Untzillatxen, Elosuko harrobiko hormetan gora, Atxarteko hatxen begiradapean

Amaia Larruzea 2023-01-02 10:18   Ibilian-ibilian

Bizkaian, hatx-eskaladearen erdiguneetako bat dogu hau.

Bizkaiko nire lekurik kuttunenetako batean amaitu dogu urtea, non eta Mañaria herrian kokatutako Untzillatx mendian. Urkiolako Parke Naturalean dezente ibili gara Ibilian-ibilian atal honetan, beti leku eta txoko ezbardinak eta ibilbide anitzak ezagutuz. Oraingoan, katu-hankak jantzi, sokea arnesera lotu eta Elosuko Harrobiko hormetan gora igongo dogu.

Hainbat sektore daukaguz inguru honetan: Atxarteko Bahia, Labargorri, Eguzkiarre, Aurrekoatxa, Madagaskar, Artadi, Espoloiak eta abar. Asko dagoz inguruetan, Bizkaiko hatx-eskaladearen erdiguneetako bat dogulako bertan. Untzillatxek, zehatz esanda, kirol-eskaladako sektore hau dau ezagunena, nahiz eta bere arpegi guztietan luzeetako eskaladako hainbat bide be badituan. Hurreratu gaitezan, bada, bertara!

Urkiolara igoteko bidea hartuko dogu, eta horretarako, Mañaria herrira joango gara, Bizkaitik edo Gipuzkoatik etorri ezkero, Durangotik bertara abiatuta; eta Legutio eta Otxandiotik behera, Arabatik bagoaz. Gatzaietako baserriaren ondoan dagoan aparkalekuan itxiko dogu autoa. Argazkietan oso ezaguna dan baserri ederra dogu, bertatik dalako Untzillatxeko panoramikarik ohikoenetako eta ederrenetako bat. Hori bai, aparkalekua ez da oso handia, eta berehala beteten da eskalatzaile eta mendigoizalez. Beraz, asteburua bada, goiz joatea komenidu da. Baina oraingo honetan, aste bitartea izanik, ez genduan arazorik izan. Esperientziaz dinotsuet, ostera, Urkiolara igoteko errepidearen bestaldean, aparketako lekua dagoala dirudian arren, isuna jarri ohi dabela, beraz, adi hor. Hoba barrualdean aparketea.

Behin motxila lepoan hartuta, baserrirantz abiatuko gara eta bertako iturri urdinean ura hartuta, eskumarantz egingo dogu ohiko bidetik. Baso ederretatik barrena aurrera egin eta Mañarirantz jaisten dan ezkerreko bidea hartu beharrean, eskumako bidetik aurrera jarraitu, eta bidegurutze batera helduko gara. Eskumako bidea, oraingoan, autora joateko bueltako bidea izango da, eta guk aurrera egingo dogu, basoan barrena jarraituz. Aurreratxuago, beste bidegurutze batean, eskumako bidea hartuko dogu Elosuko harrobira joateko; hau Untzillatxetik Atxartera jaisteko ohiko bidearen ondotik be badoa eta Diagonaleko bidetik hur be bai. Bertara heltzean, Astxiki, Alluitz eta Anbotoko mendilerro maitea izango doguz aurrez aurre. Goian, bide errez batzuk eta desplomea daben beste batzuk dagoz. Ondoren, lerro bertikalagoak dagoz erdian, eta ondoren, beheko horma luzea dago.

Aukerak ugariak dira harrobi honetan leku guztietan, 4c-tik hasita, eta 7c+ bueltan dagozan graduko bideak be bai. Aderentzia da hemen kakoa eta Untzillatxeko sekretua. Krokisak hementxe doguz, adi beheko hormako erdialdean dagozan bideei, barriro ekipau dituelako eta gradua aldatu izana be posible da. Barriak be ekipau ditue, beraz, baleiteke lehengo krokisak bat ez etortea. Adi horri. Hasibarrientzat eta fanatikoentzat, danentzako dagoaz aukerak. 17. bidea ei da semiekipauta dagoan bakarra, bestelakoak ekipaturik dagoz eta badira kirol eskaladako bidean luze lez sailkatu ahal diranak be. Paraboltez ekipauta dagoz gehienak eta kimikoez beste batzuk. 70-80 metro bitarteko sokak eroatea komenidu da, eta adi batzuen luzereagaz.

Azkenik eta amaitzeko, eguzki ederra eta hotz handia, biak batean, bertan. Sasoiaren arabera. Ikuspegiak, ostera, merezi dau. Aderentziak eskaintzen dauen zirrareak be bai, eta Atxarteko hatx zoragarrien begiradapean eskaleteak, zer esanik ez. Gozau!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu