Sorkuntzea, eskaintza artistikoa eta digitalizazinoa dira legealdi amaierako erronkak
2022-12-22 08:25 KultureaJaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak balantzea egin dau.
Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin dau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak, Kultura sailburuorde Andoni Iturbek lagunduta, legegintzaldiak orain arte kulturearen alorrean emon dauena jorratu eta hurrengo hileetako erronkak zehazteko.
Legegintzaldia hasi zanetik orain arte, Covid-19aren pandemiak goitik behera baldintzatu dau kulturearen sektorea EAEn, baina, Zupiriak azaldu dauenez, Kultura Sailak ahalegin berezia egin dau, babes ekonomikoari eutsi eta egitasmo bereziak martxan ipinita.
Ez-ohiko neurri sorta bat jarri genduan lehen unetik bertatik, sektoreagaz komunikazino eta koordinazino guneak indartu genduzan, gogoratu dau sailburuak. Sektoreko profesional, autonomo, enpresa eta alkarteei laguntzeko 6,3 miloe euro erabili zituen eta egoera barriro egokitzeko beste 540.000 euro banatu. Beste Bat! eta Beste Bat Berritzen! programen bidez zuzeneko arteak bultzatu dituela be aitatu dau.
Pandemiaren eragina ez dala guztiz desagertu dino Bingen Zupiriak. Kaleko arteek susperraldia izan dabe udan, baina areto barruko arte eszenikoak 2019ko datuetara heldu ezinda dagoz. Zinema-aretoetara be gero eta ikusle gitxiago joaten dira. Hortaz, publikoa erakarteko programa bereziei eutsiko deutse Kultura Sailak.
Legealdia amaitu bitartean kulturearen alorrean izango diran erronka eta lehentasunak be zehaztu ditu Zupiria sailburuak. Lau ardatz nagusi dira: sorkuntzea, eskaintzea, ondarea eta digitalizazinoa.
Sorkuntzea eta produkzinoa bultzatzeko asmoz, Jaurlaritzea lanean dago euskal sortzaileentzat marko fiskal aproposa martxan jarteko, ogasun eta foru aldundiakaz alkarlanean. Sektore guztietara heltzen diran laguntzino-deialdi eta laguntzino izendunak be funtsezkoak dirala dino Zupiriak, ia 400 proiektu diralako onuradun. Etxepare Institutuaren jardunari jagokonez, 2023an Flandria eta Japoniagaz loturea estutuko dauela aurreratu dau sailburuak.
Eskaintzea sustatzeko erronkearen barruan, azoka eta jaialdiak ezinbestekoak izango dira, baita museoen ahalegina be. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren asmoa da Euskal Artearen Sistemea sustatzea. Irakurzaletasuna bultzatzeko, Irakurketa Publikoaren Sarea eta eLiburutegia erabiliko ditu Jaurlaritzeak.
Ondarea jagon eta zabaltzeari jagokonez, aurten erabilitako 15 miloe euroak aitatu ditu Zupiriak. Ganera, Cristobal Balenciagaren marrazki, zirriborro eta bestelakoak eskuratuko ditu Eusko Jaurlaritzeak laster, Getariako Balenciaga Museora eroateko. Erosketa honek sendotu eta indartu egingo dau Museoak Getariako sortzailearen inguruan ezagutzea eta ikerketea garatzeko dauen erreferentzialtasuna eta nazinoarteko proiekzioa, dino sailburuak.
Azkenik, digitalizazinoan sakontzen segiduko dabe, kulturearen alor guztietan beharrezko aldaketea dan ezkero. Museoen eta liburutegien barrikuntza teknologikoak, Euskariana euskal kulturearen atari digitala, Euskadiko museoen katalogo kolektiboa eta eLiburutegia aitatu ditu Zupiriak lehentasunen artean.
Kultura eta Hizkuntza Politika sailak dituan lau erronka nagusiez gan, zehar lerro bi be badagozalaa azaldu dau Zupiriak: emakume eta gizonen bardintasuna eta euskerea. Konpromiso bi horreek gure jardun guztiak zeharkatzen ditue, kulturan eta kulturatik be alor bioi ekarpena egiten ahalegintzen gara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!