2022. urtea laburbatzeko 27 berba hautatu ditu UZEI-k

Bizkaie! 2022-12-23 09:49   Euskerea berbagai

Zerrendea konsultau hemen.

Urteko berbagai nagusiak izan diran Ukrainako inbasinoak eta haren ondoriozko inflazinoak arrasto nabarmena itxi dabe hedabideetan eta sare sozialetan aurten. Adibidez, gorabehera ekonomikoei buruzko albisteetan, berba batzuk protagonismo handiagoa izan dabe hedabideetan (deflatatu aditzak, kasu baterako). Kontzeptu batzuk izentetako beste esamolde batzuk be erabili dira, esaterako, murrizflazio (murriztu eta inflazio berbak buztartuz sortua, ingelesa eredu hartuta).

Bestelako gaiek be ekarri deuskuez bestelako esamoldea: Adibidez, urte-hasieran nazinoarteko komunikabideetan be oihartzuna izan eban makroetxaldeen auziak, emakumeen kontrako sexu-erasoak egiteko erabilitako ziztaden bidezko sumisino kimikoa edo ‘indarkeriarik bako estadu kolpea’ izentetan dauen golpe bigun esamoldea.

Berba barriak sortu bakarrik ez, beste batzuk erabilteari be ixten deutse hiztunek. Horixe jazo da aurten bertsolaritzan. Orain arte, txapelketetan bertsolariek kartzelako lanak egiten zituen, baina hemendik aurrera ganbarako lanak izango dira bakarkako saio horreek.

Hurrenkera kronologikoan

27 berbaz osotutako zerrendea uzei.eus helbidean konsultau daiteke. Urtean zehar dokumentautako hurrenkera berean atondu dira berbak, bestela esanda, jazoeren hurrenkera kronologikoari eutsiz zerrendatu dira.

Hautaketarako erispideak

Eguneroko lexikoak urtebetean egiten dauen bilakaerearen adierazle izan daitekeen arren, zerrenda honek ez dau zorrotza edo zehatza izateko asmorik.

UZEI-k egunez egun arakatzen dau hedabideetako erabilerea eta hizkuntzearen prozesamendu automatikorako eta beste lan batzuetarako batzen dituan berba eta termino guztien artetik, berba multzo bat hautatzen dau, urtearen errepasoa egin eta, bide batez, euskerearen erabarritze-gaitasuna azpimarratzeko.

Jakina, aurten ibilbide handia izan daben berba guztiak ez dira zerrenda honetan jaso. Esate baterako, Madrilgo Kongresuan eta Eskoziako Parlamentuan onetsi barri diran trans legeen harira, genero-autodeterminazinoa sarri izan da berbagai aurten, baina igaz esamolde horrek izan eban erabilereagaitik 2021eko berbe zerrendan sartu zanez, aurtengo hautaketatik kanpo itxi da.

Sorioneku, urteko berbea

Zerrenda horrezaz gan, Euskaltzaindiak eta UZEI-k 2022ko berbea hautatu barri dabe: sorioneku-zorioneko. Horretarako, Irulegiko eskuaren harira berba horrek izan dauen erabilerea hartu dabe aintzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu