Eneko Zuloaga: 'Hizkuntza bat bizirik badago, aldatu egiten da'
2023-01-02 08:02 BarriketanHizkuntzalaria.
Eneko Zuloaga hizkuntzalariak Mendebaleko Euskara Zaharra: ezaugarriak, kronologia eta geografia argitaratu dau, Erdi Aroko euskerea hobeto ulertzen lagunduko deuskun liburua. Hain zuzen be, X. eta XV. mendeen artean Araban, Bizkaian, Gipuzkoako zati handi batean eta Nafarroako eskualde batzuetan berba egiten zan euskerea izan dau ikergai, Mendebaleko Euskara Zaharra dalakoa.
Euskal Filologian lizentziaduna eta Filologia eta Hizkuntzalaritzan doktorea da Zuloaga. Dialektologia eta hizkuntzalaritza historikoa ardatz, liburuak eta hainbat artikulu ditu idatziak, eta Uztaro eta Fontes Linguae Vasconum argitalpenetako erredaktore-batzordeko kidea da. Beste euskal hizkuntzalari gazte batzukaz batera, Aziti Bihia alkartean dabil.
Euskaltzaindiaren eta EHUren alkarlanari esker datorren Mendebaleko Euskara Zaharra liburua Durangoko Azokan aurkeztu eban Zuloagak. Kontau deuskunez, orain dala mende batzuk euskalkiak alkarren antzekoagoak ziran gaur egungo aldean, eta Mendebalde zabaleko hizkerak batzen dituan ezaugarri ugari identifikau geinkez. Aspaldi erabilten ziran forma batzuk, ostera, galdu egin dira. Hizkuntza bizi guztietan legez, euskalkiak, azken batean, eten barik aldatzen doaz.
1.- Zein da liburu honen jatorria? Oker ez banago, zure tesian oinarritu zara.
Halan da, bai: sei-zazpi urteren ostean, 2020an defendidu neban doktorego-tesia, eta tesiaren zati bat dago liburuaren oinarrian. Zehatz esateko, Erdi Aroko ezaugarri linguistikoai eta banaketa dialektalei buruzko atalak dakarz liburuak, beste atal batzuekaz osatuta. Tesian aztergaiak mugatu egin behar izan nebazan, eta liburu honetarako ezaugarri gehiago aztertu dodaz, batez be kasu markakaz eta aditzakaz lotutako gaiak. Bestelako osotasuna emon gura izan deutsat liburuari.
2.- Erdi Aroko euskerea jorratzen dau liburuak. X.-XV. mendeko euskerearen ezaugarriak zehazteko, ze iturri erabili dozuz?
Lau iturri mota, funtsean. Lehenengo eta behin, hizkuntzen historia aztertzeko dagoan iturririk sendoena: testu-tradizinoa, aurreko mendeetako idazleek idatzitako liburu, errefrau-bilduma, kantu, gutun eta bestelako testuak. Bigarrenik, onomastikea, batez be testurik ez dagoan garai eta lekuetako euskerea aztertzeko. Hirugarrenik, hizkuntza-forma modernoetatik abiatuta berreregi leitekezan formak, denporan atzera oso urrun joateko aukerea emoten dabenak. Laugarrenik, euskalki modernoetako datuak.
3.- Mendebaleko Euskerea da gai nagusia, baina ez gaur egungoa, Erdi Arokoa baino. Zer da, ba, Mendebaleko Euskera Zaharra?
Mendebaleko Euskera Zaharra da zuzenean lekukotu bako hizkuntza-egoera bat, Erdi Aroko datu apurrak eta XV. mendearen osteko testuetako ezaugarriak aztertuta irudikatu beharreko egoerea. Guretzat urruneko garaia da, eta oso geografia zabalekoa. Euskalki bat baino gehiago, makroeuskalki bat da. Euskal Herriko erdi-mendebalean gerora ezagutu eta ezagutzen doguzan arabera, bizkaiera eta gipuzkeraren aurrekaria.
4.- Makroeuskalkia dala dinozu, zer da hori?
Esan gura dodana da oso eremu zabala harrapetan eban euskalkia dala. XIX. mendetik aurrera ohituta gagoz euskalkiez berba egitera, eta ikusten dogu euskerea, eremu txikia hartzen dauan hizkuntzea izan arren, oso zatituta dagoala, euskalki asko daukazala: Bonapartek zortzi euskalki bereizi ebazan 1870 aldera, eta Zuazok bospasei azken hamarkadotan. Kontua da euskalki horreek aurreko egoera batzuetatik datozala, hizkuntza guztietan legez, eta egoera linguistiko horreetan ezbardintasun dialektal txikerragoak agertzen dirala: denporan atzera egitean, euskalkien arteko ezbardintasun gitxiago dagoz eta eremu dialektalak askoz zabalagoak dira.
5.- Koldo Zuazok esan ebanez, Gasteiztik zabaldu ziran barrikuntza asko Mendebaleko eremu zabalera. Halan izan zala uste dozu?
Bai, halan izan zala uste dot, eta liburuak badakarz horren aldeko datu eta idea gehiago. Ezaugarri batzuen indarra eta geografia ikusita, emoten dau errazago azaltzen dirala Gasteizen sortu eta handik zabaldu zirala pentsauta; emoten dau Araban eta Bizkaian ez eze, Gipuzkoan eta Nafarroako mendebalean be badagozan ezaugarri batzuk behintzat errazago azaltzen dirala Gasteiztik abiatuta. Adibide bat emongo deutsut: berba akabuan a letrea daukien berbai -a mugatzailea gehitzean, -ea sortzen da, eta hortik datozkuz tabernea, gonea edo euskerea formak, mendebaleko euskereari lotu-lotuak. Ezaugarri hori zaharra da, X.-XI. mendeetakoa, eta Araban dauka inon baino indar gehiago. Nire ustez, Mendebaleko Euskera Zahar deitzen dogun makrodialektoaren ezaugarri zaharrenak Araban sortu ziran, eta handik zabaldu.
Baina, aurrekoak esanda, besterik be esan edo zehaztu behar da. Azken urteotan halako jokera bat egon da mendebal zabalean topetan genduzan ezaugarriak eredu horren araura azaltzeko. Nik, ikerketea egin ahala, besterik be ikusi dot: ezaugarri zahar-zaharrenak Gasteizi eta Arabari lotzen jakoz, baina momentu batetik aurrera Bizkaiko euskereak (eta, zehatzago, Bilbo aldekoak) be eragin handia euki dau: -gaz markea, adibidez, mendebaletik kanpo hain deigarri dana, Bizkaitik zabaldutako ezaugarria da, eta horrek be oso eremu zabala hartu dau denporeagaz: Bizkaian ez eze, Araba osoan eta Gipuzkoako hego-mendebalean be erabili eta erabilten da.
6.- Mendebaleko Euskara Zaharraren ezaugarriak begiratuta, lotura hurrekoa ala urrunekoa da gaur egungo Bizkaiko hizkerakaz?
Alde batetik, gaur egungo Bizkaiko euskereak hor daukaz Mendebaleko Euskera Zaharrak Erdi Aroan sortutako hainbat ezaugarri, Bizkaiko euskerea ingurukoakaz lotzen dabenak. Beste alde batetik, Bizkaiko euskereak berak ezaugarriak sortzen jarraitu dau XV.-XVI. mendeetatik hona; kasurako, s eta z eta ts eta tz ez bereiztea XVII. mendeko ezaugarria da; herri edo eskualde askotako bereizgarri diran ahoskera-kontuak be (astoa, astua edo astue esatea… euskerea, euskeria, euskerie, euskere, euskeri esatea…) modernoak dira, XVIII.-XIX.-XX. mendeetakoak... Euskalki guztietan jazo dan legez, aurretik etozan ezaugarri batzuk gorde ditu Bizkaiko euskereak, eta beste batzuk sortu edo hartu.
7.- Batzuetan pentsetan dogunaren kontra, euskalkiak ez dira betidanikoak; eta aldatzen doaz, ezta?
Hizkuntza edo dialekto bat bizirik badago, aldatu egiten da; hil-hurrean dagozanak be aldatu egiten dira desagertu bitartean. Geurean halako mitologia bat egon da (eta dago) sektore batzuetan, eta pentsau izan da gaur egungo euskereak ez dakit ze arotako berbakerearen arrastoak gordeten dituala; baina, edonor konturatuko da, apur bat pentsau ezkero, geure aitite-amumek eta guk ez dogula bardin berba egiten, hareen berba, esakune eta bestelako batzuk behintzat guk ez doguzala erabilten eta, aldrebes, geuk erabilten doguzan batzuk hareek ez leukiezala ulertuko. Aurreko mendeetako euskerazko edozein testu hartuta be erraz ikusten da hori: gaur egun ogia eta ura dira zoroen eta txakurren jatekoak esateko, inok ez leuke esango XVI. mendeko errefrau-bilduma bizkaitar batek dakarren errefraua: Ogiagaz ura, oragaz eroen elikatura.
Euskalkiakaz bardin pasetan da: euskalki bat ezaugarri-moltso baten ganean marraztutako eremu bat da, eta ezaugarri horreen historia aztertzean, ikusten da denporan atzera egin ahala, ezaugarri horreek ahuldu edo desagertu egiten dirala, lehenengoz noz eta non dokumentetan diran ikusteko modua dago… Eta, denporan atzera egin ahala, gero eta gatxagoa da ezaugarri bereizgarri horreek topetea Denporan atzerago, euskerea batuago agertuten da.
8.- Hortaz, zure ustez, gaur egungo euskalkiek zer emoten deutsue hizkuntzalaritza historikoan zabizanoi?
Euskalkien historia aztertzeak euskerearen beraren historia aztertzeko eta hobeto ezagutzeko aukerea emoten dau, bere dimensino guztietan. Alde batetik, euskerearen beraren ezaugarriak noz, non, zelan… sortu eta zabaldu ziran ikusteko aukerea emoten deuskue halako ikerketek. Beste alde batetik, euskerea erabili daben komunidadeen dinamika sozialak zeintzuk izan diran ikusteko aukerea be emoten dau euskalkien ikerketeak. Azken batean, dialektoak zein hizkuntzak personakan eta personek eratzen dituen sareetan bizi dira, eta maila linguistikoan ikusten diran lotura eta etenek aukerea emoten deuskue ikusteko gizartea zelan antolatzen zan, eragin-esparruak zeintzuk ziran, etenak edo mugak non egozan, eta abar.
9.- Erdi Aroko euskerea albo batera itxiko dogu orain. Irulegiko Eskuak zeresana emon dau, zuri ze pentsamendu edo sensazino eragin deutsuz?
Hainbat. Lehenengo, poza, 2.000 urtean lur azpian egon dan pieza bat berreskuratu ostean zer-eta baskoiek erabilten eben hizkuntzea agertuten dalako hor, idatziz. Piezeak berak interes kultural handia dauka, orain arte ezagutzen ez zan informazinoa dakarrelako; esaterako, baskoi batzuek euren hizkuntzea idatzi egin ebela. Bigarren sensazinoa jakinmina da; filologo-hizkuntzalaria nazen aldetik, hor agertzen dan baskoieraren inguruko jakinmina. Hirugarrena halako erdi-haserre, erdi pena edo pena- puntu bat, oraindino be aztertzeko dagoan pieza eta idazkun baten ganean interpretazino politiko ugari egin diralako.
10.- Zeintzuk dira hizkuntzalariek egin beharreko hurrengo pausoak Irulegiko Eskuko testuaz gehiago jakiteko? Pazientzia izan beharko dogu emoitza esanguratsuak lortu arte?
Behin paleografoek hor zer agertzen dan finkatuta, aztergai ugari dagoz, eta horreek denporea eta pazientzia eskatuko dabe; ez dago besterik. Ea gai garen baskoniera deitu dan hori ze hizkuntza eta zelakoa zan zehazteko. Joakin Gorrotxategi maisuak aitatu dauen legez, hemen korapiloa iberieraren eta orduko aitzin-euskerearen arteko firuen artean dago, eta ikusi beharko da zer esaten daben iberistek eta euskalariek datozen hilabete edo urteetan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!