneko denporetan bilatzea; eta hori da, hain zuzen be, ikerketa honen oinarria.
NanoGUNEko Nanobioteknologia taldeak, Raúl Pérez-Jiménez buru dauela, urteak daroaz proteinen bilakaerea aztertzen, bizitzearen jatorritik gaur egunera artekoa. Desagertutako organismoen proteinen eta geneen antxinako berreraikuntzak egiten ditue, ezaugarriak aztertu eta jakiteko ia aplikazino bioteknologikoetan erabili daitekezan ala ez. Denporan zeharreko bidaia bat da, teknika bioinformatikoen bidez egiten dana. Nature Microbiology aldizkarian argitaratu barri dan lan honetan, CRISPR-Cas sistemen historia ebolutiboa berreregi dabe lehen aldiz, orain 2.600 miloe urteko arbasoetatik gaur egun arte.
Ikerketa-taldeak antxinako CRISPR sekuentzien berreraikuntza informatikoa egin dau, sintetizau egin ditu, eta hareen funtzionaltasuna aztertu eta berretsi dau: Harrigarria da ziurrenik duela milaka milioi urte existidu ziran Cas proteinak bizibarritu ahal izatea eta egiaztatu ahal izatea ordurako baebela edizino genetikoko tresna gisa jarduteko gaitasuna; hori berretsi dogu orain, giza zeluletan geneak arrakastaz editauta, azaldu dau Lluís Montoliu ikertzaileak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!