Ibai Aizpurua: 'Gustauko litxakit euskerea gero eta gehiago entzutea bideo-jokoetan'
2022-12-26 07:55 BarriketanIbai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarrak irabazi eban igaz Durangoko Azokako laugarren bekea eta 15.000 euroko diru-laguntzinoari esker (Durangoko Udala) Barraka abentura bideo-jokoa erakutsi dau aurten. Urtebeteko tartea izan dau proiektua gauzatzeko eta daborduko plazan dago irudi errealak, stop-motiona eta animazino tradizionala buztartzen dituan bideojokoa, igazko gaia izan zan sorkuntza digitalagaz bat eginik.
Ibai Aizpurua bera izan da diseinua, irudiak, animazinoak, soinuak eta programazinoak sortzeko arduraduna. Musikarako, ostera, Gonzalo Sardón Amenaza-ren laguntzea izan dau.
Aurtengoa Durangoko Azokako Sormen Bekearen laugarren edizinoa izan da. Orain arteko irabazleak honakoak izan dira: AtopiaRPG euskerazko lehenengo rol jokoa, Kai Nakai reggatoi abeslaria eta Bañolet websaila.
Gerediagakoko presidente Nerea Mujikak gogoratu dauenez, bekearen asmoa sortzaile barriei euren ibilbide profesionala jorratu deien laguntzea da eta Durangoko Udalaren konpromisoa eskertu nahi izan dau.
1.- Urtebeteko tartean sortu dozu Barraka bideojokoa. Zer da Barraka?
Ordenagailurako zen eskuko telefonorako egindako bideo-joko txikia da eta bertan topauko dogu Ainhoa izeneko neska gazte bat, sartu behar ez dan lekuan sartzen dana, barraka batean, hain zuzen be eta gura barik sorgin bat askatzen dau. Denpora luzean preso egon ondoren sorgin horrek barrakak edota herri osoa sorgintzea erabagiten dau eta helburua izango da sorgina geldiarazotea.
Ume zein nagusientzako bideo-jokoa da, familia osoarentzako esango neuke.
2.- Irudi errealak, stop-motiona eta animazino tradizionala buztartu dozuz eta plastilinea be erabili behar izan dozu. Prozesuan gozau egin dozu ala burukominak be izan dozuz?
Proiektua aurkeztu nebanean, dudak nituan bideo-jokoaren estiloa zehazteko, dimensino bitan egitea zan lehenengo aukerea plastilinea irudi errealakaz nahastea eta hartu neban bidea izan zan gehientsuena plastilinaz egitea. Nire prozesua izaten da personaia eta ganerako elementuen bozeto edo zirriborro txikiak egitea, arkatza edo lapiza erabilita; hurrengo pausua kolore frogak egitea izaten da eta lehenengo bozetoak egin ostean, bozeto landuagoak egitea gustetan jat eta hortik aurrera plastilinaz irudikatzen ditut. Gustora geratzen nazenean, erretratuak egiten ditut, iluminazinoa, argi-ilunak kontrolau eta animau be egiten ditut stop-motiona erabiliz. Horreek danak egin ondoren, ordenagailuan sartu, bizia emoten deutset eta azkenean bideo-jokoan txertatzen ditut, programazinoa, diseinua eta aprobak egin ostean. Prozesua polita da baina aprobak eta aldaketak txitean-pitean egitea oinarrizkoa da eta gorabeheren artean, programazinoa eta jokuaren diseinua nabarmenduko neukez; joko independenteetan lantalde txikiak parte hartzen dau: Pare bat programatzaile, grafikoak egiten beste lagun bi, musikeaz arduratzen diranak eta bestelakoak; Barraka bideo-jokoan nik neuk egin dot prozesuaren % 90 eta zailtasunik handiena izan da erabagi nebala aldi berean ataratea ordenagailurako eta eskuko telefonorako. Gainera normalean, bideo-joko bat persona batek egitea ez da arruntena, taldelana izaten da eta bideo-joko komertzial handietan ehundaka persona ibiltea da normalena.
3.- Musikearen ardurea Gonzalo Sardónena izan da. Ze ekarpen egin deutso bideo-jokoari?
Ekarpena sekulakoa izan da. Musikeagaz olgetea sano esperientzia ederra da, barraka giroan, leku bakotxak bere aparteko soinua dauka eta hori bardintzerik ez dago; grafikoez gan, batzuetan zeozer falta dala igarten dozu eta hori musikeak eskaintzen deutsu; musika barik ibiltea eperientzia pobreagoa da.
Musikeari jagokonez, suberte handia izan dot nire lankide eta lagun Gonzalo Sardonek egin deustalako musikea; beste lagun eta inguruko jentearen laguntzea be izan dot eta oso pozik nago.
Neuk be egin dodaz saiakera batzuk baina bakotxak bereari eustea da onena.
4.- Interneten % 8 bideo-jokoak dira eta horreetan euskerearen presentzia anekdotikoa da epaimahaiko Lorea Arakistainek nabarmendu dauenez. Barraka bideo-jokoa euskeraz izatea baliogarria izango ete da?
Gustauko litxakit euskerea gero eta gehiago entzutea bideo-jokoetan baina gitxi entzuten da eta bat nator Arakistainek esandakoagaz; bideo-jokoetan anekdotikoa da euskerearen presentzia baina azken urteotan gero eta gehiago entzuten dala uste dot. Bolondresak be badabiz itzulpenak egiten, Game Erauntsia izeneko komunidadea be hor dago eta pausurik pausu bagabiz; baina onartzen dot asko dagoala egiteko eta euskerea bideo-jokoetan sartzeko.
Barraka euskera hutsean dago ordenagailuetan erabilteko prest Zomorrostudioren webgunean baina laster Androidentzako be erabilgarri egotea espero dot, horretan nabil.
5.- Stop Motion eta 2D animation maisua, ilustratzailea eta bideo-jokoen egilea zara. Besterik nabarmenduko zeunke?
Azken urteotan animationeko irakaslea izan naz, stop-motionean be makinatxu bat lantegi eskaini dodaz eta bideo-jokoak sortzen eta laguntzen be ibili naz. Lan da lan nabil, prototipo pare bat be hor ditut, felpazko bideo-jokoa be egin neban igaz eta jaubetu naz bideo-jokoetan ez dala oso ohikoa irudi errealak edo plastilinazkoak egitea eta bi dimensinotan, piselak gogoan hartuta eta holan ibili naz eta hiru dimensinotakoak be ez dodaz baztertzen.
6.- Esketxers marraztea gogoko dauen jentearen artean sortutako blog kolektibo edegia da. Nortzuk zabizie blogean?
[Barreka] Ilusino handia egin deust galdera honek, izan be, aspaldiko kontua da. Neuk sortutako blog kolektiboa zan, astero gai bat jarri eta horrezaz edozer marrazteko aukerea geunkan; marrazkiak egin ondoren niri bialdu eta Facebook zein blog batera igoten nituan.
Ardurak txandaka bideratzea zan asmoa baina azkenean neu nenbilen gehiena bideratzen. Gustora genbizan, parte-hartzaile pilo bat ginan eta bolada polita bizi izan genduan.
7.- Barraka bideo-jokoaren ondoren, zeintzuk izango dira zure erronkak?
Barraka horri buelta batzuk emongo deutsadaz eta laster eduki gehiago sartuko dodaz; hizkuntza gehiago be sartu gura neukez, hizkuntza minorizatuak sartzeko asmoa daukat eta gustauko litxakit ios-en sartzea iphone eskuko telefonoetarako erabailgarri egon daiten eta, batez be, Steam plataforman be sartu gura dot. Horrezaz gan, bideo-joko sorkuntzan segidutea da nire asmoa, beste gauza batzuekaz buztartzea eta, aurreratuko deutsut proiektu zahar bat Guillotine izenekoa hor dodala buruan bueltaka eta horri eustea gura neuke, pixel artean, fantasia iluna, Euskal Herrian girotua.
8.- Durangoko Azokako bekearena zelan baloretan dozu?
Ekimen interesgarria da eta txalotu gura dot Gerediaga, Durangoko Azoka eta Durangoko Udalak atondutako jarduera hau, sortzaileoi bidea edegi eta urtero gaia aldatuta arlo askotara heltzen dalako. Urte askoan jarraitzea espero dot.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!