Toti Martinez de Lezearen 'Bretxa' liburua musikal bihurtu dabe
2023-01-02 07:59 KultureaUrtarrilaren 13an da estreinaldia, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.
1813an Donostia erre ebeneko eguna zehaztasun handiz eta herritarren ikuspegitik kontetea da Bretxa antzerki musikalaren helburua. Toti Martinez de Lezeak idatzitako Bretxa liburuan oinarrituta atondu dabe oholtza ganeko bersinoa Bergara Antzerki Musikala alkarteko kideek, Oihan Vega eta Valen Moñux buru, eta dana prest dabe urtarrilaren 13ko estreinaldirako.
Hain zuzen be, hiru saio egingo ditue Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, hilaren 13an, 14an eta 15ean. Sarrerak agortuta dagoz, baina martian beste emonaldi bat egongo da Bergaran, eta hor badago lekua (erosi sarrerak hemen).
XIX. mendearen hasieran Europa osoa astindu eben Gerra Napoleonikoetan kokatuta dago Bretxa. 1813ko abuztuaren 13an, frantsesak Donostiatik bota zituen eta aliaduak sartu ziranean dan-dana erre eben. Benetako jazoera horren testuinguruan, Kale Nagusian txokolategia dauen Maritxuren eta honen alaba Marinaren gorabeherak kontetan dira musikalean. Donostiar gehienek uritik iges egin dabe, baina Maritxuk geratzea erabagi dau.
Hondamendia gainditu eta errautsetatik berbiztuteko Donostiak izan eban indarra erakustea da obrearen asmoa. Martinez de Lezearen liburuaren oinarriari eutsita, herritarren ikuspegia funtsezkoa da kontakizunean, batez be emakumeena.
Hileak daroez Oihan Vegak, Valen Moñuxek eta Bergara Antzerki Musikaleko kideek Bretxa egiteko prestakuntzetan, tamainu handiko ikuskizuna da eta. 15 aktore eta abeslari agertuko dira oholtzan, baita 20 jantzari, 26 musikari, 40 korista heldu, 12 ume korista eta 40 soldadu be. Ohiko dekorazinoaz gan, pantaila handia eta 3D-ko animazinoak erabiliko ditue.
Martinez de Lezearen testuan oinarrituta, partiturea Oihan Vegak egin dau. Libretoa, ostera, Vegaren eta Valen Moñuxen alkarlanaren emoitzea da. Gipuzkoako kultur eta antzerki talde ugariren laguntzinoa be izan dabe.
Makina bat personaia eta hizkuntza ugari eroango ditue oholtzara. Soldaduek ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz egingo dabe berba, baina testuaren % 85 euskeraz da, donostiarrak diralako protagonista nagusiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!