'Eleuterio Goikoetxea eta Eleuterioren txabola (Gorbeia). 1922-2022' idatzi dau Jon Urutxurtuk

Bizkaie! 2022-12-26 13:05   Kulturea

Liburuaren aurkezpena abenduaren 30ean izango da Zeanurin.

Garagarrilaren 9an, Eleuterioren txaboleak 100 urte betetzen zituala-eta, mendeurren-ospakizuna atondu eban Zeanuriko Udalak Igiriñaon (Gorbeia); bertan, Eleuterio Goikoetxea eta bere ekimen aitzindaria gogoratu eta jatorrizko mendiko aterpe-ostatuaren hormetako batean plaka oroigarria inaugurau eben. Orain, abenduaren 30ean, arrastiko 18:30ean, Eleuterio Goikoetxea eta Eleuterioren txabola. 1922-2022 izenburuko liburua aurkeztuko dau Jon Urutxurtuk Zeanuriko Arkotxa eraikinean. Liburua euskeraz eta gaztelaniaz idatzita dago eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker argitaratu da.

Egilearen arabera, ikerketa-lan hau idazteko arrazoi bat baino gehiago izan zituan: Alde batetik, Eleuterioren txaboleak 100 urte beteteak; bestetik, sasoi haretarako ekimena aitzindaria zala; eta azkenik, geu be jaubetu gaitezen gaur egun barritzailetzat daukaguzan ekimen batzuk, orain dala 100 urte gure herrikideak egiten zituela. Izan be, Eleuterio Goikoetxearena ekinbidea aitzindaria izan zan, Euskal Herriko lehen mendiko aterpe- ostatua eregi eta zabaldu eban eta.

100 bat orrialde ditu liburuak eta testuez gan, 65 bat erretratu, mapak, planoak, marrazkiak eta bestelakoak.

Egiturari jagokonez, Eleuterio Goikoetxea jaio, hazi eta bizi zan inguruari eta bere biografiari buruzko zehetasunak emonez hasten da; jarraian, Eleuterioren txabolea sortzen dan testuingurua aztertzen da, mendiko aterpe-ostatua Gorbeian eregitera zerk bultzatu eban zehaztuz; ondoren, eregiteko prozesua eta 1923an eta 1927an egin zituan handitzeko lanak aitatzen dira. Azken partean mendiko aterpe-ostatuaren salmenteari eta jaube barriei buruzko zehetasunak emoten dira eta mendeurrenaren ospakizunei buruzko informazinoagaz amaitzen da liburua: Hasieran lan labur bat izango zala pentsau neabn neban, baina han eta hemen, artxiboetan arakatuz eta alkarrizketen bidez eskuratutako informazinoagaz, ikerketa lana potolotu egin da  eta osotzeko eta amaitzeko uste neban baino denpora gehiago behar izan dot, dio egileak. Eleuterio mendiko turismoaren aitzindaritzat jo daiteke, 1922an Igiriñaon (Gorbeia) Euskal Herriko lehen mendiko aterpe-ostatua zabaldu eban eta. Iniziatibeak izan eban harrera ona ikusiz, lehenengo 1923an eta gero 1927an barriztau eta handitu egin eban. Eregiteko zein 1923ko handitzerako Aldundiaren dirulaguntzak hartu zituan.

Mendiko aterpe-ostatutik hur ermita txiki bat be eregi eban —gaur egun be han dago—, Edurretako Amaren ermitea, udan domeketan eta jai egunetan artzainek eta bisitariek mezea entzuteko aukerea izan eien. Egileak ondokoa azpimarratu dau: Eleuteriok negozio pribatu moduan eregi eta zabaldu eban Igiriñaoko aterpe-ostatua, baina momentu guztietan bere herriko ekonomia dibersifiketako aukeratzat hartu eban mendiko turismoa eta Zeanuriko udal agintariei eskatu eutsen Gorbeiara sartzeko azpiegiturak hobetzen ahalegintzea eta mendiko alkarteekaz eta Euskal Mendizale Federazinoagaz alkarlanean ibiltea.

Gerra zibilean mendiko aterpe-ostatuak kalteak izan zituan eta Eleuterio bera, lehenengo kartzelaratua izan zan eta gero deserriratua eta aterpe-ostatuaz emaztea, Gillerma Uriarte eta seme-alabak arduratu behar izan ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu