EGOk eta EHGAk bat egin dabe Sorozabalen 125. urteurrena gogoratzeko

Bizkaie! 2022-12-29 13:46   Musikea

Gernika oratorioa alkarregaz interpretauko dabe lau kontzertutan.

Erakundeetako ordezkariak, EGOren eta EHGAren entsegura egindako bisitan (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gabon sasoia berezia izaten dabil Euskadiko Gazte Orkestrako (EGO) eta Euskal Herriko Gazte Abesbatzako (EHGA) kideentzat, alkarregaz atontzen dabizalako Pablo Sorozabalen omenezko lau kontzertuko birea. 2022an 125 urte bete dira konpositore donostiarraren jaiotzatik, eta, Gernikako Bonbardaketatik be 85 urte pasau diranez, efemeride biak buztartuko ditue, Gernika oratorioa interpretauta.

Egunotan Donostian dagoz EGOko eta EHGAko gazteak erresidentzia artistikoa egiten, Gernika oratorioa eta birako ganerako piezak ondo-ondo preparetako. Eusko Jaurlaritzako ordezkarien bisitea izan dabe egonaldian, Kultura sailburu Bingen Zupiria buru, eta hurrengo egunotako birearen barri emon dabe.

Abenduaren 30ean Tolosako Leidor Aretoan hasiko da birea, eta uriburuetara joko dabe gero: Donostian urtarrilaren 2an; Gasteizen 3an; eta Bilboko Euskalduna Jauregian 4an. Azken saio horrek Euskaldunaren 25. urteurrenagaz bat egingo dau. Rubén Gimenok zuzenduko dau EGO Neguko Biran.

Egitaraua ikusi eta sarrerak erosteko, hemen.

Jon Bagues musikologoaren esanetan, arimea ikutzen dauen obrea da Sorozabalen Gernika oratorioa. Orkestrako musikarien eta abesbatzako kantarien abilidadea buztartuta, omenaldi hunkigarria egingo jako konpositoreari, XX. mendeko euskal musikeari egin eutsan ekarpen aberatsaren autorpen lez.

Ganera, Gernika ez da izango lau kontzertuotan interpretauko daben pieza bakarra. Sibeliusen Finlandia entzun ahal izango dau publikoak, aspaldiko Errusiako Inperioaren aurrean nortasun finlandiarra aldarrikatzeko ereserkia. Saioa biribiltzeko, E. Grieg norvegiarraren Peer Gynt obrako 1. eta 2. suite-ak interpretauko ditue, baita Vaughan Williamsen Toward the unkown region be.

Bira honegaz ospakizun urtea amaituko dau EGOk. 2022 berezi honetan, Musika Hamabostaldian kontzertu bi eskaini ditu eta JOCAN/Kanarietako Gazte Orkestrearen bisita jaso dau. EGOren historiako lehenengo trukea izan da hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu