Dedikazino artistikoaren Xabier Sáenz de Gorbea Saria irabazi dau Juan Luis Goenagak

Bizkaie! 2022-12-28 08:14   Kulturea

Prestakuntzaz autodidaktea izanik, Goenaga oso gaztetan hasi zan pintetan eta marrazten bere jaioterrian.

20 urte besterik ez zituala sartu zan Goenaga euskal arte-eszenan. Gaztaroan, Europan zehar ibili zan, prestakuntza autodidaktea bereganatuz eta estilo personala osotuz. Estilo horretan, keinu handiz aplikautako gai piktorikoaren erabilera adierazgarria eta abstrakzinoaren eta figurazinoaren buztarketea sartzen dira. Haren interes tematikoak natureari, landa-munduari eta jatorrizkoari buruzko erreferentziak dira, pinturea, argazkigintzea eta eskultura-objektuak eregitea barrubatzen dituan praktika artistikoan.

Miguel Zugaza Bilboko Arte Eder Museoko zuzendariak, Beatriz Herráez Artiumeko (Gasteiz) zuzendariak, Frantxis López de Landatxe Koldo Mitxelena Kulturuneko (Donostia) zuzendari ohiak eta Sonia Rueda artisteak osotutako epaimahaiaren erispenak honela laburbatzen ditu hautaketearen arrazoiak: Euskal Herriko eta Espainiako arte garaikidearen testuinguruan oso ibilbide berezia egin dauelako. 1970eko hamarkadan hasita, land art izenkoaren barruko praktika artistiko baten bidez, Estadu osoan aurretik ezagutu bakoa, munduaren irudikapenaren alde egindako apustu erradikala, oinarrizkoenetik hasi eta
garaikidetasunera arte, laster eta behin betiko finkatu zan pinturan eta bost hamarkadatik gorako etenbako lanean zehar haren obrearen adierazpide nagusia izan da.

Juan Luis Goenaga (Donostia, 1950)

Prestakuntzaz autodidaktea izanik, Goenaga oso gaztetan hasi zan pintetan eta marrazten bere jaioterrian, lehenengo Julián Ugarte eta José Camps margolariakaz, gero Gipuzkoako Alkarte Artistikoan eta, ondoren, Ur eta Gaur taldeen proposamen artistiko barritzaileakaz lotuta (1965). 1968 eta 1969 bitartean, Madrilera, Parisera eta Erromara joan zan eta Bartzelonan bizi izan zan aldi batez; han, grabatugintzea ikasi eban Liburuaren Arteen Konserbatorioan eta San Jorgeko Arte Eder Eskolan egin zituan ikasketak tarte labur batez. 1970ean Donostiara bueltau zan bere kabuz lan egin eta ikastera.

Alkizan (Gipuzkoa) finkatu zen, hirurogeita hamarreko hamarkadan isolatuta lan egitea ahalbidetu eutson landa-gune batean, inguruko paisajeagaz etenbako kontaktuan. Han, elementu errealen irudikapenak, ibilaldietan topetan zituan bedar, adar edo sustraiak adibidez, ezohiko irudiak eta indar poetiko eta teluriko handikoak sortzeko aukerea emon eutson, besteak beste, Itzalak (1972-1973), Larruak, Hari-matazak (1974) eta Sustraiak (1974-1976) pintura-serieak. Urte horreetan, natureari eta primitibotasunari buruzko erreferentziak haren praktika artistikoaren elementu bereizgarri izan ziran eta hori ez zan pinturan bakarren multzo garrantzitsua egin eban– eta objektu eskultorikoak be eregiten zituan. Obra horreetako batzuk, margolanakaz batera, 1973an erakutsi ziran Durangoko (Bizkaia) Udal Kultur Aretoetan. Hile batzuk lehenago, Goenagaren bakarkako lehen erakusketea egin zan Donostiako San Telmo Museoan.

Aurkezpen horreen ondoren, erakusketa-aldi bizia izan eban: Bakarkakoak Bilbon (Lúzaro, 1974 eta 1977; Arteta, 1977), Donostian (El Pez, 1974 eta 1979; Galería B, 1976), Gasteizen (Eder Arte, 1976) edo Madrilen (Iolas-Velasco, 1976). 1978an, Biboko Arte Eder Museoak haren lanaren erakusketa garrantzitsua hartu eban. Urtebete lehenago, museoak obra bat erosi eutson artisteari lehenengo aldiz: Sustraiak (Inb. zenb.: 82/268). Pieza horri, geroago, beste batzuk gehitu jakozan, erosketa bidez –Izenbururik gabea (1976, inb. zenb.: 15/2)– zein dohaintza bidez –margolan bi: Izenbururik gabea (1975, inb. zenb.: 7/392) eta Izenbururik gabea (c. 1975, inb. zenb.: 09/8); baita marrazki bat eta argazki-lan bi be, Lúzaro galeriakoak (Inb. zenb.: 20/277, 20/312 eta 20/313)–, urte horreetan Goenagak egindako lanaren oinarrizko beste adibideak. 2022an haren ordezkapena handitu egin da museoan 1971-1973ko berrogeita hemeretzi argazkiz osotutako argazki-album bat eskuratu baita (Inb. zenb.: 22/264).

Laurogeiko hamarkadearen hasieran, Goenaga Alemaniara joan eta Alemaniako neoespresionismoaren eragina jaso eban, aurreko obran jada baegoana sakonean (Antropomorfoak eta Androginoak serieak), baita Italiako transabangoardiaren eragina be.

Miesari materia piktorikoa apliketan hasi jakon, lodia eta oso enpastautakoa, keinu biziz. Sasoi haretan, giza irudia be berreskuratu eta obra figuratiboa egin eban personaiakaz eta uriko lekuakaz. 1980an Donostiara jo eban denpora batez, baina hiru urte geroago Alkizara bueltau zan. Haren lanak autortza publiko garrantzitsuak jaso zituan orduan, besteak beste, Zumetagaz ex aequo irabazitako lehen saria Donostiako Pinturearen I. Biurtekoan, 1985ean, eta Eusko Jaurlaritzeak atondutako Gure Artea lehiaketako lehen pintura saria, 1987an. Gainera, bakarkako erakusketa garrantzitsuak egin zituan Madrilen (1986 eta 1989), New Yorken (1987) eta Parisen (1985 eta 1988); azken uri horretan denporaldi luzeak egin zituan 1990era arte. Arkeolojiak seriean (1991), irudi atabiko eta mitologikoetara eta natura eta magikoa dana barrikusten zituan obra batera bueltau zan. Bide horrek mende aldaketearen ondorengo urteetan iraun eban eta pinturen bidez garatu zan, baina baita papel gaineko lan nabarmenen bidez be. Pieza horreetako batzuk Tolosako (Gipuzkoa) Aranburu Jauregiak 1999an eskaini eutson atzera begirako erakusketan ikusi ziran lehen aldiz. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak, lau urte lehenago, haren lanen lehen antologikoa atondu eban, 1969tik 1995era bitartekoa, Edorta Kortadi komisario ebala eta katalogo bategaz batera. Katalogo horretan, Juan Manuel Boneten, Mª José Aranzastiren, Maya Aguirianoren eta Xabier Sáenz de Gorbearen testuak argitaratu ziran (En contacto con la intensidad y la insistencia telúrica). Deia egunkariaren orrialdeetan, azken horrek zenbait testu garrantzitsu eskaini eutsozan pintoreari 1982an (Juan Luis Goenaga, la pasión por pintar, martiak 3), 1990ean (Últimas pinturas de Goenaga, martiak 25) eta 1995ean (Retrospectiva de Juan Luis Goenaga, abenduak 24). Sáenz de Gorbeak Goenagaren lanaren aurrean eban interesari 2008ko beste testu bat gehitu beharko litxakio (De lo profundo, urriak 12), artisteak Bilboko Epelde eta Mardaras galerian egindako bakarkako erakusketearen harira idatzia. Donostiakoaren ondoren, oraintsuago, haren ibilbidearen ezinbesteko beste barrikuspen batzuk egin dira, besteak beste, Gasteizko Vital Fundazinoan (2017) eta Donostiako Kubo Kutxa Aretoan (2020). Azken horretaz Mikel Lertxundi Galiana historialaria arduratu da, Juan Luis Goenagaren lanari buruzko azken ikerketearen egilea (Donostia, Nerea, 2018), hain zuzen be.

Dedikazio artistikoaren Xabier Sáenz de Gorbea Saria (Getxo, Bizkaia, 1951 – Bilbo, 2015) historialari, kritikari eta ikertzailearen figurea iraunarazoteko eta harek artearen munduari egindako ekarpenak betikotzeko, haren lankide Sonia Ruedak eta Bilboko Arte Eder Museoak lehiaketa baterako deialdia egin eben 2020an. Lehiaketa horrek, urte birik behin, haren izeneko saria emongo dau eta haren helburua da autortzea arte bisualen edozein arlotan (sorkuntzea, azterketea eta ikerketea, promozinoazen sustapena) izandako dedikazinoa. 10.000 € gordin ditu sariak, Xabier Sáenz de Gorbearen ondaretik datozenak eta Euskal Autonomia Erkidegoan arte bisualak jorratzeko ekarpen frogatua eta erabagigarria egin daben persona fisiko edo juridiko guztiak proponidu daitekez sarituak izateko. Lehenengo edizinoan, 2020-2022koan, Marta Cárdenas margolariak (Donostia, 1944) irabazi eban saria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu