'Amour' BBK Aretoaren urteko programazinoa zarratzeko
2022-12-21 10:24 KultureaAbenduaren 28, 29 eta 30ean Amour antzezlanaren hiru emonkizun izango dira.
Bilboko Marie de Jongh konpainiaren berbarik bako antzezlan ospetsu hau urira bueltauko da, orain dala 7 urte estreinau enenetik lehen aldiz.
Amour antzezlanak Feten 2016 saria (Ikuskizunik onena) eta Max 2017 saria (Ume edo Familientzako ikuskizunik onena) jaso zituan; gainera, 2018an, Arte Eszenikoen Sari Nazionala eskuratu eban Marie de Jonghek
Bilbon arte eszenikoak programetan dituan espazio nagusien artean finkatu da BBK Aretoa 2022an, izan be, aurten, 19 ikuskizunen 30 emonkizun hartu ditu . Gabon-jaietarako aproposa dan familia-antzezlan baten hiru emonkizun proponidu ditu urtea amaitzeko (abenduaren 28, 29 eta 30ean). Bilboko Marie de Jongh konpainiaren sorkuntzea da Amour. 2015eko abenduan estreinau eben, Arriaga Antzokian, eta lehen aldiz bueltauko da urira. Ordutik, bira oso luzea egin dabe hainbat herrialdetan zehar eta upealako ikuskizuna izan da, herritarren erantzun bikaina izan dauena.
Ikastetxeetan oporrak dituen aldi honetan txikiek eta helduek alkarregaz gozetako plana familiei eskaintzea" da BBK Aretoaren asmoa, izan be, Amour ez da umeentzako antzezlana, formatu handiko ikuskizuna da eta edozein ikuslerentzako aproposa da (7 urtetik aurrera gomendatzen da). Sorkuntza-konpainiak dinoen moduan: “Helduei zuzendutako umeen antzerkia eta umeei zuzendutako helduen antzerkia.
Jokin Oregik idatzi eta zuzendutako antzezlana da Amour; Marie de Jongh konpainiako aktorea dan Ana Meabegaz batera sortu eban. Ezbardinen artean topo egiteko eta aurreretxiak baztertzeko konbita egiten deusku. Alkar maitatzearen eta alkarregaz hasarretzearen gaineko obrea da eta, denporearen joanak sentimendu bi horreetan dauen eraginaz. Ikuskizuna bisuala eta poetikoa da. Berbarik barik kontetan danez, mezua unibersal bilakatzen da eta emozinoetara heltzen da. Istorioa, batez be, Elisa Sanzen zuzendaritza artistikoan, eszenografian eta jantzitegian oinarritzen da, baita Javier Tiradoren maskara deigarrietan eta Pascal Gaigneren musikan be. Oregi eta Meabez gan, Anduriña Zurutuzak, Ana Martínezek eta Javi Renobalesek osotzen dabe antzezleen zerrendea. Zazpi urteko etenik bako biran zehar, Amour antzezlanaren 220 emonkizun egin ditue, bai Estaduan, bai munduan zehar (Portugal, Frantzia, Kolonbia) be. Gainera, saririk ospetsuenak jaso ditu: 2015ean, Euskal Produkzino Onenaren Ercilla Saria; gero, 2016an, Ikuskizunik Onenaren Feten Saria (Umeentzako arte eszenikoen Europako Azokea, Gijón); eta, azkenik, 2017an Estaduko umeentzako edo Familientzako Ikuskizunik Onenaren Max Saria emon eutsen.
Gainera, Kultura eta Kirol Ministerioak Umeentzako eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Sari Nazionala emon eutson Marie de Jonghi 2018an (jaio zanetik hamar urte baino pasau ez ziranean). Haren muntaien kalidade estetikoa nabarmendu eban epaimahaiak, edertasun eta emozino handia isurtzen ditualako. Konpainiaren nortasunaren ezaugarria keinuen bidezko antzerkia da, berbarik bakoa. 15 urte baino gitxiagoan, 8 ikuskizun hunkigarri eregi ditue, txikiek, helduek zein kritikariek txalotuak. Hain zuten be, beste hainbat sari be jaso izan ditue aitatutako Feten azokan, umeentzako, gazteentzako eta familientzako arte eszenikoen Europako topaketa nagusian. Gainera, Marie de Jonghek jorratzen dituan gai sakonek (animalien kontrako tratu txarrak, edadekoak baztertzea, maitasun homosexuala...) ziurtatzen dabe haren konpromiso soziala. Holan, familiek emozinoak zein hausnarketak alkarregaz konpartidu ahal izatea sustatzen dau. Amour antzezlanaren kasuan, aniztasunaren defensa amorratua egiten dabe.
Bilboko konpainia familia-antzezlanetara hurreratzen da eta hori ezin hobeto dator bat BBK Aretoaren arte eszenikoen programazinoaren oinarrian dagozan printzipioakaz, izan be, nortasun propioa dau BBK Aretoak: Sorkuntza garaikideen eta gizarteko gai garrantzitsuakaz konprometiduta dagozan sorkuntzen alde egiten dau, jakina, kalidadea eta balio artistikoa alde batera itxi barik. 2022an, erispide horreek beteten dituen hogei bat ikuskizun izan ditue kartelean, eta aretoaren beraren produzkino barriaren estreinaldiagaz emongo deutse hasierea 2023ari. Hirugarren aldia da. Izan be, orain hiru urte, arte eszenikoen erakusleku izateaz gan, tokiko talentua babesten eta sustatzen dauen sorkuntza-zentroa be izatea erabagi eban. Yerma (2021) antzezlana eta Borderland (2022) operea bultzatu ondoren, 2023ko urtarrilaren 14 eta 15ean Yarin estreinauko dau. Sevillako Flamenkoko Bienalagaz batera produzidu dau jantza-pieza hori. Bertan, Jon Maya (Kukai Dantza) eta Andrés Marín (Jantzako Sari Nazionala 2022) jantzariek euren talentua batu dabe, euskal jantzen eta flamenkoaren arteko alkarrizketa baten bidez.
Sarrerei jagokenez, 6 €-koa (5 €, Kutxabank txartelagaz erosi ezkero).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!