Bilboko Udalaren 2023ko aurrekontua 663,5 miloe eurokoa da

Bizkaie! 2022-12-28 12:58   Kulturea

Aurreko urtean baino % 4,8 gehiago.

Bilboko Udalaren gaurko osoko bilkura berezian onartu dabe 2023ko Aurrekontua, aurkeztutako erreklamazino guztiak baztertu eta gero. Azken botazinoan, EAJ/PNVk eta PSE-EEk osotutako Gobernu Taldearen aldeko botoak jaso ditu dokumentuak.

Juan Mari Aburto alkateak, saioa amaitzerakoan, zoriondu egin ditu Udalbatzako kide guztiak, uriaren erronkakaz bat datozen kontuak zehazten egindako lanagaitik. Eta eskerrak emon deutsoz Marta Ajuria zinegotziari eta haren taldeari: Aurrekontu ausarta, errealistea eta indartsua da, kutsu sozial eta zerbitzu publikoko izakera nabarmena dauena, Bilbo erakargarri, inklusibo eta jasangarriaren aldekoa, herritar guztientzako eta auzoetarako proiektu garrantzitsuak dakarzana eta sail guztiek izango ditue behar besteko baliabideak, zenbait ekintza abiarazoteko.

Datorren urterako kontuak zehazteko, aintzat hartu dituen lehentasunezko helburuak be aitatu ditu alkateak: Sortu daitekezan erronka edo ziurbakotsunei aurrea hartu nahi izan deutsegu, kudeaketa on baten bitartez: Ez dogu ahaztu behar pandemiaren eraginak markautako aldi batetik gatozela. Bilboren garapen ekonomikoa bultzatzea da asmoa, egoera larrian dagozan persona eta sektorak jagonez eta inor atzean itxi barik eta, horrezaz gan, herritarren eta auzoen bizitza-kalidadea hobetzeko inbertiduten jarraitu nahi dogu.

Era berean, proiektu interesgarriak aurreikusi dira uria hazteko, eguneroko kudeaketan bilbotarren ongizatea bermatzen daben kalidadezko zerbitzu publikoei eusteko eta urira inbersinoak erakarteko. Gauzatuko diran proiektu horreen artean dagoz Auzokide Planaren obrak; enplegu planak; gizarte-larrialdietarako laguntzak; Agirre Lehendakariaren etorbidea barriro urbanizetea; saneamendu-sarea barritzea; kiroldegiak, parkeak eta egoteko guneak barritzea; Frantziako Tourra 2023rako prestakuntza-lanak; Artxandako errepidea pasealeku bihurtzea eta Topagunearen parkea egitea eta AHTa lurperatzeko aukerak aztertzea.

Ekintza horreei gehitu behar jakez herritarrek iradokitako proiektuak, miloe bi euroko inbersinoa jasoko dabenak.

Aurrekontua

- Zerbitzuak eta Bizi Kalidadea: 97.732.000 €

- Mobikortasuna eta Jasangarritasuna: 69.764.700 €

- Obrak, Uri Plangintza eta Proiektu Estrategikoak: 59.014.800 €

- Ogasuna: 52.300.400 €

- Gizarte Ekintza: 45.721.900 €

- Kultura eta Gobernantzea: 39.032.110 €

- Ekonomiaren Garapena, Merkataritzea eta Enplegua: 28.600.000 €

- Gazteria eta Kirola: 18.750.300 €

- Herritarren Arreta eta Partaidetzea eta Nazinoarteko Gaiak: 16.536.700 €

- Obrak eta Zerbitzuak – Barrutiak: 13.210.300 €

- Euskerea eta Hezkuntza: 10.162.500 €

- Herritarren Segurtasuna: 8.742.000 €

- Lankidetza, Bizikidetza eta Jaiak: 6.884.900 €

- Osasuna eta Konsumoa: 3.715.500 €

- Uri Berroneratzea: 3.565.500 €

- Bardintasuna: 1.228.100 €

- Etxebizitza: 670.000 €

1. kapitulua (langile-gastuak): 184 M €

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu