Jon Urutxurtu: 'Eleuterioren jarrerea beti izan da adiskidetasuna'

Koldo Isusi Zuazo 2023-01-09 07:55   Barriketan

Jon Urutxurtu.

Ondarea jagon eta zabaltzeko ardureari eutsiz, non eta zertan ez dabil Urutxurtu zeanuriztarra: Zeanuriko Ermiten Mendi Martxak, Zeanuriko Erroten Ibilaldia, Piedadeko artearen neurketea, Argiaren Jaia, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia, Zeanuriko kofradien arteko bola txapelketea, San Justoko karobia barriro ketan ipinteko eguna, Arratiatik Urkiolarako errogatibea, Elexartza baserritik Arrabako landara eta beste batzuetan be ibili da eta badabil Jon Urutxurtu.

Liburuak be idatzi eta erakusketak be atondu ditu eta Gorbeialdearen Garapenaren aldeko Ipizki Taldean be makinatxu bat ekarpen egin ditu eta oraintsu Eleuterio Goikoetxea eta Eleuterioren txabola (Gorbeia). 1922-2022 idatzi dau, ikerketa-lana. Liburua erosi edo konsultau gura dauenak Zeanuriko Loli Leire dendan topauko dau, baita BFA/argitalpenak txatalean hemen. Ganerakoan, Bilbon, Foru Liburutegiaren sarreran be badago eta liburudendatan be laster erosi ahal izango da.

Horrezaz gan, Bilbotik Durango eta Arratiarako tranbia elektrikoa. 50 urte Arratiako tranbia barik agortuta dagoanez, berrargitalpena plazaratzekotan be badabizala.


1.- Gorbeian, Igiriñaon Eleuterioren txaboleak 100 urte bete ditu, sasoi haretarako ekimena aitzindaria, Eleuterio Goikoetxearen ekinbidea aitzindaria izan 
zan, Euskal Herriko lehen mendiko aterpe-ostatua eregi eta zabaldu eban eta. Nahikoa motibo izan dira aitatutako horreek ikerketa lan hau egiteko?

Bai. Kontuan izan 100 urte bete dirala aurten, mendea da hori eta, bestetik, sasoi haretarako txabolea zabaltzea izan zan gauza handia, aintzindari, ordura arte inork egin ez ebana. Zeanuriztar batek holako lanari ekitea sekulakoa izan zan. Hirugarren arrazoia be emongo deutsut ze sarritan egiten doguz hemen
Gorbeia eta Gorbeiaren inguruko jarduerak eta konturatu behar gara orain 100 urte baegozala gure herrikideak holakoetan sartzen ziranak, horretaz kontzientzietako jarduna izan zan Eleuteriorena.

2.- Nor zan Eleuterio Goikoetxea?

Zeanuriko herritarra zan, baina nik esango neuke aitzindaria izan zala mendizaletasunaren turismoan; horrezaz aparte, herriko gauzetan endredauta ebilen gizona zan, kulturan, politikan zein erlijino mailan; Zeanuriko Dantzariak taldeko ordezkaria izan zan, erlijinoaren arloan, Junta de Accion Catolicako
idazkaria izan zan eta politikan, barriz, EAJko kidea, zinegotzia be izan zan 1914tik 1918ra eta Errepublika sasoian alkate lanak egin zituan herrian. Gerra denporetan be Zeanuriko Defensarako Batzordeko buru izan zan. Eleuterioren jarrerea beti izan da adiskidetasuna eta ez errepresiboa, baita gerra sasoian be.

3.- Eleuterio mendiko turismoaren aitzindaritzat jo daiteke. Zergaitik?

Eleuteriok zabaldu eban Euskal Herriko lehenengo mendiko aterpe-ostatua. XX. mendearen hasieran, Bilbo industrializazino prozesuan egoan eta Ingalaterratik etorren jarrereari eutsi eutsen, natureagaz hartu-emonak izatea, hain zuzen be; Bilboko burgesia mendira ibilaldiak egiten hasi zan, batez be, Bilboko Klub Deportibo taldeak eutsi eutson horri. Mendizaletasunaren inguruan modea sortu zan baina horrezaz gan, inportantea izan zan Diputazinoaren plana Gorbeia Parke Nazional izentetako eta izentapena egin eban nahiz eta baliorik izan ez ze hori Estaduaren konpetentzia zan; plan horren barruan makinatxu bat proiektu egozan, besteak beste, aterpe bat eregitea, bideak konpontzea, gaztaiak egiteko ikastaroak eskaintzea eta iturriak konpontzea. Horren aurrean Eleuteriok proposamena egin eban: Txabolea neuk egingo dot. Esan eta egin. Bizkaiko Foru Aldundiaren % 50 dirulaguntzinoa izan eban.

4.- 1923an eta gero 1927an barriztatu eta handitu egin eban aterpea. Eraikuntzan eta finka tasatzaile moduan egiten eban lan eta Bilboko Portuko Obra Batzordeko enplegatua be izan zan. Behargin fina...

Bai. Persona errespetatua zan herrian eta lursail, muga eta holakoetan gatazkak eta sortzen ziranean, tartekari lanak egiteko beti egoan prest. Dokumentuetan agertzen da zein dan Eleuterioren ofizioa eta batzuetan agertzen da arotza zala, beste batzuetan, ebanistea zala eta baserritarra zala be agertzen da. Baina izatez Eleuterio eraikuntza lanetan ibilten zan, finka tasatzaile, hain zuzen be; kontuan izan, berak topau eutsela Eubako Pasionistei eraikuntzea.

5.- Gerra zibilean mendiko aterpeak kalteak izan zituan eta Eleuterio bera, lehenengo kartzelaratua izan zan eta gero deserriratua; kontua da ze aterpeaz emaztea, Gillerma Uriarte eta seme-alabak arduratu zirala...

Bai. Nazionalak sartu ziranean, Eleuterio EAJko alkatea zan Zeanurin eta kartzelan sartu eta aurrerago epaitu egin eben; epaiaren sententzia izan zan 6 hilebete eta egun bat egin behar zituala preso; hori dokumentua badaukat baina familiak dino hiru urte egin zituala kartzelan. Artxiboan be ibili nintzan eta
sei hilebete eta hiru urte gorabehera handia zala esan arren, espedienteari egin behar jakola kasu esan eustien. Aurrerago, barriz, Gillermari espedientea zabaldu eutsen eta han agertuten da senarra dagoala Oñan, Eskolapioen kartzela probisionalean eta horrek esan gura dau sententzia urtarrilean amaitzen bazan be eta abenduan kartzelan segiduten baeban, luzaroan egon zala kartzeleratua.

6.- Mendiko aterpe-ostatutik hur ermita txikia be eregi eban —gaur egun be han dago—, Edurretako Amaren ermitea, hain zuzen be. Sinismen erlijioso sakonak zituan Eleuteriok...

Bai, hiru anai Jesusita zituan Eleuteriok eta seme bat be Jesuitea zan, antza. Eta lehen be esan deutsut Accion Catolicako idazkaria izan zala. Oso erlijiosoa zan eta txabolea inaugurau ebanean, polemika txikia izan eban Antxon Bandresegaz, Federazinoko Presidenteagaz ze Bandresek idatzi eban artikulu bat Liberal periodikuan: A mi buen amigo Eleuterio, kritika txikia eginez, erlijinoa eta mendizaletasuna nahastea ez zala bidezkoa.

Txaboleagaz batera, Edurretako Amaren ermitea be eregi eban eta salerosketea egon zanean, 71. urtean emazteak eta alabeak hori ermitea dohaintzan emon eutsen Zeanuriko parrokiari.

7.- 1942an Espainiako Mendizale Federazinoko Euskal Ordezkaritzeak aterpea erosteko proposamena egin eta Eleuteriok onartu egin eban: Zati bi saldu eta hirugarrenagaz bera geratu zan. Federazinoak 10.000 pezeta ordaindu eutsazan, beste 12.000 erositako atalak egokitu eta barriztatzeko erabili zituan eta 1943ko garagarrilaren 11n berrinaugurau eban...

Lehen esan deutsut gerra ostean, aterpea kaltetuta egoanez, Federazinoak bere aterpea euki gura eban eta Sopeñak eskaintzea egin eutson eta behartuta edo (compras o compras) onartu egin eban Eleuteriok eta 10.000 pezeta eroan zituan. Parte bi saldu eutsozan Federazinoari eta parte txikienagaz Eleuterio geratu zan. Hortik aurrera, Federazinoak egin eban berrinaugurau 1943. urtean eta Hierro egunkariak orrialde osoa eskaini eutson notiziari.

8.- Eleuterio 1956ko maiatzaren 1ean hil zan eta familiak 1957an Bilbao Alpino Club-ari saldu eutsan bere partea: Gillerma alargunak eta Begoñe alabak sinatu zituen salmenta-eskriturak.

1957an, barriz, Federazinoak bere jaubetzapean zituan atal biak salgai jarri zituan, bata Juventusek erosi eutsan eta bestea Iberduerok. Eleuterioren txabolea izan zanak gaur egun Igiriñaon jarraitzen dau, hiru zatitan banatuta eta zati bakotxaren jaubeak honako honeek dira: Iberdrola (Arnotegi Mendi Taldea), Bilbao Alpino Club eta Juventus S. D.

9.- Egungo jaubeak nortzuk diran jakinda, zein izango ete zan Eleuterioren gogoeteta?

Nor jakin...[Barreka]. Gerrarik eta egon ez bazan, Eleuteriok jarraituko ebala pentsetan dot baina gerraostean panoramea gogortu egin zan eta apurka-apurka saltzen joatea beste biderik ez zan egon. Alargun be geratu zan Gillerma eta seme-alabak be kanpora ezkondu ziran. Eleuterio persona ona bai baina etxekalte zala esaten ei eban Gillermak...

10. Eleuterio Goikoetxea Goikouria, Zeanurin jaio zan 1888ko urri lehenengoaren 6an Rotaetxe familiaren jaubetzea zan Zubiate izeneko etxean eta 1915eko urtarrilaren 23an Gillerma Uriartegaz ezkondu zan. Zelakoa izan zan Gillermaren lana eta indarra mendiko aterpearen inguruan?

Sekulakoa izan zan Gillermaren ekarpena. Aterpea eta ostatua zan, behar asko pilotuten zan eta haren indarra eta nortasuna sano garrantzitsuak izan ziran.

11.- Liburua euskeraz eta gaztelaniaz idatzita dago. Ehun bat orrialde ditu eta testuez gan, 65 bat erretratu, mapak, planoak, marrazkiak eta bestelakoak dakarz. Egin dozun dokumentazino lan potoloan zer nabarmenduko zeunke?

Zoratu beharrean ibili naz baina dokumentazinoa beharrezkoa da holako lanotan. Herrian egindako alkarrizketak, bisitak, herritarren erretratu eta holakoak, agiriak, dokumentuak eta pilo bat erabili dodaz, artxiboetan be ibili baz baina uste dot gehiago be egongo dirala, kartzelaratzea eta bestelako kontu batzuk argitzeko. BFAren artxiboan be topau dot aterpeari buruzko espediente osoa eta sano interesantea izan da niretzako.

Beste alde batetik, Eleuterioren hileta eleizkizunera etorri ziran batzuk txapel gorriz jantzita, haren jarrerea txalotzekoa zalako, ideologiari jagokonez kontrakoak izan arren, jokabide moral onekoa eta gaiztakeria eskasekoa zalako.

12.- Nortzuk dira liburua argitaratzea babestu dabenak?

Liburua argitaratu dau Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Sailak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu