Garabide Alkartearentzat da 2022ko Abadia Saria
2022-12-30 11:12 KultureaMunduko hizkuntza gitxituak sustatzeagaitik egin deutse autortzea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak emoten dau Abadia Saria, euskerearen normalizazinoan ekarpen nabarmena egin daben erakunde edo norbanakoei autortzea egiteko. 2022ko sarituak, Garabide Alkarteak, badau berezitasun bat, izan be, euskerea bera bultzatzeaz gan, bertoko esperientziak nazinoartera eroaten ditu, beste hizkuntza txiki batzuk suspertzen laguntzeko.
Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeroaleak, adierazo dauenez, azken hamarkadetan aurrerapausu handiak egin dira euskerearen bizibarritzean, eta beste komunidade batzuentzat eredu be bada Euskal Herrian egindakoa. Garabidek, hain zuzen be, ondo egin diranak identifikau, esportau eta egokitu dituala dino Mendozak, beste hizkuntza minorizadu batzuentzat lagungarri izan daitekeelakoan.
Prozesuan pilotu dan jakintzea batzen, erakusten eta transmitiduten lan handia egiten dabil Garabide. Lan horrek norabide bi dituala erakutsi dabe, hau da, euskerearen komunidadean badogula erakusteko moduko esperientzia eta, aldi berean, hareek badabela guri zer irakatsi hizkuntzearen inguruko jarreretan eta bizipenetan, adierazo dau Foru Aldundiko bozeroaleak.
Garabide eredu da hizkuntza aberastasuna planetearen onerako dala erakusten eta hizkuntzen bizibarritzea alkartasunaren ikuspegitik lantzen, Mendozaren esanetan. Alkartasunetik abiatuta erakutsi deuskue hizkuntza gitxitu bat bizibarritzea ez dala kapritxoa, eta garrantzi berezia dauela planetearen aniztasunerako.
2022ko Abadia Sarietako epaimahaiak aho batez egin dau Garabideren alde, honako hau nabarmenduta: Kooperazino era barria egiten dauen Gobernuz Kanpoko Erakundea da Garabide eta lankidetzearen alorrean munduko hizkuntza gatxituen bizibarritze prozesuak bultzatzen ditu euskerearen esperientziatik.
Anton Abadia Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu eban 1996an, euskerearen normalizazioaren alde lan egiten daben persona eta alkarteak saritzeko asmoz. Badira euskerearen inguruko beste sari batzuk, baina gehienak beste sektore batzuetan, eta gaian adituak diran personei zuzenduta, esan dau Eider Mendozak. Sari honek leku handiagoa bete nahi dau, euskerearen erabilerea bizibarritu, gizarteratu eta zabaltzen dabenentzako autortzea izateko. Anton Abadia gogoratuz, sariak euskaltzaleen topaleku izatea be bada asmoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!